Inuzente Eguna kristautasunaren tradizioarekin lotutako jaia bada ere –Herodes I.aren aginduz hil ei zituzten Belengo bi urtetik beherako haur guztien omenez egiten da–, lagunei eta familiarrei txantxak egiteko ohitura neguko solstizioarekin ospatzen ziren jaien hondarra da. Jai horietan dibertsio eta arau sozialak hausteko errituak nahasten ziren, eta jateko eta edateko elkartzen ziren herritarrak abenduaren amaieran. Denborarekin, ospakizun horiek tradizio kristauekin nahastu ziren eta tokian tokiko ezaugarriak ere hartu zituzten.
Horietako adibide asko gorde dira: Arabako kasuan ezagunak ditugu errepuierre, mañak, martxoak edo herri batzuetan erretzen dituzten panpinak eta egiten dituzten suak. Baina galdutako tradizioak ere badira, eta horien artean bitxiena da Elvillarren, abenduaren 28an, egiten zuten Txori Erregearen jaia. Ernesto Garcia Fernandezek berreskuratu zituen joko edo maskarada horren nondik norakoak herriaren fundazioaren 350. urtemugaren harira Udalak argitaratu zuen liburuan, eta, haren esanetan, euskal eremuan ez da beste horrelakorik ezagutzen.
Urtero Guardiako lurretan sartzen zen Txori Erregea, abenduaren 28an
Txori Erregean behe-klaseko gazteek osatutako taldeak, mozorrotuta eta garrasika, herriko kaleetan zehar ibiltzen ziren, bidean zeudenei txantxak eta isekak eginez. Kuadrillan buruzagi bat zegoen, Errege Txoria, eta normalean txoriz mozorrotzen zen. Joko mota hori oso ezaguna egin zen Erdi Arotik Europako hegoalde osoan. Emakumeek jai horretan izan zuten parte-hartzearen inguruan oso gutxi jaso dute historialariek, baina Alacanteko Agost herrian, esate baterako, emakume bat ageri da txori erregearen papera egiten.
Elvillarren, berriz, uste da XV. mendetik ospatzen zutela jaia. Hasiera batean, herriko jendea eta gazteak kohesionatzeko balio izan zuen maskaradak, eta berez, Elvillarreko kontzejuak Guardiako Udalaren aurrean bere ehiza-eskubideak aldarrikatzeko erabili zuen ospakizuna.
Garcia Fernandezek artxibo zaharretan arakatu ostean jaso duenez, Elvillarreko Txori Erregea eta bere kuadrilla, urtero, abenduaren 28an, ehizatzera sartzen ziren Guardiako lurretan. "Txori Erregea eta bere mendekoak Guardiako bazkalekuetan sartzen ohi ziren ehizatzera, bandera batekin, danbolin batekin, makilekin, lantzekin eta txakurrekin". Modu horretan, lurren erabileraren inguruan Guardiako hiribilduarekin zituzten gatazkak agerian jartzen zituzten herriko gazteek. Ondoren, kuadrilla osoak hamarretakoa egiten zuen, eta jaiarekin hurrengo egunera arte jarraitzen zuen.