BASELIZAK

Daudenak eta izan direnak

Juanma Gallego 2023ko ots. 12a, 08:00

Guardian egin dute Arabako Errioxako baselizei buruzko monografiaren aurkezpena, hilaren 3an. ALEA

Arabako Errioxako baselizen gaineko azterketa zabala aurkeztu dute 'Ohitura' aldizkariaren 15. zenbakian. Ikertzaile talde batek ondu du "erreferentziazko" lana izatea asmo duen monografia.

Beste zenbait lekutan ez bezala, ez dute gehiegizko arreta erakartzen; ez hurbiltzen diren bisitarien artean, bederen. Natura eta tradizioari lotutako horrenbeste elementu interesgarri dituen eskualde batean, modu diskretuan azaltzen dira Arabako Errioxako baselizak. Bertakoentzat, berriz, mundu zabal baten adierazpenak dira; batez ere adinean aurreratuago daudenen artean. Orain, Ohitura aldizkariaren 15. zenbakiarekin batera, baseliza horien gaineko lan monografikoa argitaratu dute.

Gasteizen eta Guardian aurkeztu dute argitalpena. Ohi bezala, Arabako Etnografia Mintegiko kideak izateaz gain, hiriburuan Ana del Val kultura diputatua egon da. Guardian egindako aurkezpena, ordea, bestelakoa izan da. Museoen eta arkeologia alorreko foru zuzendari Javier Fernandez Bordegarai publikoaren artean ibili da, bigarren lerro batean. Nonbaiten, Fernandez Bordegaraik ondotxo daki Guardia Gasteiz baino hamazazpi urte lehenago izan zela hiri, eta, sei mende pasata ere, protokoloa mantendu beharra dago. Halere, lanaren egileetakoa den Jose Angel Chascok publikoki emandako laguntza eskertu dio Fernandez Bordegarairi. "Aldundiaren laguntzari esker, 644 orrialde dituen liburu bati oso salneurri eskuragarria jartzeko moduan egon gara; 10 euroan". 

Chascorekin batera egon dira Montse Ocio liburuaren koordinatzailea eta Clara Ajamil ikertzailea. Hirurek argi utzi nahi izan dute monografia mardula modu boluntarioan aritu den ikertzaile talde baten emaitza izan dela; gehienak, gainera, eskualdekoak bertakoak. Chascoren esanetan, lan horri esker, liburu hau "erreferentziazkoa" bihurtuko da gaia ikertzen edo horrekiko ardura dutenen artean.

Gurtza berriak

Eskualdean ezagutu diren baseliza guztiak bildu dituzte liburuan. Izan ere, horietako batzuk dagoeneko betirako galdu dira, Ajamilek gogora ekarri duenez. Historiaren joan-etorriak konplikatu samarrak izaten dira, eta zenbait baselizek denboran galtzen diren abiapuntuak dituzte. "Zenbait espazio sakratuk, hala nola Toloñoko baselizak eta San Tirsok, kristautasuna etorri baino lehenagoko jatorria dute". Erromatarren garaietan santu berrien gurtzea azaldu zen eskualdean, eta berdina gertatu zen musulmanetatik ihesean etorri ziren mozarabiarren kasuan. Denborarekin, baina, zenbait herri handiago egin zirenean, pixkanaka herri txikietan bizi izan ziren biztanleak herri handi hauetan bizitzera joan ziren. Utzitako herrietako eliza asko baseliza bihurtu ziren, eta horietara noizean behin antzinako biztanleak bueltatzen ziren. Hor abiatu ziren erromeria asko. "Adibidez, mende luzez inguruko herrietako biztanleak Assako baselizara joaten ziren, eta hori mendeetan zehar mantendu da", argitu du Ajamilek. 

Uncinako misterioa

Desagertutako herri horien artean, badago bat bereziki Chascoren interesa piztu duena: Uncina. Egiatan, inork ez daki herria, harana, ibaia edo bestelako elementu geografikoa ote den, baina Guardiako hiri gutunean aipatuta agertzen da toponimo hori, hiri berriaren mugak zehazten dituen pasartean. "Ernesto Garcia Fernandez historialariak dio Moredan zegoela, eta latinezko testuan sartutako euskal hitza dela azaltzen du. Ni ezezkoan nago, eta uste dut Uncina non zegoen jakin gabe jarraitzen dugula oraindik", argudiatu du Chascok.

"UNCINA NON OTE ZEGOEN JAKIN GABE JARRAITZEN DUGU ORAINDIK ERE". JOSE ANGEL CHASCO

Baselizen inguruan sortu diren kondaira ugari ere jaso dituzte testuan, eta Chascok babestu du oinarrian "ezkutuko egiak" mantentzen direla. Eskualdean gehien errepikatzen den kontakizun horietako bat desagertutako herriei dagokie. Andra zahar batek baino ez du lortzen hondamendi batetik onik ateratzea, eta laguntza bila ibiltzen da herriz herri. Laguntza ematen dietenek jasoko dituzte andreak oinordetzan jaso dituen lurrak. Gorrebuston, berriz, komeni da tentuz ibiltzea, urrezko txitak ager daitezkeelako. Bestetik, Ekoran urtero Bercijanako baselizatik Andre Mariaren irudia hartzen dute maiatzean, eta uda ondoren itzultzen dute. "Honen oinarrian paganismoari lotutako ohitura bat dago, maio edo maiatzeko zuhaitzei lotutakoa". 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago