Lurrinen iragarkiekin "hasten" dira Gabonak. Edozein telebista katetan ageri dira horien iragarkiak, gehienetan gorputz estereotipatuak, gazteak eta ederrak erakutsita, eta urrundik ekarritako usain exotiko eta gozoak iragarriz. Calvin Klein, Carolina Herrera, Gucci, Paco Rabanne, Hugo Boss... Horiek ezagunak egiten zaizkigu komertzialak direlako. Gertuago ditugun beste batzuen berri, ordea, apenas jasotzen dugu.
Bada, zelofan gutxiagorekin eta antzinako emakumeen jakintza berreskuratuz egiten ditu lurrin artisauak Eli Diezek (Panama, 1987). Arabako Errioxako mendietan jasotzen dituen osagai naturalak erabiltzen ditu: "Mendiko aromak direla esan didate, gehienbat erromeroa, ezkaia, izpilikua edo ipurua erabiltzen ditudalako, hemen ditugun landareak; eztiarekin ere asko egiten dut lan, batik bat intsentsu eta kosmetiko batzuk egiteko". Paganos erdian du tailerra, eta bere osagai kuttunen artean ez dira falta Arabako Errioxako ardoa eta bertako olioa.
Duela hamar urte inguru hasi zen lurrinak eta ukenduak egiten Diez, Paganosera iritsi zenean; eta duela gutxi afizioa ofizio bihurtu du. Antzinako belar-biltzaileak eta alkimistak bezala, etxeko sotoan antolatu du laborategi txiki bat eta bertatik martxan jarri du Gaua Perfumes online denda. Lurrin solidoak eta likidoak, ukenduak, tinturak eta intsentsuak egiten ditu errioxarrak. "Gaur egun, perfume ia guztiak sintetikoak dira; ez dut ezer horren kontra, baina nahiago dut perfume naturalak egitea, inguruan ditudan osagaiak erabiliz".
Ingurumen Zientziak ikasteko etorri zen Euskal Herrira Diez, eta ondoren sukaldaritza, naturopatia, fitoterapia eta lurringintza ere ikasi ditu. Gainera, duela lau urte, arratsaldez Gasteizko belar-denda batean beharrean hasi eta botanikaren munduan sakontzen hasi zen.
Emakumezkoen jakintza
Halere, belar-biltzaile eta lurringilea izateko grina Arabako Errioxako emakumeengandik jaso du."Amama asko daude ezagutza gorde dutenak. Herriko emakumeek mantendu dute gehienbat ukenduak eta tinturak egiteko ohitura; asko galdu da baina, hemen, Elvillarren, badago emakume bat, Maria Jesus, oraindik ukenduak egiten dituena". Diezen bikotea Samaniegoko okina da, eta herriz herri ogia banatzen zutenean herrietako emakumeek erakusten zioten nola egiten zituzten ukenduak eta zer landare erabiltzen ziren. "Asko ikasi nuen. Horregatik sortu zitzaidan gehiago ikasteko grina, ezagutza hori guztia galdu delako. Erabaki nuen ezagutza hori berreskuratzea eta inguruko belar-biltzaileengandik eta amamengandik ikastea". Aitaginarreba ere mahastizalea, erlezaina, okina eta pintorea da, tradizioa mantendu du, eta harengandik ohitura asko ikasi dituela nabarmendu du Diezek.
Dena den, eskualdeko emakume belar-biltzaileen memoria berreskuratzeko lana nekeza da. "Hemengo emakume guztiek zerbait dakite, denek dakite; plazan gelditzen zarenean haiekin hitz egiten denek esaten dute: hemen, frankismoan, gosea zegoenean, hau eta beste hori hartzen genuen… Landare toxikoak ere ezagutzen dituzte, arrosa mota desberdinak… Ez dira kontziente, baina denak dira maila batean edo beste batean belar-biltzaileak". Alta, Diezek dioen bezala, garrantzirik ez diote eman botanikari buruzko jakintza horri, eta ez dute belaunaldiz belaunaldiz transmititu. "Tradizioa transmititu bada, ahoz aho baino ez da izan; liburu zahar askotan kristautasunak eskua sartu zuen eta gauzak pintzekin hartu behar dira".
