Sinadura bilketa abiatu dute Arabako Mahastiak sor-markaren alde

Erredakzioa 2023ko apirilaren 17a

Arabako Mahastiak sor-marka babesteko ekimena abiatu dute. PHOT.OK

Mahastiak babestea eta sustatzea eskatzen dute, "gure eskualdearentzat etorkizun iraunkorra eta oparoa bermatzeko".

ABRAko lehendakari Itxaso Compañonek abiatu du Arabako Mahastiak sor-markaren aldeko sinadura bilketa change.org plataformaren bidez. EAEko Auzitegi Nagusiak sor-marka berria merkatuetan erabiltzeko baimena eten ostean etorri da Arabako Errioxako mahastizainen ekimena.

Sinadurak biltzeko argitaratu duten manifestuan azpimarratzen dute Arabako Mahastien jatorri-izena defendatzen dutela "gure kulturaren, ekonomiaren eta ondarearen funtsezko elementu gisa; eta mahastiak babestea eta sustatzea eskatzen dugu, gure eskualdearentzat etorkizun iraunkorra eta oparoa bermatzeko".

Arabako Mahastien jatorri izendapena babestua "funtsezko tresna da gure ardoen kalitatea eta benetakotasuna zaintzeko, eta gure mahastizainek baldintza justu eta jasangarrietan lan egiten jarrai dezaten bermatzeko", gaineratu dute.

Halaber, sor-marka berria berme marka bat dela azpimarratu dute kontsumitzaileentzat, "jakin baitakite kalitatezko produktu bat erosten ari direla, gure lurretan landatutako mahatsekin egina, teknika tradizionalei jarraituz eta ingurumena errespetatuz".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago