Bastida eskola (Bastida)
📷 ALEA
Kultura eta begirada andanak bat egiten dute Bastida eskolan, eta, aniztasun honetatik abiatuta, hezkuntza prozesu propioa abiatu dute, zenbaki honetan bertan Itziar Gabilondo zuzendariak azaldu duen moduan. Prozesuan, ikasleen konpetentzia emozionala garatzen saiatzen dira, beti ere, berdintasuneko harremanetan oinarrituta. Lore guztiak aldi berean loratzen ez direla argi edukita, ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesuaren erritmoa errespetatzen dute, "inklusio erreala" lortzea helburu izanda. Prozesu horretan argi dute familien ekarpena ezinbestekoa dela, baina baita instituzioen laguntza ere.
Eltziego eskola (Eltziego)
📷 Eltziego eskola
Eskola publikoaren jaira eskulan berezia eramango dute Eltziego eskolako umeek: Hazitik gora! aurtengo leloa osatzen ari dira ardo botilen kortxoekin. Ikasgela bakoitzean hizki bat osatzen ari dira, eta, behin denak bateratuta, eskulan hori Bastidako eskolan utziko dute igandean, apaingarri moduan. Horrez gain, Beatriz Saenz de Samaniego zuzendariak azaldu duenez, asteak daramatzate klaseetan euskal eskola publikoaren gaia jorratzen, ikasleak ere horren garrantziaz jabetu daitezen. Eltziegoko umeez gain, Samaniego, Navaridas, Mañueta eta Villabuenako ikasleak dituzte 1934. urtean martxan jarri zen eskola aitzindari horretan.
Lantziego ikastola (Lantziego)
📷 Lantziego ikastola
Igandeko jaira joateko animatzen buru-belarri ibili dira azken asteotan eskualdeko D ereduko ikastetxe publiko bakarrean: gurasoekin egindako komunikazio guztietan, bai paperean zein elektronikoan, horri erreferentzia egin diote, Ana Ortega ikasketa buruak nabarmendu duenez. Eskolatik ateratzean ere jaiaren abestia jartzen ari dira —sartzeko orduan, beti txalapartaren doinuak entzuten dira Arabako Errioxako inguru pribilegiatu horretan—, eta ikasleek etxera eraman dute abestia idatzita, ikas dezaten. Goiko mailetan Eneko Axperen biografia lantzeari ekin diote. Kalitatezko hezkuntza euskaraz bermatzea dute helburu eragin eremuko herrietan: Lantziego, Kripan eta Bilar. Horrez gain, erantzukizuna, begirunea, ulermena, autonomia, esfortzua, integrazioa, konpromisoa, ilusioa, baterako hezkuntza, justizia eta elkartasuna dituzte abiapuntu.
Ramiro de Maeztu HLHI (Oion)
📷 Lantziego ikastola
Igandera begirako prestakizunekin ibiltzeaz gain, Arabako Errioxako irakasleen artean formakuntza saio bat egin dute Oionen, maiatzaren 25ean. Jordi Collet hezkuntza adituaren eskutik, "komunitatea, familia eta eskolaren inguruan" aritu ziren hizketan, eta arras interesgarria izan zela dio Ramiro de Maeztu ikastetxeko Mikel Colomo ikasketa buruak. Azken egunotan eskolan Txapelpunk taldeko Iñigo Arrasate ibili da ere, eta zerbait esku artean badute ere, momentuz, ez dute misterioa argitu nahi. Oiongo ikasleez gain, inguruko beste herri batzuetako haur guztientzako eskola publikoa da Ramiro de Maeztu: Moreda, Labraza, Gorrebusto, Ekora, Assa, Serna, Meano eta Lapoblación (Nafarroa). 350 haur inguru hartzen ditu, 2 urtetik 12 urtera bitartean, eta B eta D ereduak eskaintzen ditu. Errespetua, integrazioa, parte-hartzea, berdintasuna eta tolerantzia dituzte abiapuntu.
Victor Tapia HLHI (Guardia)
📷 Victor Tapia
Boluntario bila dabiltza Guardiako ikastetxean Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera arituko diren dantzariak lortzeko, baina "beldur eszenikoa uxatzea" erraza ez dela aitortu du bertako zuzendari Oihane Eliok. Gainerakoan, guraso elkartearen eta zuzendaritzaren artean egin beharreko prestakizunekin ari dira igandeari begira, eta baita gurasoen eta ikasleen artean informazioa zabaltzen ere. Guardia, Paganos, Leza, Lapuebla de Labarca eta Elvillarko ikasleak biltzen ditu ikastetxeak, eta A eredua amaierako urteetan mantentzen bada ere, B eredua da nagusi eskolan.
Samaniego BHI (Guardia)
📷 IREKIA
Guardiako Samaniego ikastetxeko ordezkariak igandeko hitzorduan egongo direla aurreratu du bertako zuzendari Juan Francisco Bengoetxeak. Jaiari buruzko informazioa zabaltzen ari dira guraso eta ikasleen artean, besteak beste, web orrialdearen bitartez. Eskualdeko institutu publiko bakarra da Samaniego, eta 22 herrietako ikasleak biltzen ditu bere instalazioetan. "Ez dakit nik horrenbeste herri hartzen dituen beste ikastetxerik egongo ote den Euskadin", dio Bengoetxea zuzendariak, eskualdean garraioa beti buruhausteen iturri izan ohi dela gogoan izanda.