Etxe askotan dagoen ohitura da: data hauen bueltan, kaxoi batean gordeta dagoen jaiotza ateratzeko ordua iristen da. Jaiotza kuttunak direnean —buztinez egindakoak edo eta familian oinordetzan jasotakoak—, burbuilazko plastiko babesgarrietan gordeta egoten dira askotan. Guardian, aspalditik jaiotza berezi bat dute ere, baina, kasu honetan, jaiotza askoz handiagoa da. Eta oso zaharra da, gainera.
Barroko estiloko jaiotza mugikorra da herrian paratzen dutena. Haren gaineko lehen erreferentzia idatzia 1749. urtekoa da, urte horretako agiri batean jaiotzaren muntaketa lanen gastuak aipatzen baitira. Ordudanik urte asko pasa diren arren, katea gutxitan eten da. Eta gaur egun ere kate luze horri eusten diote zenbait boluntariok.
Hitzordua finkatu dutenerako lainoa zabaldu da Guardian. Laino horri gauaren giro berezia eta Gabonetako argiak gehitzen badizkiogu, muinoaren gainean harro azaltzen den herriak inoiz baino xarma bereziagoa agertzen du. Erregeen Andre Maria elizan dauden Guardiako Jaiotza elkarteko kideek bestelako giroa dute barruan. Muntaketa lanetan ari dira. Aldamioz osatutako egitura bat dagoeneko atondu dute elizaren barruan, eta orain paisaiarekin lanean ari dira. Ez du ematen lan erreza dutenik, baina gogotsu ari dira.
Maite Ayala elkarteko kideak piezarik kuttunena erakutsi du. "Oso berezia da hau", dio, tentu handiz Jesus jaioberri baten irudia eusten duen bitartean. Jatorrizko pieza da hori, Ama Birjinaren, Joseren eta animalia batzuen figurak bezala. Denborarekin, baina, pieza berriak gehitu zizkioten: errege magoak, artzainak, morroiak, soldaduak... hots, jaiotza batean ezinbestekoak diren elementu desberdinak.
Hilabete eta erdi
Youtuberrek egiten duten moduan, unboxing horietako bat egiten ari direla dirudi, urte osoan gordetako piezak kutxetatik ateraz. Horietako batzuk buruak baino ez dira, maniki baten funtzioa betetzen duten gorputzetan sartzen direnak. Bestetik, zenbait pertsonaiak funtzio bat baino gehiago izan ahal dute. "Ikusten duzun hau artzaina da batzuetan, baina baita Meltxor erregea ere", azaldu du Ayalak.
Normalean hilabete eta erdi ematen dute jaiotza muntatzeko, lanetik atera osteko denbora librean egin behar dutelako. Aurten, baina, denbora gutxiago emango dute, baina ez da izan nahi izan dutelako: moldaketa garrantzitsua egin behar izan dute, eta nahiko agerikoa da ez daudela pozik aldaketarekin.
"ELIZBARRUTIAK ERABAKI DU AURTEN KAPERA LIBRE UTZI BEHAR DELA"
MAITE AYALA
"Jaiotza beti jarri dugu Andre Mariaren Sortze Garbiaren kaperan, baina aurten Arabako Elizbarrutiak erabaki du beste toki batera mugitu behar dela". Hitzak ondo neurtzen ditu Ayalak gaiaren bueltan galdetzen zaionean. "Elizbarrutiak erabaki du herrian debozio handia dagoela Sortze Garbiarekiko, eta kapera libre utzi behar dela".
Horregatik, espazio zehatz bati egokitutako egitura beste norabait eraman behar izan dute aurten: koruaren azpian dagoen gune batera. Baina gauza asko ez zaizkie kabitzen, eta ez dakite zelan moldatuko diren bertan antzezpena egiteko. Mometuz, egin ohi duten ohiz kanpoko antzezpen bat, ebanjelioetako hainbat pasarte biltzen dituena, alde batera utzi behar izan dute. Hortaz, Jesusen jaiotza, Errege Magoen Gurtza eta Egiptorako Ihesaldia banaka antzeztu beharko dituzte.
Muga berriak
Espazio berri horretan ezingo dute jarri duela bi urte udalak Jordi Castellsen tailerrari erositako Toloño mendilerroko agertoki handia, ezta zortzi metroko dorrea ere. "La Hoyako etxebizitza bat irudikatzen duen etxea ere moztu beharko dugu, eta ez dakigu oso ondo nola moldatuko garen aldageletan egiten zen lan guztia egiteko", aurreratu du Ayalak.
Ayalak nabarmendu duenez, jatorrizko funtzioari jarraiki, jaiotzak mezu doktrinala mantentzen du: meza bukatu eta gero egiten dira antzezpenak. Eta horiek gertatzen direnean, jaiotza ezagutzen ez duen jende asko harritzen da mugimendu horiek guztiak eskuz egiten direlako. "Urte luzez jendeari ez genion uzten barrura pasatzen. Baina gero konturatu ginen jendeak barrukoak ikusi ahal izatea ere oso garrantzitsua zela, jaiotzaren funtzionamendua ikus dezaten. Batez ere umeak harritzen dira botoiak eta horrelakoak ez daudela ikustean".
Antzezpenak antzezpen, elkartearen aspaldiko eskaera da jaiotzak elizan leku finko bat edukitzea gaur egun Sortze Garbiaren kapera dagoen tokian. Uste dute hori dela lekurik aproposena. Urte osoan mantentzeak muntaketa eta desmuntaketa lanak egin beharra saihestuko luke, eta, gainera, turismoari begira helduleku garrantzitsua izan liteke. Alabaina, onartu dute zaila dela hori gertatzea, erretaula mugitu eta zaharberritu beharko litzatekeelako, baita hezetasun arazoak dituen toki horretan esku hartze bat egin ere.
Hortaz, momentuz, aurrean dituzten hitzorduei begira lanean jarraituko dute: Eguberri, Urteberri eta Errege egunetan egingo dituzte antzezpenak, eta baita otsaileko lehen igandean ere. Oraindik lan asko falta da data horiek iritsi bitartean, bai atzeko aldean zein aurreko aldeko paisaian ere. Dena dela, helburua argi mantentzen dute: datorrena datorrela, ospakizun garaia da oraingoa.