VIANAKO PRINTZERRIA

Arabako Errioxa nafarra izan zenekoa

Juanma Gallego 2023ko ots. 6a, 06:00

Nafarroako Erresuma babesteko ezinbesteko gotorlekua izan zen Guardia. Izena bera hortik datorkio hiriari. ALEA

Vianako Printzerria sortu zeneko 600. urteurrena ospatzen ari da egunotan. Gaur egun Arabako Errioxako Kuadrillak hartzen duen lurraldea printzerri horren oinarria izan zen, baina aurretik ere eskualdea 400 urte inguruz nafarra izandakoa zen.

Orain erretiroan dagoen 74 urteko mutil koskorra da Felix Cariñanos etnografoa, baina oraindik gogoan du are gazteagoa zenean herrian bizi izan zuen une hori. Herriko udaltzaina galaz jantzita ikusi zuen egun horretan. Halako janzkera soilik egun berezietan erabiltzen zuen, gauza garrantzitsuak esan behar zituenean. Txapel gorriaren azpian zeraman papera hartu, eta, modu zeremonialean kantari, udaltzainak hala eman zion hasiera udal bandoa irakurtzeari:

Nafarroako Erreinu zaharreko
Printzerri burua izandako
Vianako hiri noble eta leial honen
alkate presidenteak
honakoa jakinarazten du...

 

Jarraian zetorrenak ez digu orain axola. Garrantzitsuena da esatea Cariñanosek mezu horren hasieraren pasarte gehienak ulertzen zituela, Vianako Printzerriari egindako erreferentzia izan ezik. Orain, ordea, ondotxo daki zer izan zen hori. Vianaren historia eta kultura arakatu izan ditu urte luzez, eta ibilbide horretan printzerriari lotutako erreferentzia ugari aurkitu ditu artxiboetan. "Ezaguna da 1512an Gaztelak Nafarroa konkistatu zuela, eta badirudi hor bukatu zela printzerriari lotutako guztia", azaldu du, gaiari buruzko hitzaldi bat hasteko ordubete eskas falta denean. "Inondik inora. Printzerriaren isla agiri askotan mantendu izan da ondoren ere, XV. mendetik hasita eta XXI. menderaino", erantsi du.

Cariñanosen hitzaldia Vianako Printzerriaren sorreraren 600. urteurrena ospatzeko Vianako Udalak egindako ekitaldien artean dago. Ez du demaseko zaratarik sortu gurean, egungo muga administratiboen arabera, Viana ez delako Araba. Kontrara esan beharko genuke, seguruenera: egungo mugen arabera, Arabako Errioxa ez delako Nafarroa. Baina, noski, mende luzez izan zen. Eta denbora asko igaro arren, eskualdearen skylinean ederki marrazten dira erreinu zaharra gorde zuten gaztelu eta harresi asko.

1423an sortua

Galdutako printzerri horri buruzko erreferentziak bilatu nahi dituena erraz galduko da bataila, erregealdi eta familia nobleen arteko harreman konplikatuetan. Baina hitz gutxitan laburbilduta, esan dezakegu Nafarroako Karlos III.a erregeak 1423an sortu zuela printzerria bere oinordekoarentzat. Gatzaga Buradondik hasi eta Vianaraino iristen zen, Bernedo eta Marañon ere hartuta.

"Karlos III.ak bere bilobari titulua eman zionean, funtsean 400 urte baino gehiago zituen lurralde historiko bati izen bat jarri zion", argitu du Miguel Larreina kimikari eta enologoak. Urte luzez lurraldeari lotuta egon ondoren, Larreinak liburu eta artikulu andana idatzi ditu gaiaren bueltan. Dioenez, Vianako Printzerria izan beharrean, lasai asko Guardiako Printzerria deitu ahal zen. "1164an Antso VI.a Jakitunak Guardiari forua eman zionetik, lurralde hori guztia Guardia izenarekin ezagutzen zen. Denbora luzez Guardia askoz garrantzitsuagoa izan zen, baina printzerria martxan jarri zen unean Viana aurreratuagoa zegoen defentsari dagokionez, eta agian horregatik Vianaren izena aukeratu zuten".

