Maiatza poesiaren hilabetea da Araban. Igandetik aurrera, dozenaka txoko hartuko dituzte poemek eta horiekin antolatzen diren errezitaldi, lehiaketa eta saio desberdinek. Berezia izango da aurten, gainera, hamar urte beteko baititu Poetak Maiatzean jaialdiak, eta horren erakusgarri da prestatu duten egitarau aberatsa. Joseba Sarrionandia, Elvira Sastre, Hector Alterio, Miren Agur Meabe, Marwan edo Luis Garcia Montero gerturatuko diren izen handietako batzuk baino ez dira, baina poesiak beste hamaika modutara ere zipriztinduko du lurraldea. Horren atzean lantalde zabala ari da lanean, eta Elisa Rueda (Markina, 1959) guztien buru. Duela hainbat urte Gasteizko Alde Zaharreko etxarteetan antolatu zituen poesia saio haietatik jasotako emaitza, gogoratu duenez.
Hamar urte dagoeneko. Ez da ohikoena poesia jaialdi batek halako harrera izatea...
Behar batetik sortu zen. Alde Zaharreko etxarteetan saioak antolatzen hasi ginen, bi urtez, eta jendeak beste pauso bat ematea eskatzen zigun. Poesia kalera ateratzeko leku bat behar zela uste zuten, eta bultzada hartatik sortu zen Poetak Maiatzean. Nik beti izan dut poesia esku artean, baina ordura arte nire koadernoetan bakarrik. Eta jauzia ematea erabaki genuen. Hasieran astebeteko jaialdia antolatu genuen, aurrekonturik gabe, gonbidatuak gure etxeetan banatuta... Eta poliki-poliki ikasten joan gara, eta jaialdia hazten joan da.
Zer berezitasun du Poetak Maitzean jaialdiak besteek ez dutenik?
Ez du beste jaialdiekin zerikusirik. Jendearen partehartzea gakoa da honetan. Normalean beste jaialdietan poeten errezitaldiekin amaitzen da eskaintza. Baina honetan arabarrok parte hartzen dugu, eta ez bakarrik poetak. Elkarte eta kolektibo ugari batuko dira hurrengo asteetan euren eskaintza egiteko: elkarteak, eskolak, upategiak, loradendak... Hori da berezitasuna, herritik sortzen dela. Ez dut halako beste jaialdirik ezagutzen. Gurea da, eta harro zabaldu behar dugu lau haizetara.
Hamargarrenerako sekulakoa prestatu duzue.
Bai, izugarria. Izen handiekin batera, herritarrek euren ekarpena egiten jarraitzen dute, eta oraindik egitaraua osatzen ari gara bateko eta besteko proposamenekin. Badira maiatzean jaialdiaren berri jakin eta batzea pentsatzen dutenak; bakoitza bere modura, ongi etorria izango da jaialdira. Eta ez bakarrik Gasteizen, lurraldeko herri askotatik datoz proposamenak.
Publiko garrantzitsua dira gazteak, ezta?
Gazteengan pentsatu behar dugu, bestela honek ez du zentzurik. Poesia zabaltzen jarraitu nahi badugu, eurengana iritsi behar dugu. Eta kontuan hartuta ez dela erraza eurengana heltzea. Beti pentsatzen dugu poesia helduentzat dela, eta egia da gurean ere adineko publikoa daukagula, baina esfortzua egin behar dugu gazteengana iristeko. Eta, horretarako, besteak beste, Poetak Versus saioa indartu dugu, bertsoak eta poetak batzen dituen saioa, edo rap saioak; hirian egiten den poesia hori baita, azken batean. Ehun poeta batuko dituen ekitaldian ere gazteak izango dira aurten. Adin guztietako publikoa du jaialdiak, baina arreta berezia jarri nahi dugu.
"Gazteengan pentsatu behar dugu, bestela jaialdi honek ez du zentzurik. Poesia zabaltzen jarraitu nahi badugu, eurengana iritsi behar dugu"
Aurretik nola lotu gazteak poesiara? Eskoletan badu lekurik, ohiko metrika azalpenez harago?
Teoria ondo ikasten da, baina hortik ateratzea izan behar du erronka. Eta ni horretan saiatzen ari naiz. Euskara irakaslea izan naiz orain arte, eta poesia eskolan barneratzeko nire saiakerak egin ditut, baina hemendik aurrera beste modu batera egingo dut. Erretiroa hartu berri dut, baina ikastetxeetara joaten jarraitzen dut gehien gustatzen zaidana transmititzera, eta gainera notarik jarri gabe kar-kar. Poeta bat eskolara doanean eta errezitatzen ikusten dutenean, beste zerbait pizten da. Badaude ohiko ikasketez harago lanketa berezia egiten ari diren eskolak, eta ikasturte guztian zehar lantzen dutenak lehiaketa edo saio desberdinen bitartez: Ikasbidean, Ramon Bajon, Ekialden... Eta egon badaude poesia idazten duten gazteak ere, niregana heltzen dira horietako batzuk, baina argitara ateratzeko babesleku bat edo bultzada bat behar dutenak.
Zu nola heldu zinen poesiara?
