Joan den larunbatean 50. urteurreneko festa ospatu zuen Oiongo Ramiro de Maeztu eskola publikoak. Herriko ikasleez gain, Moreda, Labraza, Gorrebusto, Ekora, Asa, Laserna, Meano eta Lapoblación herrietako umeak joaten dira egunero bertara ikastera; orotara, 325 bat ume. Esku artean dituzten erronken inguruan mintzatu zaigu Alazne Uriel (Oion, 1988) ikastetxeko zuzendaria.
Zorionak! Urteurrenak aitzakia politak dira atzera egiteko...
Eskerrik asko. Hala da, bai. Atzera egiteko, baina baita ikusteko zer aldatu den denbora honetan, eta nola egin dugun aurrera metodologiaren aldetik. Izan ere, aldaketa sakona egin da eskolan. Egungo zuzendaritza taldekook ikasturte honetan hasi dugu, baina aldaketa aurreko zuzendaritza taldeak abiatu zuen. Jarraipena egin diogu beraiek irekitako bide horri.
Marroia eskuz aldatu da, beraz... Erraza al da gaur egun eskola publiko bat zuzentzea?
Tira, ba ez dakit besteetan nolakoa izango den, nik hemengo lana baino ez dudalako ezagutzen. Askotan, zuk diozun moduan, marroitzat hartzen da hori. Baina, modu berean, polita da ere eskola beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera ematen dizulako, zuk zeuk ikusten dituzun hobekuntzak edo ahuleziak jorratzeko... gure lana da orain hori guztia hartzea, ondo egin den lanari jarraipen bat ematea, eta hobetu daitekeena hobetzen saiatzea. Gainera, aurreko zuzendaritza taldeak eskolan jarraitzen du, eta horrek ere asko laguntzen du. Hezkuntzako lana taldean egin behar da, bestela erabat zoratzen zara.
Zer moduz joan da jaia?
Primeran. Hitz egin dugu jendearekin, eta esan digute asko gustatu zaiela. Eskola herrira atera nahi izan dugu, erakusteko herrian eskola publiko indartsu bat badugula. Lanean ari gara euskara sustatzeko eta euskal kultura aurrera eramateko. Kamisetak egin ditugu eskolako logo berriarekin, eta izugarri polita izan da herrian zehar horiek ikustea. Gogorra izan da dena prestatzea, baina hezkuntza komunitate bezala ospakizunak batu eta indartu gaitu. Oso positiboa izan da.
B eta D ereduak eskaintzen dituzue. Ikusten duzue aukera etorkizunean D eredua indartzeko?
Guk bakarrik D eredua izatea nahiko genuke, baina badakigu hau prozesu bat dela. Gainera, halako erabaki bat [irakasleak eta gurasoen ordezkariak biltzen dituen] Ordezkaritza Organo Gorenak onartu beharreko zerbait da. Dena dela, B eta D ereduak izan arren, ez ditugu ikasleak bereizten; soilik matematika garaian banatzen dira ikasleak. Aurten, gainera, irakasle batek ahozkotasun saioak lantzen ditu ikasleekin astero, ikasleen euskara maila hobetu aldera. Beste hainbat ekimen ditugu. Adibidez, euskara indartzeko, izan dugu figura bat ikasleen artean egoera informal batean hizketan euskaraz aurkituz gero, ikasleari pegatina bat bizkarrean jartzen diona... umeak halako kontu txiki batekin oso motibatuta egon dira. Bestela, ikasle askok, eskolan ez bada, ez dute aukerarik euskaraz egiteko.
Oionen atzerri jatorriko populazio asko dago. Erronka al da hori? Ikasleak egonkorrak dira?
Urtean zehar etorri berriak diren umeak baditugu, bai. Gure kasuan EUSLE proiektuan sartuta gaude —etorri berri diren eta euskara ez dakiten umeekin euskara indartzeko gela bat da—. Erronka da, baina polita da ere, gure gizartearen errealitatea delako. Denok dira ongi etorriak.
"ASKOTAN EZ DA ASKO IKUSARAZTEN ESKOLA PUBLIKOETAN EUSKARAREN ALDE EGITEN DUGUN LANA"
Pedagogiaren aldetik, zeintzuk dira zuen proiektu kuttunenak?
Gure indarguneak dira, adibidez, Haur Hezkuntzan mugimendu autonomoan oinarritutako pedagogia bat, edo Lehen Hezkuntzan hizkuntzak eta zientzia proiektuen bidez lantzea. Aurten, 50 urteurrenaren harirako proiektuak izan ditugu. Adibidez, jaia egiteko dirua lortzeko, artisautza azoka bat egin dugu: eskumuturrekoak, lurrinak, ogia, azala zaintzeko krema... ikasleek denetarik egin dute. Kartel lehiaketa egin genuen ere, eta baita aldizkari bat ere. Joan den astean gela bakoitzak prestatu behar zuen herriari irekitako ikuskizun bat: antzerkia, txotxongiloak, magia, zientzia esperimentuak... Beste alde batetik, Lehen Hezkuntzako lehen hiru kurtsoetan ez dugu testulibururik erabiltzen, eta 4. 5. eta 6. kurtsoetan Matematika eta Lengua ikasgaietan baino ez. Gure helburua da etorkizunean liburuak kentzea; horretarako, [zientzia eta teknologia lantzeko] STEAM motako proiektu batekin ari gara.
Arlo digitalean, zer erronka?
Nik esango nuke garrantzitsuena dela ikasleei irakastea mundu digital horretaz egin behar den erabilera ona. Askotan ez dago kontrolik. Uste dut umeek pentsatzen dutela errealitate paralelo bat dela internet, eta batere eragiten ez diela; ez dakit zeintzuk izango diren horren ondorioak, baina hor ere erronka potoloa daukagu.
Noraino dago errotuta eskola herrian?
Ondo errotuta dagoela esango nuke. Pentsa orain ospatzen ari garela eraikin honetan 50 urte bete ditugula, baina eskolaren historia atzerago doa. Baina egia da batzuetan agian ez dela guk nahi bezainbeste ikusten eskolak egiten duen lan handia. Oro har, bereziki euskararen alde eskola publikoetan egiten den lana agian ez da guztiz ezagutzen. Horretarako ere baliatu gara festaz. Parte hartze handia izan dugu, herri osoa sartu da, modu batean edo bestean, 50 urte hauen prestaketa festan.