Arabako Errioxako beste ikastetxe publikoekin batera antolatzen ari dira Bastida eskolan ekainaren 5ean izango den Euskal Eskola Publikoaren jaia. Bertako zuzendari Itziar Gabilondok (San Salvador, El Salvador, 1988) aurreratu du jaiari "kutsu propioa" ematen saiatuko direla, batez ere, eskolan duten baliabiderik preziatuenaren bitartez: aniztasuna. Nabarmendu du begiradak "erabat aldatu" behar direla Arabako Errioxara joatean, eta "errealitatean oinarrituz" lur hartu behar dela.
Sei ikastetxeren artean egingo duzue jaia. Antzeko arazoak eta erronkak al dituzue?
Antzeko erronkak ditugu, bai; baina, modu berean, oso ezberdinak eta askotarikoak gara. Kasurako, leku batzuetan bakarrik eskola publikoa dago; beste batzuetan —Bastidan bezala—, publikoa zein itunpekoa daude. Hortaz, errealitate nahiko ezberdinak ditugu, baina inguru berdinean egoteak eta publiko izateak asko gerturatzen gaitu. Eremua ez da batere erraza, eta askotan irakasleok beste punta batetik etortzen gara. Ni neu Gasteizen bizi naiz. Horregatik, funtsezkoa da egonkortasuna lortzea ikastetxeetan. Bastidan bederen esango nuke azken urteotan egonkortasun hori lortu dugula. Eraldaketa prozesu bat hasi genuen duela hainbat urte, eta oso gauza potenteak egin ditugu. Igandeko jaia lan hori erakusteko egun aproposa izango dela iruditzen zait.
"Umeak eskolara egokitu beharrean, eskola umeei egokitzen saiatzen ari gara"
Eraldaketa, zer zentzutan?
Batetik, hemengo zuzendaritza ez zen egonkorra. Zazpi urtetan zazpi zuzendari egondakoak dira hemen, Iñigo Beristain azken-aurreko zuzendaria etorri zen arte. Egonkortasun bat ez badago, zaila da eskola bat zainduta egotea. Hemen mantentzen zarenean baino ez duzu lortzen proiektuarekin lotura bat eraikitzea. Irakasle bakar batzuk mantentzen ziren, eta horien saiakera guztiak oso onak ziren, baina taldearen babesa behar zuten. Behin egonkortasun hori lortu genuela, eraldatze prozesu bati ekin genion. Ikusi genuen erronka polita zela bai barruko espazioak zein horietan gertatzen zena eraldatzea. Pedagogia eta metodologiak eraldatu genituen. Eraldatze prozesu horren baitan eskolari beste irudi bat eman genion, bai barrutik zein kapotik ere. Herrira ere atera dugu eskola, eta eskolaren inguruan zegoen irudia landu dugu, bai herrian zein Hezkuntza Sailean ere. Lan asko egitea egokitu zitzaigun. Hemen bereziki aniztasuna landu behar izan dugu, eta, gure kasuan, ez da erraza izan. Aniztasunean lan egitea erronka polita da, baina, modu berean, oso zaila. Gizartearen beraren isla, hain zuzen. Dena dela, hezkuntzaren munduan oso gauza politak egin daitezke, baina babestuta sentitu behar gara honi guztiari jarraipena emateko. Horregatik da hain garrantzitsua igandeko jaia: Arabako Errioxa erdigunera ekarri behar dugu.
Aniztasun hori kudeatzea izango da erronkarik handiena?
Bai, saiatzen gara modu inklusibo batean aniztasun horri erantzun bat ematen. Egiten ditugun proposamenetan hori da agian gehien zaintzen duguna. Bakoitzaren erritmoa errespetatzen edota adinak nahasten, adibidez. Urte batean jaio izanagatik, ezin duzu suposatutzat eman ume horrek zerbait jakin behar duela. Azken finean, bere bizipenengatik edo bere egoeragatik, agian ez da gai zerbait menperatzeko, baina beste gauza batzuetan izugarri ona izan daiteke. Bakoitzaren erritmoa errespetatzen dugu, eta umeak hezkuntza sistemara egokitu beharrean, ume horri eta bere familiari egokitzen dugu eskola.
Hain herri txikian bi eskola egonda, Euskal Herri osoan hezkuntzaren alorrean dagoen eztabaida hori are gehiago ikusiko da hemen…
Nik uste dut gure errealitatera egokitu behar dugula, ahalik eta eskolarik potenteena eta politena egiten. Gainerako kontuak, beste batzuen erabakiak izan beharko dira agian. Gu, gure egunerokotasunean eragiten saiatzen gara, egoerari erantzun bat ematen ahalik eta modurik inklusiboenean. Egiten ditugun gauzak herrira ateratzen saiatzen gara, herriak ezagutu dezan zer egiten den beren eskola publikoan, eta udalak ere ikusi dezan eskola publikoa zaindu beharra dagoela.
Zure ustez, zein hezkuntza eredu beharko litzateke Euskal Herrian?
Nik uste dut publikoa dela bidea; tira, agian hobe mugatuko naiz hori esatera. Nik publikoan sinesten dut, eta eredu hori babestu beharra dago.
"Euskara indartzeko lan egiten ari gara, baina hau ez da soilik eskolari dagokion zerbait"
Euskalduntzeari dagokionez, erronka bikoitza izango duzue, aintzat hartuta askotariko ama hizkuntzak dituzten ikasleak dituzuela…
Aniztasun aldetik oso aberatsak izatea dakarren erronka da hori, bai. Dagoen errealitatea aztertu eta, horretan abiatuta, ahalik eta erantzun egokiena ematen saiatzen gara. Lan handia egiten ari gara euskararekiko motibazioa indartzeko, tartean, euskaraz ekintza pizgarri eta interesgarriak eskainiz. Baina euskalduntze prozesu hori ez da soilik eskolan eman behar, udalean eta herri mailan garrantzitsua da ere horri heltzea; azken asteotan, adibidez, udalak euskara plana aurkeztu du. Hortaz, ahaleginak egiten dira bai eskolan zein beste eremuetan; baina ez da batere erraza. Inguruari begiratu behar diogu, eta prozesu hori poliki-poliki eta ondo egin behar da.
Herrian babesa sentitzen al duzue?
Azken urteotan eskolaren irudia asko aldatu da, eta behintzat presentzia bat badugu herrian. Eskola publikoaren jaiarekin hori ere aldarrikatu nahi dugu: Arabako Errioxako eskola publikoa prozesu zail batean dago egonkortasunaren aldetik; baina, halere, gure proposamena da aurrera egitea daukagun erronkarekin.
Ikasturte hasieran, zer nolako 'marketina' egiten duzue ikasleak erakartzeko?
Gu beti saiatzen gara matrikulazio garaira soilik ez mugatzen, eta urte osoan eskola benetan herrira ateratzen. Proiektuka lan egiten dugu, eta emaitzak herrira ateratzen ditugu; familia guztiak gonbidatzen ditugu, ez soilik eskolakoak. Azken finean, eskola txikia gara, eta horrek ematen digu balore handi bat. Norbaitekin egon behar badugu, azkar jartzen gara harremanetan, eta beti aprobetxatzen dugu kontatzeko hemen egiten duguna. Adibidez, tertulia literarioak edota kafe tertuliak egiten ditugu, eta familiak gonbidatzen ditugu beti. Gure filosofiaren barruan dagoen zerbait da: familiarekin eta herriarekin batera eraiki nahi dugu eskola. Udalarekin ere harremanetan gaude uneoro, eta kolaborazioa gero eta handiagoa da. Herrian elkarbizitza mahaia dago, eta bertan ere partaide aktiboak gara. Bestetik, badira irakasle diren ama batzuk, eta horrek ere eman dio eskolari beste kutsu bat. Garrantzitsua da herrian bizi diren pertsonek erabaki dezaten beraien seme-alabak eskolara ekartzea. Beste eragileekin ere saiatzen gara harreman estuak izaten: guraso elkartearekin, pediatrarekin, gizarte langileekin…
"Eskolari buruzko ideia bat izan ohi dugu buruan, eta zaila da askotan horrekin apurtzea"
Aurrekoan aipatu didazu nolabait apurtu dituzuela eskola baten ezaugarriak. Zer pedagogia lantzen ari zarete ba?
Aldaketa eman dugu bai espazioen aldetik zein barruan gertatzen denaren aldetik. Eraikitze prozesu batean gaude orain, eta esango nuke ausartak izan garela. Testu liburuak kendu ditugu, euskarri bezala mantentzen diren arren.Proiektuka lan egiten dugu, eta tertulia dialogikoak eta asanbladak egiten ditugu. Tailerrak ematen ditugu euskara sustatzeko, eta adinetan ere aniztasuna lantzen dugu: batez ere Lehen Hezkuntzan adinak nahastuta daude: lehen, bigarren eta hirugarren mailako ikasleak elkarrekin daude. Haur Hezkuntzan ere 2-3 eta 4-5 urtekoak talde banatan daude. Talde horietan, ume bakoitzaren erritmoa errespetatzen saiatzen gara. Adinak nahastean ere baliabideak hobeto aprobetxatu ahal ditugu: batzuetan ikasgela bakoitzeko bi irakasle egon daitezke; horrela bi begirada lortzen ditugu, eta elkarlana bultzatzen dugu ere. Funtsean, eskolan astindu bat eman nahi izan dugu, eta dena pixka bat aldatu: begiradak, espazioak, familiekiko harremana, pertenentzia zentzua… eta, berriro diot, asmoa da igandean planteamendu horien berri ematea.
Argazkiak ateratzen egon garenean aipatu didazu antolakuntza lan gehiena EHIGEk egin duela. Zuek zertan kolaboratu duzue?
Guk gure kutsua eman nahi izan diogu jaiari. Aniztasuna da hemen goraipatzekoa den zerbait, eta jaian ere hori islatu nahi izan dugu. Dauden kontzertuetan, tailerretan edo bestelako proposamenetan aniztasun hori beti dago abiapuntuan.
Eskualde mailan, ikastetxeen artean kolaboratzen al duzue?
Kolaborazio hori aurrera eramatea erabat funtsezkoa da. Baina egia da ere gure arteko saretze lana batez ere pandemia aurretik egon zela, eta igandeko jaiarekin hori berrindartu nahi dugu. Desberdinak izanda ere, eskola txikiak gara, landa eremuan gaude, eta ezaugarri eta erronka komunak ditugu ere. Saretzeak elkarlana handitzen laguntzen du. Zuzendaritza taldeak elkarlanean aritzea edo funtzionamendu ereduak partekatzea oso interesgarria da beti.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik, babesa sentitzen al duzue eskolan?
Azken urte hauetan esan dezakegu babesa sentitu dugula, eta espero dugu aurrerantzean ere berdin jarraitzea. Trantsizio une bat bizi dugu; inflexio puntu bat. Pedagogiaren ikuspuntutik, eskola batek izan behar duenari buruzko ideia bat izan ohi dugu buruan, eta zaila da askotan ideia horrekin apurtzea. Horregatik behar dugu ere babes hori; bestela, hain aldaketa handiak egin ostean, amildegi sentsazioa izan dezakegu. Baina, tira, ate guztiak jo ditugu, eta leku guztietara jo dugu gure hezkuntza esperientziaren berri emateko. Ikastetxea asko aldatu da, eta horren berri eman dugu ahal izan dugun leku guztietan. Horri esker, orain herriko jende asko zalantzan dabil seme-alabak non matrikulatu erabakitzeko unean.
Itziar Gabilondok nola irudikatzen du hamar urte barruko Bastida eskola?
Espero dut gaurko eskolarekin alderatuta desberdina izatea. Horrek adierazi nahiko luke benetan eraikitze prozesu bat izan zela, eta pixkanaka egokitu dela benetan gizartean dagoen egoerari. Uste dut ezin direla berdin mantendu ikastetxeak: joan behar dira aldatzen eta errealitate berrietara egokitzen.