Gasteizen Ingurugiro Zientziak eginda, eta Europako hainbat lekutan prestakuntza teorikoa eta praktikoa jaso ostean, etxera –Labrazara– bueltatzea erabaki zuen Iker Garciak, eta aitaren mahastiak ekoizpen ekologikora egokitzeari ekin zion. Hala jaio zen Hontza 2015ean, ardo ekologikoa eta naturala ekoizten duen upategia.
Nolakoa izaten ari da mahats bilketa aurten?
Sei urtez egin dut mahats bilketa, eta orain arteko zailena izan da aurtengoa. Zaila diodanean, noiz egin erabakitzea izan da zaila. Ardo naturalak egiten ditugu, horrek dakarren arriskuarekin eta mahats bilketaren momentuak hartzen duen garrantziarekin; gure ardoa une hori ondo aukeratuz egiten da, hein handi batean. Lehortearekin eta bero handi hauekin desoreka asko dago, eta ahal dugun moduan egiten ari gara aurre.
Aurreratu behar izan duzue?
Sorta bat aurreratu dugu. Mahats bilketa "berdea" deritzona egin dugu; ardo batzuk egiteko egokia zen unean hartu dugu –klaretea eta ardo apardun sail txiki baterako–, baina beste sail bat nahi genuena baino berdeago hartu behar izan dugu, aurrerago hartuko dugun mahatsa orekatzeko, hainbesteko bero honek sortu duen azidotasun falta konpentsatu ahal izateko. Ardoaren azidotasuna oso garrantzitsua da denontzat, baina ardo naturalak egiten ditugunontzat are garrantzitsuagoa, kontserbatzeko armetako bat baita. Horregatik hainbesteko kezka gaiarekin. Espero dugu hartzen ari garen neurri hauekin ahalik eta ardorik orekatuena ateratzea.
Mahastiei begira, kezkatzekoa izango da klima hurrengo urteetan?
Ez dakit hurrengo urteak horrelakoak izango diren ala ez. Iaz, esate baterako, oso euritsua izan zen, txingorra egin zuen, eta ekoizpenaren %60a galdu genuen. Aurreikusten den moduan, fenomenoak muturrekoak izango badira, ez dakit zer gaitasun izango duten horrelako proiektuek bizirauteko, edo nola egingo dugun halako proiektuak ekonomikoki bideragarriak izaten jarraitzeko.
"Fenomenoak muturrekoak izango badira, ez dakit zer gaitasun dugun bizirauteko"
Ez da ohikoena zuen upategi egitasmoa, ezta?
Alde batetik, horren upategi txikiak oso gutxi gara; gehien merkaturatu dugun urtean 18.000 botila atera ditugu. Eta, beste alde batetik, ardo ekologikoa eta naturala egitea ez da ohikoa; mahats ekologikoarekin egindako ardoa izateaz gainera, ardo naturala inolako esku-hartzerik gabekoa da, iragazi gabe, sulfitatu gabe, azidoak zuzendu gabe, legamiarik gabe... Nahiko artisau lana da gurea, eta etorriko den urtearen araberakoa, urtearen isla da nolabait, eta horregatik hainbat erabaki batzuk aurretik hartu behar dira; azidotasuna galtzeari aurre hartu behar diogu, esaterako, gero ezin dugulako azidotu.
Mahats bilketa bera ere desberdina al da?
Bai, prozesua aldatzen da. Palot izeneko 400 kiloko kaxoietan biltzen dugu, mahatsa zanpatu ez dadin eta ahalik eta kalte txikiena izan dezan. Gero osorik edo txortenik gabe sartzen dugu mazerazio karbonikoa egiteko. Mahatsaren azala ez hondatzeko ere beste pauso batzuk jarraitzen ditugu, ardoaren kalitatea hobetu nahian.
Ardo ekologikoa eta naturala edateko joera hazten ari al da?
Europan gero eta ohikoagoa da ardo naturala, eta batik bat gazteen artean. Gaur bertan Alemaniako komertzial bat izan dugu bisitan upategian, gure ardoak dastatzen. Naturala beste pauso bat gehiago dela esango dugu, ekologikoa upategi osora eramatea da nolabait, eta merkatua ere ez da berdina. Oraindik beharbada ez gaude ohituta ardo hauetara, baina poliki-poliki estatu mailan ere hazten ari da kontsumoa.
Arabako Errioxak ardo sor-marka bereizgarria izatea nahiko zenuke?
Mahastizain elkarteekin inplikatuta nago, ahal dudan neurrian. Eta produktuari balioa emango dioten ekimenak interesatzen zaizkit, betiere upategietatik sortutakoak eta ez politikariek ezarritakoak. Hori interesgarria da. Gauzak arautu nahi ditugunean sortzen da arazoa, ordea; batzuetan legea nahiko baldarra izaten da eta proiektuen sormena mozten du. Uste dut hor oreka bilatu behar dela. Gu iaz atera ginen Errioxako jatorri izendapenetik arrazoi horrengatik, eta mahaiko ardo moduan saltzen dugu; artisau moduan, beste upategi ertain edo handien aldean, sormena da dugun balio erantsi bakarra, eta hori ere kentzen badigute ezin dugu ekarpenik egin. A priori kalitatea zaintzeko hartzen dira neurri hauek, baina benetan produktua homogeneizatu baino ez dute egiten; ardoaren ekoizpen industrialarentzat logika du honek, baina artisau batentzat ez. Marka berri batekiko atxikimendua aipatutakoari lotuta joango da, artisau moduan egiten dudana aukeratzeko gaitasunari lotuta; hori betetzen bada, nik sinatuko dut. Arabako Errioxako sor-marka oraindik airean dago, eta, itxura guztien arabera, oso malguak izango dira.