Irakasle baten eskutik. Normalean denok dugu gogoan irakasleren bat literaturara gerturatzeko ezinbestekoa izan dena. Pipa erretzen zuen irakasle bat izan nuen, poesia errezitatzen zuena, eta horrek zerbait piztu zuen nigan. Irakurtzea asko gustatu izan zait txikitatik, eta Machado deskubritzea izugarria izan zen; maitemindu egin nintzen, eta maiteminduta jarraitzen dut. Orduan hasi nintzen poesia irakurtzen eta idazten.
Zer du poesiak beste testuek ematen ez dutenik?
Poema batean istorio oso bat daukazu, bertso gutxi batzuetan bizitza xurgatzen duzu. Berezia da poesian gertatzen dena; poeta batek gauza bat idazten du, eta zuk irakurtzean zure egiten duzu, momentuaren arabera ere aldatzen dena. Zeureganatu egiten duzu, eta nolabait idazlearena izateari uzten dio. Hori da poesian bilatzen dudana: emozioa, ikastea...
Zer bilatzen duzu poesian?
Ukitu egin behar nau, zerbait esan behar dit, eta batek daki noiz eta nola gertatuko den hori. Burutik sartu eta barruan eztanda moduko bat gertatzen ez bada, ez dit balio. Arakatzea gustatzen zait, poeta desberdinen artean, eta orain batez ere gazteak nola idazten ari diren interesatzen zait, helduok ditugun arauak nola apurtzen dituzten... Irakurtzen dudanean nonbaitera eraman behar nau.
Poesia ere idazten duzu tarteka. Zer bilatzen duzu?
Ez dut helburu argirik. Ateratzen zaidalako idazten dut, behar dudalako. Izki parkean askotan egiten dut paseotxoa, eta orduan nahi gabe ateratzen zait, ez dakit naturak bultzatuta ala gordeta daukadan... Bururatzen zaizkidanak mugikorrean apuntatzen ditut ez ahazteko. Eta guztiaren artean zenbait publikatzen ditut, tarteka; pasa den urtean Zenbat denbora nire euskarazko lehenengo poema liburua argitaratu nuen, eta aurten Marta Extramianarekin batera Nire zapatila jostalariak umeentzako lana. Material ugari daukat gordeta, baina ez daukat denborarik dena antolatzeko. Erretiroa hartuta, hemendik aurrera baliteke idazteko denbora gehiago izatea.
Jaialdia poesiara lehen aldiz gerturatzeko modua izan daiteke?
Batzuek esaten dute ez dutela poesia irakurtzea gustuko, baina, aldiz, atsegin dute entzutea. Beste zerbait da entzutea, eta horretarako jaialdia aukera ederra da. Gainera, entzutearekin batera, irakurzaletasuna ere pizten da, irakurtzeko gogoa dator atzetik. Liburu dendetan ere esan didate maiatzean poesia liburuen salmenta hazten dela...
Aurten prestatu duzuenaren artetik, zer nabarmenduko zenuke?
Nire "umea" da osorik, eta zaila da ekitaldi bat aukeratzea. Baina, nabarmentzearren Itsasoari begira izeneko egitasmoa aipatuko nuke; hondartza ekarriko dugu Gasteizera. Azoka plazako goiko aretoa hondartza bilakatuko da, hamaka eta guzti. Kanarietako hamabost poeta izango dira maresía (ihintza) gai hartuta. Normalean ez diegu gairik jartzen hilabete osorako, baina nahi gabe ere itsasoa lotura izango da aurten ekitaldi batzuen artean. Joseba Sarrionandiaren ikuskizunean ere, esate baterako, itsasoa izango da ardatza. Baina programa zabala da, eta norberak gustuko saioa bilatzea izango da aproposena (poetasenmayo.com).
Jaialdiaren ostean, geratuko da poesiarik Araban?
Poesia presente dago Araban, eta gero eta osasuntsuago dagoela esango nuke. Ekimen interesgarriak egiten dira urtean zehar. Laia eskolak antolatuta, esate baterako, La hora violeta izeneko irakurle klub feminista bat dago, eta literatura nola loratzen ari den ikusten ari naiz, eta horren barruan poesia. Emakumeak, herrietan, lan handia egiten ari dira, eta oso polita da. Eta, hain zuzen, emakumeak dira jaialdian ere gehien parte hartzen dutenak.
Egun bizi dugunari buruzko poemarik bada? Gerra, krisia...
Poesia soziala ezinbestekoa da. Gertatzen ari dena salatzen ez badugu, jai daukagu... Poesia "etorkizunez" betetako arma dela diote, eta nik esango nuke "orainaldiz" betetakoa dela. Poetei hori ere eskatzen diet, gaurko egoerari buruz idaztea. Buruan dut orain Angela Figuera; berak 36ko Gerraz idatzi zuen, eta gaur irakurtzen duzunean Ukrainan gertatzen ari dena ikusten ari zara. Emakumeei buruz idazten dituen poemetan ere orain gertatzen ari denarekin parekotasun handiak daude. Dena ahaztu egiten dugu, baina errepikatu egiten da.