arabako mahastiak

Errioxa izendapenaren barruan marka propio baten aldeko apustua berretsi du Aldundiak

Erredakzioa 2022ko urr. 18a, 12:25
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, Batzar Nagusietan. AFA
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren esanetan, Arabako Mahastiak sortzeak ez luke liskarrik sortu behar sektorean.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan du errespetatu egiten duela Arabako Mahastiak izendapen propioa sortzeko ABRAk hartutako erabakia eta Eusko Jaurlaritzak Babes Nazional Iragankorra eman izana. Hala ere, berretsi du Arabako Diputazioak marka berezi bat osatzeko apustua egin duela, Errioxako deiturapean. Haren esanetan, "Errioxak hobeto erantzuten dio aparteko kalitateko ardo horiek bereizteko premia larriari, Arabako Errioxak marka hori sortzen lagundu baitzuen".

Gonzalezek esan du aldundiak lanean jarraituko duela "berandu baino lehen" formula hori errealitate izan dadin. "Ziur nago jatorri-deiturak eskualdeko eragile gehienak bilduko dituela: nekazariak, mahastizainak eta upeltegiak".

Nolanahi ere, ahaldun nagusiak azpimaratu du Arabako Mahastiak izendapenak indarrean dagoen legedia betetzen duela, eta gogoratu du Arabako Foru Aldundiak ez duela eskumenik jatorri-deiturak sortzeko. Gainera, bere ustez, Arabako Mahastiak sortzeak ez luke liskarrik sortu behar sektorean. "Aspaldi ezaguna den ekimena da. Upategi sustatzaileak lege-baldintza guztiak betetzen ari dira, upategietan sartzea erabakitzen duten upeltegiak egongo dira, eta ez sartzea erabakitzen duten beste batzuk ere bai".

ABRA, pozik

Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko gerente Ines Baigorri pozik agertu da Eusko Jaurlaritzak emandako baimenarekin. "Espero genuena zen, duela hiru hilabete eskatu genuen, eta oso albiste ona da. ABRAk eskaera egiteko prozesu guztia aurrera eraman du, baina orain mahastizainek eta upategiek proiektua abiatu behar dute". Baigorrik azaldu duenez, dena ondo bidean, hurrengo mahats bilketan Arabako Mahastiak markapean jaso ahal izango da lehenbizikoz Arabako Errioxako mahatsa.

PPk errekurritzeko eskatu du

Marka berriak Errioxako (Espainia) Gobernua eta Errioxako Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzailea aurka ditu, eta prozesu bat hasi dute inskribatutako mahastien esklusibotasuna blindatzeko. Horrek eragotzi egingo luke Arabako Mahastiak izenekoan bildu nahi diren upeltegiak Errioxako sor markaren babespean egotea. Gainera, dagoeneko Errioxako PPk erkidegoko gobernuari eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren aginduaren kontrako errekurtsoa aurkezteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide