Dozenaka arrain hilda agertu dira Mañuetan, ibaiaren ertzean

Erredakzioa 2022ko ira. 13a, 10:00
Hildako arrainak Ebro ibaiaren ertzean, Mañueta parean. / Argazkia: @David_Ro_L

Ekologistak Martxan taldeak eta Elkarrekin Podemosek salatu dutenez, Iberdrolak Mañuetako babes bereziko eremu batean makalak moztu zituen lekutik gertu agertu dira hildako arrainak.

Duela bi aste, Ekologistak Martxan taldeak iragarri zuen Iberdrola salatu duela linea elektriko bat jartzeko udalerriko babes bereziko eremu batean makalak mozteagatik, Ebro ibaiaren ertzean.

Trantsizio Ekologikoko Espainiako Ministerioak ingurumenaren inpaktuari buruzko txosten bat egin zuen, eta Iberdrolaren proiektu hori baimendu zuen. Alta, txosten horretan argi eta garbi uzten zen lanak zuhaitzak inaustea ekar zezakeela, baina ez moztea, azkenean gertatu den bezala.

Azken egunetan, berriz, Elkarrekin Podemosek ohartarazi du dozenaka arrain hilda agertu direla makalak moztu zituzten eremutik gertu. Hala ere, oraingoz ez dago argi zein izan den animalien heriotzaren arrazoia.

Gertakari honi gehitu behar zaio duela egun batzuk beste ehun arrain (gehienak amuarrainak) agertu zirela Zirauntza ibaian, Araia erdian. Kasu horiek guztiak Batzar Nagusien hurrengo osoko bilkuran aztertu eta eztabaidatuko dira. Izan ere, Elkarrekinek hainbat galdera zuzendu dizkio Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide