Erdira murriztu da olibaren uzta

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko ots. 9a, 09:38

Arabako olibadiak galera handiak jaso ditu aurten, bero boladengatik. PHOT.OK

APRORAk dituen errotetan %55 kilo oliba gutxiago ehotzi dituzte, eta soilik 72.000 litro olio lortu dira, 2021eko 175.000 litroen aldean. "Arabako olibadia errentagarria izateko ezinbestekoa da ureztatzea".

APRORAk, Arabako Errioxako Olibondoa eta Olioa Sustatzeko Elkarteak, aurtengo uztaren datuak jakinarazi ditu, eta "historikotzat" jo du, oliben eta olioaren ekoizpen txikiagatik. 2021ean Aprorak dituen olio errotetan 875.000 kilo oliba ehotzi zituzten, baina aurten, 395.000 kilo baino ez dira ehotzi, hau da, %55 kilo oliba gutxiago. Murrizketa hori handiagoa da lortutako olio litroei begiratzen bazaie, errendimendu txarra ere egon delako lehortearen eta fruituen tamaina txikiaren ondorioz. 72.000 litro olio lortu dira 2021eko 175.000 litroen aldean, hau da, %60 gutxiago.

Gainera, 2022ko lehortearen ondorioz, olibondoek normala litzatekeena baino hazkunde begetatibo txikiagoa izan dute: loratzea eta ondorengo fruituak aurreko urtean garatutako adarretan ematen direnez, "2023rako ez dugu espero hurrengo uztan susperraldi nabarmenik izatea".

Aproraren arabera, urte hauetan argiago ikusten da Arabako olibadiak ureztatu behar direla, bai eta plan zuzentzaile edo estrategiko bat ere, olibondo tradizionalak bertan behera uztea saihesteko eta beste batzuk landaketa berriak egitera animatzeko, mekanizaziora egokituagoak, batez ere bilketa mekanizatura; "bestela, eta belaunaldi erreleborik gabe, olibadi asko abandonatuko ditugulako".

Bero boladen kalteak

Jorge Martinez Aprora elkarteko gerenteak ALEAri azaldu dionez, iazko udaberrian izan ziren bero boladek Arabako Errioxako olibondoen loraldia kaltetu zuten, eta horrek aurtengo uzta nabarmen murriztea ekarri du. "Lehen bero boladan olibondoaren loreak erre ziren, eta oso oliba gutxi hazi ziren; ondoren, oso uda lehorra etorri zen, eta olibondoetan geratu ziren olibak txikiak ziren, eta ez dute ohiko errendimendua eman". Lehorteen arriskuari aurre egiteko, olibondoak ureztatzeko beharra jarri du mahai gainean elkarteak, hurrengo urteetan uzta nahikoa ateratzeko eta Arabako Errioxako olioaren produkzioa bermatzeko. "Arabako olibadia bideragarria eta errentagarria izateko ezinbestekoa da ureztatzeko sistemak martxan jartzea",  azpimarratu du Martinezek. 

300 hektarea inguru

Egun, Arabako olibondo gehienak ureztatze sistemarik ez dituzten lurzoruetan daude. "XX. mendearen hasieran, Arabako Errioxan, mahatsondoak baino olibondo gehiago zegoen, baina ardogintzaren eztandarekin ohikoa izan da mahastiak landatzeko balio zuten lurzoruetatik olibondoak kentzea. Horregatik, lurzoru pobreak, mahatsondoetarako balio ez dutenak, okupatzen dituzte gaur egun olibondoek". Ez dago zifra ofizialik, baina gutxi gorabehera 300 hektarea olibondo dago egun Oion, Moreda, Assa, Lantziego eta Lapuebla de Labarca udalerrietan sakabanaturik.

"Olibondo tradizionalen hektarea asko abandonatuta daude –azaldu du Martinezek–, eta horiek berreskuratzeko lanean ari gara; bestalde, urtero, hektarea berriak landatzen ari dira elkarteko bazkideak". Azken hiru urteetan hamar bat hektarea berri landatu dituzte. Alta, Martinezek azaldu duenez, oliba eta olioa sustatzeko, ezinbestekoa ikusten dute administrazioaren parte hartzea; eta olibondoaren plan zuzentzaile bat galdegin dute. "Arabako Diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu zenbaki errealak egitea ditugun olibondoen inguruan, eta olibondoek zer eskaera hidrikoa duten jakiteko behar diren azterketak egitea".

Halaber, sektorea laguntzeko pizgarriak behar direla aipatu du Martinezek: "Kontuan izan behar dugu uzta txukuna lortzeko, olibondoa landatu ondoren, edo olibondo tradizionala berreskuratzeko, bost edo sei urte itxaron behar direla, eta jarduera gabeko urte horietan, irabazirik ez dagoen urte horietan, pizgarriak bideratu behar dira olibariek jarduerarekin aurre jarraitzeko; laborea errentagarria ez bada, abandonatu egingo dute". Administrazioen aldetik, jarrera ona aurkitu dutela azpimarratu du elkartearen kudeatzaileak, eta hurrengo hilabeteetan gauzak argitzea espero dute.

Arabako olioa eta olibondoa sustatzeko, 2020an martxan jarri zuten Aprora elkarteak Arabako Errioxako hiru olio errota eta berrogeita hamar bazkide biltzen ditu orain.

Olioaren X. Azoka, martxoaren 19an

Martxoaren 19an egingo dute Arabako Errioxaren Olioaren X. Azoka. Dagoeneko horren prestaketan dabiltza Moredako eta Oiongo udalak. Iaz, Oionen bakarrik ospatu ahal izan zuten festa, Moredako zeharbidea obretan zegoelako eta bisitariak jasotzeko arazoak zituelako herri txikiak. Aurtengoa, berriz, ohiko formatuan egingo dute. Errotek ateak irekiko dituzte, eta bisitak antolatu; Arabako Errioxako oliba olio birjina dastatzeko aukera izango da, eta 2023ko olioaren aurkezpena eta ohorezko sariaren banaketa egingo dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago