Ttiki-ttaka, baina gelditu gabe

Juanma Gallego 2022ko abe. 4a, 08:00

Andoni Landa eta Aitor Urkiza elkarteko kideek Ttiki-ttaka elkartearen historia birpasatu dute. ALEA

Arabako Errioxako elkarteak 30 urte bete ditu aurten. Eskualdearen berezitasunen arabera egokitu dute euskararen aldeko lana, hiru ardatzetan abiatuta: ezagutza, erabilera eta motibazioa.

Euskararen aldeko lanak Arabako Errioxara ekarri zituen aspaldi Andoni Landa eta Aitor Urkiza irakasleak. Landak bi urterako konpromisoa zuen Oiongo IKA euskaltegian;  Urkizak, hiru hilabetekoa Lapuebla de Labarcako Assa ikastolan. Gaurdaino. Eta urte hauetan guztietan lehen eskutik bizi izan dute eskualdean euskararen alde egiten duen Ttiki-ttaka elkartearen garapena. "Lehen urte hauetan konturatu ginen ikastolan edo euskaltegian ikasketak bukatu ostean gazteek euskara galtzen zutela", azaldu du Landak. "Ordurako ETB hasita zegoen jada, baina, egia esanda, ez zegoen aukera askorik euskaraz bizitzeko".

Behar horretan abiatu zen orain 30 urte bete dituen elkartea. "Arrasate Euskaldun Dezagun lanean ari zen jada, eta garai berean Gasteizko GEU Elkartea sortu zen ere". Esperientzia horietatik ikasi bai, baina eskualdearen berezitasunen arabera egokitu behar izan zuten Ttiki-ttaka. "Hemen herrien arteko distantziak oso handiak dira", argitu dute. Hortaz, lehen helburua izan zen hemengo euskaldunak ezagutzea. "Bertso afaria, txiste afaria... mota guztietako afariak arrakastatsuak dira, kar kar!".

Eskualde zabal eta sakabanatu batean, saretzeak asko erraztu dio lana elkarteari

Lehen urte horietan pertsonez osatutako erakundea osatu zuten, beti ere lan boluntarioan oinarrituta. Beste ekimen askoren artean, aldizkari bat lantzeari ekin zioten, eta ordudanik mantendu dute argitalpena. "Urtean behin egiten dugu. Ez da argitalpen profesional bat, baina nahiago dugu ahalik eta jende gehienak parte har dezan", azpimarratu du Landak.

Urte horietan "kritikatzeko asko zegoen arren", beti ere alde baikorretik bideratu zuten elkartearen jarduna, euskararen aldeko espazioak sortuz. Horretarako, adinen arabera hasi ziren ekimenak antolatzen: umeentzako, gazteentzako eta baita helduentzako ere.

Elkarteen babesa

2000ko hamarkadaren bueltan, baina, kide asko nekea nozitzen hasi ziren, eta konturatu ziren bazegoela elkarteari bestelako funtzionamendu bat emateko beharra, "inertzietan" ez erortzeko. "Autodiagnostikoaren garaia izan zen", azaldu du Urkizak. "Hausnartu genuen gizartearen zein elkartearen beraren egoeraz". Horrela, pertsonez osatutako elkartea izateaz gain, eskualdeko elkarte eta eragileengana jo zuten, eta horrek eman zion elkartearen lanari bestelako zabalpen bat. Lapuebla de Labarcako, Vianako, Oiongo, Bastidako eta Lantziegoko ikastolekin lanean hasi ziren, bai eta Oiongo IKA euskaltegiarekin ere. "Horrek beste berme eta segurtasun bat eman zigun", gogora ekarri du Urkizak. "Kontuan hartu behar da eskualde zabala eta sakabanatua dela hau. Beraz, gauzak antolatu behar direnean, saretze horrek ahalbidetu digu askoz operatiboagoak izatea". Bat dator Landa. "Funtzionamendu honek informazioa partekatzeko aukera eman digu, bakoitza bere txokoan egon beharrean".

Garai horren bueltan ere konturatu ziren gauzak baikortasunetik eraikitzea ez zela nahikoa, eta iritsi zela ere administrazioari bere erantzukizuna eskatzeko garaia. Lanak fruituak eman zituen. Besteak beste, beste zenbait kuadrilletan zegoen euskara zerbitzua Arabako Errioxan ere jarri zuten, eta bertako euskara teknikariarekin sinergia onak lortu zituzten. "Berak arlo administratiboa jorratzen zuen, eta, iristen ez zen lekuetara, gu iristen ginen", azaldu du Urkizak.

Motibazioa, gako

Oinarrizko filosofia, halere, mantendu zuten. Landak azaldutakoaren arabera, hiru zutabetan oinarritzen da elkartearen lana: ezagutza, erabilera eta motibazioa. Kasurako, euskaltegiaren eta ikastolen bitartez lortzen da lehena. Bigarrena sustatzeko askotariko ekimenak egin dituzte urte hauetan guztietan. "Motibazioa lantzeko askotan gazteekin bildu gara. Oso ohikoa da esatea euskaraz ez dutela erabiltzen lagun taldean euskaraz ez dakien baten bat dagoelako, eta horren inguruan jardun dugu beraiekin". Bestetik, eta Euskal Herrian antzeko arazoak egonda ere, Arabako Errioxaren kasuan mugarena oso aintzat hartu beharreko aldagaia da. "Hemen jendea Logroñora joaten da zinemara, erosketa handiak egitera edota dantzalekura, eta horrek eragiten du, noski. Baina, hori onartuta ere, gauza asko egin daitezke", nabarmendu du Landak.

Egin beharreko gauza horien artean, enoturismoari erreparatu dio Urkizak. "Orain bost milioi euro inguru etorriko dira Europako funtsetatik sektorea indartzeko. Bada, non dago euskara enoturismoan?". Enpresaren munduan ere gehiago eragiteko beharra ikusten dute biek.

Momentuz, 30. urteurrenaren bueltan hainbat ekimen antolatu dituzte, baina, aste honen inguruan hitzordu pila daudela ikusita, urteurrena patxadaz hartu nahi izan dute. "Datorren urtean ere seguruenera ohi baino gauza gehiago egingo ditugu", aurreratu dute. Lortzeko moduko helburuak izango dira, argi daukatelako elkartearen iraupenaren arrakasta filosofia horretan datzala. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago