Guardiako zinegotziak udalbatza berezi batetik atera berriak dira, aztoratuta. Azken hilabeteotako pleno gatazkatsuenetakoa izan da, udal idazkariaren soldataren inguruan irekitako afera judizial baten harira. "Agian udaletxeko arkupea ez da oraintxe bertan tokirik onena elkarrizketa egiteko", dio Sara Luna Torrego artistak.
Gaurkoan bederen, bera politikariak baino lasaiago dabil, margoez betetako gurdi txiki bati tiraka. Erretiratuen tabernatik dator, eta M35 moda denda du hurrengo jomuga.
Horretan dabil azken egunotan, herriko merkataritza toki asko margotuz. Badaki zertan ari den, ez baita aurreneko aldia egiten duena. 2019an DELA Guardiako Enpresak Dinamizatzeko Elkartearen ekimenez abiatu zen ARDOerakusleihoak kanpaina, baina iaztik, aldundiaren laguntzarekin, Guardiako Udalak du ekimena egiteko ardura, parte hartzeko aukera herri osoko merkatariei irekiz. Tokiko merkataritza eta turismoa sustatu nahi dituzte ekimen horrekin, eta, modu berean, mahats bilketaren garaia modu koloretsuan ospatu.
AUKERATZEKO ORDUAN MERKATARIAK, GERO ETA GEHIAGO, IRUDI PERTSONALIZATUETARA JOTZEN ARI DIRA
Aurten hogeita bi plaza aurkeztu ditu udalak, baina, guztiak bete ez direnez, Victor Tapia ikastetxean esku hartze txiki bat egiteko asmoa du Torregok. "Oraindik ikusteko dago zer eta zehazki non egingo dudan", aurreratu du. Horretan ere ez da hasiberria, aurreko batean ere ikasleekin batera hainbat horma irudi egin zituelako.
Artean trebezia izan behar da, noski, horrelakoak egiteko, baina prozesua bera ez da konplikatua. Merkatariekin hitz egiten du Torregok, zer nahi duten jakin ahal izateko. Ideia garbirik izan ezean, artistak hainbat zirriborro prestatuak ditu. "Batzuek ukitu pertsonala eman nahi diote. Beste batzuei, aldiz, dekoratzeko zerbait izatearekin nahikoa zaie". Dena dela, gero eta gehiago, pertsonalizaziora jotzen ari direla dio Torregok. "Uste dut ikusi dutela aurreko urteetan egin ditugun marrazki pertsonalizatuagoak, eta gustatu zaizkie".
Turismo hutsetik harago
Torregok azaldu duenez, marrazkiei "beste ukitu bat" eman nahi die. Ardoerakusleiho direnez gero, mahatsondoek eta mahatsek protagonismo handia dute, baina handik harago jo nahi du. "Mahats bilketarekin erlazioa du, eta turismoa erakartzeko baliogarria da, baina landa eremuko errealitatea modu errealistagoan ere islatu nahi dugu". Komunitatea indartzeko modu polita dela dio.
Iazko margo asko geratzen dira oraindik herrian. "Batzuek aldatuko dituzte, baina beste batzuek iazkoa mantenduko dute. Garrido ile-apaindegian adibidez, atean aurten berria dute, iazkoa leihoan".
Arte Ederrak eta arte garaikideko masterra ikasi zituen Torregok. Klaseak emateaz gain, landa eremuko arte garaikideari lotutako beste hainbat proiektu ditu eskuetan. Baina orain lehentasuna argia da: herria loratzea.