Joan den astean, Guardiako alkate Lucio Castañedak dimisioa eman zuen, arrazoi pertsonalak eta gobernu barruko desadostasunak zirela eta.
Horren ostean, akordio batera iritsi dira EAJ eta EH Bildu: alde batetik, subiranistek EAJko Raul Garcia Ezkerro alkate berriaren inbestidura ahalbidetu dute; bestalde, jeltzaleek hainbat konpromiso hartu dituzte legealdiaren amaierari begira.
Raul Garcia Ezkerro, 28 urteko alkate berria, Kultura, Herritarren Partaidetza eta Berdintasun Saileko zinegotzia eta bigarren alkateordea izan da azken urteetan.
EH Bilduk prentsa ohar batean iragarri duenez, honako hauek dira hurrengo udal hauteskundeen aurretik markatutako lehentasunak:
- Informazioa, gardentasuna eta komunikazioa hobetzeko mekanismoak abian jartzea, bai gobernu taldearen barruan, bai udalerriko herritar guztiei begira.
- A-124 errepidearen behin betiko konponbidea lortzea, bai zeharbidean, bai bidegurutzean, herritarren segurtasuna bermatzeko.
- De la Barbacana izeneko lursailak bere jabari osoan izateko behin betiko irtenbidea, eta espazio horretan osasun zentro berri bat eraikitzea.
- Etxebizitza babestuko programa bat bultzatzea, Guardiako biztanleak finkatzeko eta gazteei nahiz sektore ahulenei etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera bermatzeko.
- 2010. urtean Peñentzako diru-laguntzen inguruan sortutako egoerari behin betiko irtenbidea.
- Udalerriko landa-bideak hobetzea eta mantentzea.