Ezagutza zaharra da lurringilearena. Diezen kasuan, esate baterako, lurrin solidoak egiteko bost mila urte inguru dituen teknika bat erabiltzen du: loreak aukeratu ondoren, oliba edo koko olioarekin eta erleen argizariarekin nahasten ditu, aromaz blaitzeko, eta nahasketak ukenduaren testura hartzen duenean, aroma esentzialak gehitzen dizkio. "Aroma esentzialak erosi behar ditut, beste artisauenak lortzen saiatzen naiz, baina ez da erraza aurkitzea". Beraz, Gaua Perfumes lurrindegiko jabearen hurrengo urratsa landareen koipe esentzialak eta aromak destilatzea izango da, eta horretarako ari dira Paganosko upategia egokitzen.
Lurrin likidoak, berriz, mazerazioaren bidez lortzen ditu. "Mirra, arrosa, albaka edo mendaroarekin egiten ditut. Mendaroa, adibidez, hemen inguruan hazten da, baina babestuta dagoenez, kanpoan erosi behar dut. Hasi nintzenean belarrak biltzen, hemengo basozainari galdetu nion ea arazorik zegoen biltzeko, baina urtean bostehun gramo baino gehiago ez ditudanez hartzen, araudia errespetatzen dut".
Tinturak ere fabrikatzen ditu asuna, olioa, erromeroa, amodio-belarra edo izpilikuarekin. "Batzuk aromatikoak dira, eta beste batzuk sendagarriak"; eta azken aldian erretzeko intsentsuak egiten saiatzen ari da: "Oso zaila da, aglomeratzaile bat behar delako, eta nik eztia erabiltzen dut, baina hezetasuna du… Probak egiten ari naiz, guztia nire inguruko osagaietara egokitzea nahi dut, eta ez da erraza".
Usainen memoria
Lurringintzan ezinbestekoa da oso zehatza izatea eta oinarrizko konposizioak egiteko den-dena pisatu behar da, tantak eta landareak. Halaber, sormenaren aldetik asko du: aroma gurpilak sortu behar dira osagai desberdinek askatzen dituzten usain-notak antzemanez, eta horiek oroimenarekin eta emozioekin lotzen dira maiz. "Haritzondoaren tinturak upategira usaintzen duela esan didate; erromeroaren tinturak, berriz, jaien usaina du, mañen usaina; izpilikuak mendiaren usaina gogoratzen die…".Gabonetako oroitzapenak pizteko egokia izan daitezke, beraz, "ardo beroaren eta gaztaina errearen" usaina duen Hostoa perfumea edo Egurra, "iparraldeko basoetan inspiratuta".
Bermuta, 'made in Navaridas'
Landareen balio kosmetikoaz gainera, aspalditik erabili izan dira fruitu basatiak jakiak eta edariak egiteko. Patxarana da gure artean ezagunena, baina bestelako likoreek ere landareak erabiltzen dituzte maiz. Egun, bermut ezagunenak Italian, Frantzian eta Katalunia aldean egiten dira, baina Navaridasen duela gutxi bermut artisaua egiteko lehen urratsak egin dituzte, Eli Diezen eta herriko gazteen eskutik.
"Alkatea enteratu zen gazte batzuk ari zirela bermuta egiteko ikasten, eta herri hauetan jendea edozer gauza berri sortzen denean berehala animatzen da parte hartzera", azaldu du Diezek. Gazteek –mahastizainen seme-alabek– oinarrizko errezeta egin zuten, baina landareez ez zekitenez, Diezi deitu zioten, laguntzeko.
"Bermutak dituen landare batzuk, asentsio-belarra bezala, arriskutsuak dira, toxikoak, dosia botatzen jakin behar da. Asentsio-belarra zizare-belar bat da, sorginek lehen erabiltzen zutena, sendagarri oso ona da baina toxikoa ere izan daiteke maila batean". Beraz, landareen erabilera seguruaren inguruko aholkuak eman zizkien Diezek eta diseinuan lagundu zien. "40 landareren inguruan sei bermut klase atera genituen". Bermuta egiteko landare guztiak alkoholean beratzen jarri zituzten, eta Arabako Errioxako ardoa gehitu zioten."Navaridas gozoak izpilikua eta arrosak ditu; mingotsak astakamamila; eta Erdi Arokoak ardo hipokratikoek erabiltzen zituzten osagaiak ditu: erromeroa, ezkaia, astakamamila, kamamila…".
Saiakerak emaitza onak izan ditu herrian. Izan ere, 60 bat lagunek parte hartu zuten antolatu zuten dastaketan, eta gehien gustatu zitzaiena Navaridas gozoa izan zen.