Zehapen-espedientea Iberdrolari, Mañuetan babestutako zuhaitzak mozteagatik

Erredakzioa 2023ko urt. 24a, 17:30
Mañuetako zubia, Ebro ibaiaren gainean. / Argazkia: Mañuetako Udala

Aldundiak baimena eman zion Iberdrolari Mañuetan, Ebro ibaiaren ertzean, zuhaitz jakin batzuk mozteko, baina enpresak derrigorrezko hainbat baldintza urratu zituen.

2022ko irailean, Ekologistak Martxan taldeak Iberdrolaren aurkako salaketa jarri zuen Fiskaltzaren aurrean, Mañuetako babes bereziko eremu batean zuhaitzak mozteagatik. Gainera, handik egun batzuetara, dozenaka arrain hilda agertu ziren ibaiaren ertzean, zortzi makal eta 29 akazia faltsu moztu ziren lekutik gertu.

Aste honetan Noticias de Álava egunkariak argitaratu duenez, Aldundiak zehapen-espedientea ireki dio Iberdrolari, eta izapidetze-fasean dago une honetan. Izan ere, Aldundiak azaldu du enpresak bazekiela eremua babestua zela eta bete ez zituen baldintza jakin batzuk bete behar zituela. Are gehiago, baimena ez zen irmoa ingurumen-baldintza horiek bete arte.

Zonaldeko elektrizitate hornidura hobetzeko San Asensio eta Torremontalbo (Errioxa) eta Mañueta (Araba) udalerrien artean erdi-tentsioko linea bat eraikitzea zen Iberdrolaren proiektua. Trazadura 2.987 metro izango lituzke airetik (horretarako 22 dorre eraikiz) eta 218 metro lurpetik; horietatik, aireko 158 metro airetik eta lurpeko 218 metro zeuden aurreikusita Mañuetako udalerrian.

Eduardo Aginako eta Josean Galera Nekazaritza eta Ingurumen sailetako foru arduradunek eman dituzte azalpenak, Arabako Batzar Nagusietako batzorde batean egindako agerraldian, oposizioak eskatuta. Azaldu dutenez, baldintzetako bat zen mozketa egin aurretik Ingurumen Sailarekin harremanetan jartzea, besteak beste, foru basozaina bertan egon zedin.

Bere aldetik, Elkarrekinek salatu du zuhaitz handienak bakarrik kendu behar zirela, baina ez bisoia eta igaraba babesteko beharrezkoak diren zuhaixka txikiagoak. PPk, berriz, Mañuetako Udalaren eta Aldundiaren arteko "koordinazio falta" kritikatu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide