Bertaratzen direnek bederatzi euroren truke kristalezko kopa bat erosi ahal izango dute prestatutako txokoetan, kopa-zorro bat eta bost ardo dastatzeko bost tiket barne. Besteak beste, ardo dastaketa komentatuak, "Mahats-bilketa" aizkolari txapelketa, herri bazkaria, pilota partidak, musika eta kalejira izango dira. Haurrentzat gune bereizi bat egongo da, eta artisauak eta nekazaritza-produktuak ere izango dira salgai. Gainera, Mahats-bilketa Sariak 2023 ardo lehiaketa egingo da, Errioxa jatorri-deitura duten ardo guztiei irekia. Aurten, berritasun gisa, kategoria berri bat izango du lehiaketak, mahasti berezietatik datozen ardo zuriena.
Ibilgailuentzako aparkalekuak Eltziegon daude, eta festarako sarbidea autobus-anezken bidez egingo da. Hala, Guardiatik Navaridaserako errepidea (A-4207) itxita egongo da egun osoz, baita gainerako sarbideak ere. Gasteiztik, Donostiatik eta Bilbotik datozenei, Alegria Hermanos enpresak autobusak eskainiko dizkie joan-etorrietarako. Izen-emateak irailaren 14a baino lehen egin behar dira. Irteera ordutegia 09:30ean, 08:00etan eta 08:45ean izango da, hurrenez hurren. Autobus guztiak arratsaldeko seietatik aurrera itzuliko dira beren jatorrizko lekura. 25 euroko prezioa du txartelak, Gasteizkoak izan ezik, horiek 20 euro balio dute.
Mahats-bilketaren jaia ibiltaria izaten da, 15.000 eta 20.000 pertsona inguru erakartzen ditu, eta urtero eskualdeko herri desberdin batean ospatzen da, Arabako Errioxako ardo gazteak ezagutzeko eta dastatzeko aukera eskainiz. Navaridas festa horren anfitrioia izan zen, aurrenekoz, 2005ean.