Ardopoesia jaialdiaren lehen edizioa jasoko dute Guardiako, Villabuenako eta Samaniegoko hiru upategik heldu den azaroan. Elisa Rueda Ardopoesiako zuzendariak adierazi duenez, "poesiaren, paisaiaren, kulturaren eta enogastronomiaren truke jaialdia" izango da. Izan ere, Araban ez ezik, Lanzaroten ere egingo dute Ardopoesia. Ruedak azaldu duenez, mahastizaintzaren eta ardogintzaren inguruan kultura eta nortasun handia dituzten bi eskualde batuko ditu jaialdiak, eta bien arteko esperientzien trukaketa izango da.
Hala, poesiarekin eta ardoarekin lotutako ekitaldiak egingo dituzte, azaroaren 3an eta 4an, Arabako Errioxan. Arabako hiru poetak eta Kanarietako beste lauk irakurketa poetikoak partekatuko dituzte upategietara eta mahastietara hurbiltzen den publikoarekin, eta gainera, "euskarazko eta gaztelaniazko poemen bidez, ardoaren antologia bat" sortuko dute. Kanarietatik Ignacio Romero, Mercedes Minguela, Manuel Concepcion eta Tere Perera poetek parte hartuko dute. Arantza Guinea, Jose Laconcepcion eta Rosi Puelles arabarrak ere izango dira.
Jaialdia zabaltzeko, azaroaren 3an, Cosme Palacio Guardiako upategiak musika, poesia eta ardoa uztartzen dituen ekitaldi berezi bat hartuko du. Domingo Corujo kanariar gitarra-jotzaile klasikoak zuzeneko kontzertua eskainiko du, eta poemen errezitaldi bat izango da, ardoari eskainitako poemekin. Horrez gain, Cosme Palacio upategiko anfitrioiaren eta Lanzaroteko El Grifo upategiko gonbidatuaren ardo dastaketa egingo dute.
Paisaia eta olerkiak
Larunbatean, berriz, goizeko ekitaldiak xendazaletasuna, poesia eta ardoa elkartuko ditu. "Ardoa zein ingurunetan egiten den ikusteko, ingurua zeharkatu eta mahastien paisaiaz gozatzea da onena", esan dute antolatzaileek. Beraz, Villabuenako Bideona upategiak gidatutako ibilbidea egingo dute, 11:00etatik aurrera. Eskualdeko paisaia ondarera hurbiltzeaz gain, poesia errezitaldia eta Bideona anfitrioiaren bi ardo eta Kanarietako La Geria upeltegi gonbidatuaren bi ardo dastatu ahalko dituzte.
Arratsaldean, berriz, Samaniegon dagoen Alutiz familiaren upategira egingo dute bisitaldia; bertan, poesia enogastronomiarekin nahastuko dute. Izan ere, errezitaldi poetiko bat izango da, eta Kanarietako gastronomiako produktuen dastatze txiki bat; halaber, Alutiz anfitrioiaren bi ardo eta Lanzaroteko Vega de Yuco upategiaren beste bi ardo dastatzeko aukera izango dute.
Ardopoesia jaialdiak Arabako Foru Aldundiaren babesa du. Hala, Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo saileko foru diputatuak ziurtatu du kultura eta enogastronomia maite duten pertsonei "esperientzia ahaztezina" eskainiko diela jaialdiak. Bestalde, azaldu duenez, aldundiak proiektuari ematen dion babesa bat dator "bidaiarientzako jardueren eta esperientzien eskaintza erakargarria" sustatzeko aldundiaren ildo estrategikoarekin, "gure egiturazko eskaintza osatzeko eta edukiz hornitzeko".
Behin Arabako Errioxako jaialdia amaitu ondoren, Ardopoesiaren lehen edizioa Lanzarotera (Kanariar Uharteak) mugituko da. Bertan, azaroaren 24an eta 25ean egingo dute, El Grifo, La Geria eta Vega de Yuco upategietan.
Jaialdian aurreikusitako ekitaldietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Inskripzioak, www.ardopoesia.com webgunean egin daitezke jada.