Guardiako Udalaren osoko bilkurak astelehenean onartuko du 76 urteko Lucio Castañeda alkate jeltzalearen dimisioa, eta egungo alkateorde Raul Garciak ordeztuko du. El Correo egunkariak argitaratu duenez, karguari uko egiteko EAJ, EH Bildu eta PSEko zinegotziek osatutako gobernu taldearen barruko "desadostasunak" argudiatu ditu Castañedak, baita "arrazoi pertsonalak" ere.
Antza denez, osoko bilkuraren hurrengo idazkariaren inguruko desadostasunek eragin dute 2019tik alkate izandakoaren erabakia-; hainbat iturriren arabera, kargu horren soldata igoerak piztu du EH Bildu eta PSEko bazkideen arbuioa. Nolanahi ere, arrazoi pertsonalek —familiako osasun arazoak eta bere adina bera— pisu handia izan omen dute erabakian.
Gobernua EAJko bi zinegotzik, EH Bilduko beste bik eta PSEko batek osatzen dute, eta PPren hiru zinegotziak dira oposizioa. Lehen alkateordea EH Bilduko Angel Coca da, eta automatikoki berak hartu beharko luke makila. Hala ere, zantzu guztien arabera, EAJren bigarren zerrendakide Raul Garciak —gaur egun alkateordea— hartuko du udal gobernuaren lidergoa.