"LURRALDE HAU GUZTIA GUARDIA IZENAREKIN EZAGUTZEN ZEN". MIGUEL LARREINA

Izenak izen, gaur egun Sonsierra gisa ezagutzen den eskualdea printzerriaren parte nagusia izan zen, eta errealitate geografiko ukaezina dela babestu du Larreinak. "Errealitate historikoa baino are aurrekoagoa den errealitate geografiko, ekologiko, botaniko, klimatiko edota edafologiko batez ari gara. Pentsa ezazu Kantabria mendilerroaren eta Ebro ibaiaren artean gehienez hamabost kilometro daudela, eta hainbat lekutan kilometro pare bat baino ez daudela". Eta, noski, mugaz gaineko errealitate horrek isla izan du betidanik bertako biztanleetan, baita gaur egunean ere. "Gaurko Nafarroan edo Araban dauden herrien arteko distantzia metrotakoa da. Berdina gertatzen da Abalos edo San Vicente de la Sonsierrarekin".

Ideia berean sakondu du Cariñanosek. "Printzerrian egon ziren herriak dira nik gehien maite ditudanak", aitortu du. "Guardiara joaten naizenean, zeruetan nago, neure lurraldean. Nafarroan nagoela sentitzen naiz. Tira, pixka bat inperialista banaiz, kar kar!". Lehen eskutik ezagutzen du zertan den familia-lotura estu hori. Ama Moredakoa zuen; eta, amama, Labrazakoa.

Gerra zibil luzea egon zen Nafarroan. Horrez gain, Nafarroaren eta Gaztelaren arteko talkak etengabekoak izan ziren. ALEA

Urteurrena ospatu den arren, Cariñanosek dio zuku gehiago atera ahalko zitzaiola kontuari. "Urtarrilaren 20an printzerriaren parte izan ziren herrien alkateak Vianara etorri ziren. Komentatu zuten gaia bultzatu beharra zegoela, baina, seguru asko, asmo onetan baino ez da geratuko".

"PRINTZERRIAN EGON ZIREN HERRIAK DIRA NIK GEHIEN MAITE DITUDANAK". FELIX CARIÑANOS

Printzerriak berak gutxi iraun zuen, baina aintzat hartu behar da lurraldeak garrantzi estrategiko izugarria zuela, eta Ebroren alde bakoitzean Gaztelak eta Nafarroak gaztelu andana eraiki zituztela. "Gaztelako armada gehienak Arabatik sartzen ziren. Gehienetan Harotik sartzen ziren, Bizkaiko jaunak Haroko jaunak zirelako ere", argitu du Larreinak. "Baina normalean ez zuten lortzen Guardiatik pasatzea". Printzerria sortu eta hamarkada gutxira, erresuma hogei urteko gerra zibil batean murgildu zen, oinordetza kontuak tarteko. Testuinguru hartan, Gaztelako ejerzitoak Guardian azaldu ziren, printzearen alde zeudela argudiatuta. Amarrua. Behin ate horiek ireki zirela, inoiz ez ziren itxi berriro Gaztelarentzat.

Espainiako Konstituzioaren arabera, oraindik Leonor Borboikoak Vianako printzesaren titulua mantentzen du. Nafarroako Erresumako zuzenbide tradizionalari eusten diotenen ustez, ordea, Jaime Borboikoa Bi Siziliatakoak izango luke horretarako eskubidea. Ez dirudi ez batak ez besteak eskualdearekiko kezka handia dutenik, eta azken elurtean ez zaie ikusi ez Guardian ez Vianan elurtean eroritako elurra kentzen. Agian egin dute, pelikuletan bezala, ezkutuan, kale-garbitzailez mozorrotutako CNIko agente bat gertu eta zaindari zutela, beren agindupekoen bizitza latza zertan den ulertu nahian. Batek daki.  

Sonsierraren mapa bat, oharkabean

Karlos printzea hil eta gutxira idatzi zuten liburu batean Sonsierrako mapa marraztuta zegoela konturatu zen Miguel Larreina. Dioenez, printzearen irudi horretan agertzen diren sinbolo guztiei arreta berezia eskaini zaie, baina duela gutxira arte inork ez dio erreparatu lurraldea ezagutzen dutenentzat agerikoa den kontu bati: printzearen oinetan, dinastiaren sinbolo den erbi-txakurraren irudiarekin batera, Sonsierrako mapa agertzen da. "Ez dago zalantzarako tarterik", babestu du Larreinak. "Kantabria mendilerroko mendiak daude, eta, beheko aldean, zehaztasun handiz agertzen da Ebro ibaiaren ibilbidea". Dioenez, hain agerikoa den gauza bat oharkabean igaro izanak erakusten du bertako errealitatea ondo ezagutu behar dela taxuz ikertzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago