Navaridasek hartuko du aurtengo Mahats-bilketaren Jaia

Erredakzioa 2023ko eka. 6a, 10:30

28. Mahats-bilketaren Jaiaren kartelaren aurkezpena. Argazkia: Arabako Errioxako Kuadrilla

Irailaren 17an, igandean, Navaridasen ospatuko da Arabako Errioxako 28. Mahats-bilketaren Jaia. Andrea Martinez de la Piscina artistak irabazi du kartel lehiaketa, Navaridas ardoa da lanarekin.

Joan den astean, Arabako Errioxako Kuadrillako eta Navaridasko Udaleko ordezkariek irailaren 17an herri horretan ospatuko den XXVIII. Mahats-bilketaren Jaiaren Navaridas ardoa da kartela aurkeztu zuten, Andrea Martinez de la Piscina Rosado artista navaridastarrarekin batera.

Batxilergoko 1. mailako ikasleak irabazi du aurtengo edizioaren kartel lehiaketa, eta berria eman ziotenean ikasturteko azken azterketa egiten ari zen: "Hainbat dei eta mezu neuzkala ohartzean, irakasleari baimena eskatu behar izan nion zer gertatzen zen ikusteko. Klasera itzultzean hain urduri nengoen, ikaskideren batek pentsatu zuela zerbait larria zela", azaldu du Arkitektura eta Diseinuko ikasketak egiteko asmoa duen artista gazteak.

Lehiaketa bi epaimahairekin ebazten da: lehenengoan, diseinuko eta publizitateko profesionalek eta herri anfitrioiaren ordezkariek baheketa bat egiten dute aurkeztutako kartelen artean; bigarren epaimahaia erabakigarria da, eta jaiaren antolakuntzan parte hartzen duten erakundeek osatzen dute, babesleak eta laguntzaileak barne.

2022ko Mahats-bilketaren Jaia Lantziegon ospatu zuten, irailean. Urtez urte aldatzen doa jaialdi ibiltariaren herri anfitrioia, eta aurten Navaridasek hartuko du lekukoa. Berriz ere, datozen hilabeteetan irits daitezkeen nobedadeetatik harago, Arabako Mahastiak sor-markaren inguruko eztabaidak markatuko du hitzordua.

KARTELA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago