Modu batean edo bestean, gizaki guztiek dute fenomeno meteorologikoekiko interesa, eguneroko jardun askotan zerutik datorrenak eragin nabarmena duelako. Baina, bereziki, nekazariek izaten dute ardura fenomeno meteorologikoekiko, horien arabera hilabete edo urteetako lana berehala zapuztu daitekeelako. Gaur egun, gurean, nekazariek produktu fitosanitarioak, makineria, ureztatze artifizialak edota ongarriak dituzte eskura. Munduko beste hainbat tokitan, berriz, teilatupeko teknika hidroponikoek, prezisio nekazaritzak edota labore transgenikoek gero eta garrantzi handiagoa dute. Horiek iritsi eta normalizatu bitartean, funtsean, Erdi Aroan erabiltzen zen teknikari eusten zaio gehienetan: lurralde zabal baten laborantza egin, hori zaindu eta Jaun Goikoak emango duenaren zain geratu.
Arazoa da Jaun Goikoak gutxitan ematen dituela gauzak denen gustura, eta, gainera, klima aldaketak gero eta pisu gehiago izango duela zerutik etorritako dohain horietan.
Meteorologiak duen berebiziko garrantziaz jakitun, Tokikom taldeko hedabideok azken bi hamarkadetako datu meteorologikoetan arakatu dugu egoera zertan den eta etorkizunak zer ekarri dezakeen argitu nahian. Arabaren kasuan, Arabako Errioxako ardogintzan jarri nahi izan dugu arreta. Guardia parean dagoen Paganos herriko estazio meteorologikoa hartu dugu erreferentzia nagusitzat.
Estazio horretan, 2011-2023 urte bitartekoa da hutsunerik gabeko datuen seriea. Datu horien argitara, eta aurtengoa oraindik ere itxi gabe dagoela aintzat izanda, 2022a izan da zalantza barik errekor gehien apurtu dituen urtea. Serie osoan, batez besteko tenperatura maximoa inoizko handiena izan da: uztaila eta abuztuan, 31,2ºC-koa. Goiko maximo absolutuei begira, 2022ko uztailean 39,9 gradura iritsi zen, 2012ko abuztuan izandako 39,1 graduak gaindituta. Modu berean, izugarri lehorra izan zen: uztail horretan, bi egunez baino ez zuen euria egin, eta horietatik batean prezipitazioa ez zuen milimetro batekoa baino gehiagokoa izan.
AURTENGO ABUZTUAREN 24AN NEURTU ZEN SERIE OSOKO TENPERATURA ALTUENA: 41ºC
Aurten, berriz, martxoan eta apirilean izandako batez besteko tenperaturak oso altuak izan dira, 2011-2021 hamarkadako batez bestekoekiko, eta uda iazkoa bezain muturrekoa izan ez bada ere, hamarkadakoaren gainetik dago. Are, eta eguneko tenperatura maximoei erreparatuta, aurtengo abuztuaren 24an serie osoko tenperaturarik handiena erregistratu da Paganosen: 41,0ºC. Muturrekoei adi
Halako fenomenoen jarraipena arreta handiz egiten dute Arabako Foru Aldundiko Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzutik. Bertako buru Jaime Ibañez de Elejalderen hitzetan, "muturreko gertakarien gorakada da" azken urte hauetako datu meteorologikoetan gehien nabarmendu daitekeena. Datuetan horiek ondorioztatzea zaila bada ere, ekaitz handiek, izozteek edota txingorrak kalte nabarmenak eragin ahal dituzte laboreetan.
Kezkatzeko moduko beste ezaugarri bat da "azken bizpahiru urteetan lehorte garrantzitsua" gertatzen ari dela eskualdean. Horiek datuetan atzematea errazagoa da, 2022an pilatutako prezipitazioek azken hamarkadaren batez bestekoekin alde nabarmena adierazten dutelako. Hilabete askotan erdia edo heren bat baino ez da erori zerutik.
Zorionez, iazko lehorteak ez zuen eragin nabarmena izan ekoizpenean, batez ere azken orduko aldaketa batek gauzak erraztu zituelako. "Uste zen oso ekoizpen txikia egongo zela, urte beroa eta uda oso lehorra izan zirelako. Bero olatuak izan ziren, baita gauez ere", ekarri du gogora Ibañez de Elejaldek. "Baina abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran euriak etorri ziren, eta horrek egoera bideratu zuen hein handi batean. Gainera, idortasun horrek alde positibo bat izan zuen: uztail eta abuztu nahiko idorrak izanda, ez zen aparteko izurriterik zabaldu. Jakina denez, beroarekin batera, onddoek hezetasuna behar dute, eta iaz ez zuten horrelakorik topatu".
Aurten ere, behin mahats bilketa bukatuta, ez dirudi kanpaina batere txarra izango denik. "Aurten batez besteko tenperaturekiko ere nahiko urte beroa izaten ari da, baina ez da 2022ko muturrera iritsi", azaldu du teknikariak. "Mahatsa hobeto garatu da. Irailaren hasieran ere euriak etorri dira, eta horrek bilketa atzeratu behar izatea ekarri du. Zorionez, euriko egun gutxi izan ziren, une horretan gehiegizko hezetasunak botritis gaitza ekar dezakeelako, mahatsak ustelduz".
Naturaren zikloak
Ibañez de Elejalderen hitzetatik argi ondorioztatzen da nekazaritzaren zikloak konplexutasun asko dituela, eta, horregatik, ondorioak ez dira beti linealak. Adituak nabarmendu duenez, funtsezkoa da mahastiaren zikloa eta urtaroena bat etortzea, baina hori ez da beti gertatzen ehuneko ehunean. "Urte osoko zikloa da mahastiarena, eta garai bakoitzeko baldintza idealak daude". Noizean behin gertatzen dira halako urteak: neguan hotz egitea eta euriak izatea, akuiferoak betetzea, behin mahatsondoan kimuak agertu direla izozterik ez egotea edota uda oso beroa ez izatea. "Baina normalean zerbaitek huts egiten du, eta horrek eragiten du ekoizpena balore normaletan mantentzea", erantsi du.
"IZOZTEA HILABETE BAT LEHENAGO GERTATU IZAN BALITZ, EZ ZUEN ARAZORIK SORTUKO". JAIME IBAÑEZ DE ELEJALDE
Halako urte eredugarria izan zen 2016a. Urte horretan dena txukun-txukun joan zen, eta, ondorioz, azken urteotako ekoizpen handiena atera zen. Baina, oraingoan, meteorologiak emandako abaguneari ezin izan zitzaion merezitako probetxua atera, eta ondorioak guztiz bestelakoak izan ziren: ekoizleen harridurarako, Errioxako Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak agindu zuen ekoizpenaren zati garrantzitsu bat bota behar zela, egoera ezin hobean zeuden milioika mahats galzorian utzita. 2017an, berriz, meteorologiak hondamendia ekarri zuen bueltan: apirilaren amaieran izozte handia etorri zen, San Prudentzio egunean bertan. Data esanguratsua izan zen, egoera klimatologikoak eta mahastizaintzaren zikloek behar duten koherentziaren adierazle. Izan ere, data horretan nahiko kimatuta egon ohi da mahatsondoa. Ondorioz, izotz horrek kalte larriak eragin zituen. "Hilabete bat lehenago gertatu izan balitz, ez zuen arazorik sortuko, askoz handiagoa izanda ere. Baina apirilaren 1aren eta 30aren arten dagoen aldea erabakigarria da".
Bada, den-dena lotuta dagoenez, honek beste agertoki batera eramaten gaitu: batez besteko tenperatura altuagoek mahastiaren zikloa eta, ondorioz, kimuak agertzea eragin dezakete. "Aurreko garaietan kalteak sortzen ez zituen izozte batek txikizioak eragin ditzake egoera berri horretan", ohartarazi du adituak.
Dena dela, horretan dena ezin zaio egotzi tenperaturei. "Azken urteetan ere nabaritzen ari gara mahats bilketa aurreratzen ari dela, baina kasu guztietan ez da eguraldiagatik. Izan ere, barietate berri batzuk sartzen ari dira, batez ere mahats zuriarenak, eta horiek nahiko goiztiarrak dira. Horregatik, batzuetan aipatzen da 'historian mahats bilketa inoiz baino goizago' hasi dela, baina ez da kontuan hartzen ari mahats zuriak biltzen ari direla".
20 urteko datu meteorologikoak eskutan izanda, aintzat hartu behar da hortik ezin daitekeela ondorioztatu patroi klimatiko bat, zientzialarien artean 30 urteko gutxienezko epea hartzen baita erreferentzia gisa eguraldiaz beharrean klimaz hitz egiteko. Dena dela, eta mundu osoko datu andana aintzat izanda, agerikoa da batez besteko tenperaturek igotzera joko dutela, eta, horren ondorioz, muturreko gertakariak ugariagoak izango direla. Horren aurrean ere prestatzen ari dira eskualdean. "Muturreko eguraldiaren aurrean funtsezkoak izango dira nekazaritza aseguruak izatea", nabarmendu du adituak. "Bestetik, egoera berrirako aproposagoak diren barietate berriak garatzen ari dira, beren garapena denboran pixka bat atzeratzeko, eta klima patroi berrietara egokitzeko". Dena dela, eta aintzat izanda ere mahatsondoa ezin daitekeela besterik gabe urte batetik bestera ordezkatu, tratamendu kultural izenekoak ere aipatu ditu Ibañez de Elejaldek: batez ere, eta aurreikusitako ekoizpenaren arabera, inausketak egin ahal direla dio. "Dena dela, azken teknika hauekin jardutea arras zaila da, hainbat hilabete aurretik mahastiek izango duten garapena jakiteko modu ziurrik ez dagoelako". Modu berean, orain erabiltzen diren barietateak ere klonen bidez egokitu ahal direla aurreratu du adituak.