Julio Flor

"Beti positiboan komunikatzen saiatzen naiz, jendearen alde"

Juanma Gallego 2021ko aza. 1a, 08:00

Julio Flor kazetaria saritu dute Euskal Herriko kazetariak biltzen dituzten elkarteek. JULIO FLOR

Arabako Errioxako errealitatea blog baten bitartez ezagutarazteagatik, Euskal Kazetarien Elkarteak Julio Flor kazetaria saritu du. Eskualdean eta, bereziki, bertako biztanleen artean istorio ederrak aurkitu ditu egileak.

Errioxako eremua Unescoren Munduko Ondare izateko Hautagaitzari laguntzeko jaio zen blogriojaalavesa.eus bloga, baina, denborarekin, bertako errealitatea ezagutarazteko ezinbesteko tresna bilakatu da. Albisteak baino, bertako jendearen eguneroko lana eta bizipenak jasotzen dira bertan, oso modu landuan. Ahalegin hori saritu dute orain Euskal Kazetarien Elkarteak eta Elkargoak, blogaren zuzendari Julio Flor kazetariari (Avila, 1956) Kazetaritza Digitala / Narratiba berriak alorreko aurtengo saria emanez.

Lehenik eta behin, zorionak. Nola bizi duzu sari hau jaso izana?

Eskerrik asko. Gaur egungo egoera ikusita, kazetariontzako saririk onena da lanbidean jarraitu ahal izatea. Aurretik beste hainbat sari jaso ditut, batez ere Radio Euskadin lan egiten nuenean, eta horiek guztiak eskertzekoak dira, noski. Baina, sari honen kasuan, bereziki argi daukat Arabako Errioxako jendearekin eta herri guztiekin partekatu nahi dudala, eta hori idatzi berri dut blogean.  

Mugan dagoen eskualdea izanik, askotan hor dagoela ere ahaztu egiten zaigu, ezta?

Bai. Eskualdeko jendeak lan izugarria egiten du bertaratzen diren bisitariei azaltzeko Ebro ibaiaren alde honetako herri gehienak Euskal Autonomia Elkartekoak direla; bai kanpoko bisitariei, baina baita Euskadi barruko bisitariei ere. Beste egunean bertan, TVE telebistan, eguraldiko aurkezle batek Guardia Errioxako hiriburutzat aurkeztu zuen, eta beste batean La Vanguardia egunkarian herrien argazki oinak ere gaizki jarrita zeuden. Umorez hartu beharko dugu, baina pedagogia egiten jarraitu beharko dugu ere.  

Nondik abiatu zen bloga?

2014ko udan, Eusko Jaurlaritzak lantalde bat abiatu zuen, Unescoren hautagaitza lantzeko. Lehen momentu horretan EAEko eta Errioxako gobernuek parte hartzen zuten. Unescoren ebaluatzailea etorri zenean, esan zuen proposatutako eremua handiegia zela. Errioxako gobernuak ekialdeko Errioxaren lurralde handi bat kanpo utzi behar zuenez, ez zuen hautagaitzarekin jarraitu, eta horregatik aukera horrek ez zuen aurrera egin. Orain linbo antzeko batean geratu da kontua. Denborarekin, baina, bloga beste zerbait bilakatzen joan zen, hedabide bat bezala. Nire ustez bederen, ogibide honetan 39 urtez eman ondoren, blogarekin lortu dut kazetaritza liriko eta hurbila egitea, jendearen arima bilatzen duena, eta nik ere nire arimaren zati bat uzten dut zereginean. Olibari, ardoari eta, gutxiago bada ere, zerealari lotutako eskualdea da, eta gai horiek guztiak jorratzen ditut; baina, batez ere, bertako jendearekin egoten naiz. Adiskide mordoa egin ditut bertan. 

"Jendearen arima bilatzen duen kazetaritza egiten dut, nire arimaren zati bat utzita ere"

Titular handietan joan ohi ez den jende interesgarri hori, ezta?

Bai. Batez ere bertako biztanleekin egoten naiz: olibazainak, mahastizainak, familia upategietakoak, hoteletakoak, jatetxeetakoak... jende ederra da bertan aurkitzen duzuna. Berez ez dira soilik elkarrizketak: askotan egun erdia ematen dut beraiekin.  Tira, Guardiako Maria Joseren okindegian, adibidez, istorio ederrak topatuko dituzu! Nik ekoizpen guztia egiten dut, argazkiak egin, testuak idatzi eta editatu, eta, zenbaitetan latza izan arren, oso ondo pasatzen dut. Bestetik, uste dut kazetaritza egin behar dela jendearen izaera errespetatzen. Antonio Alvarez Solis adiskideak zioen moduan, kobrezko hari bat osatzen elkarrizketatuaren eta publikoaren artean. Sei urte hauetan, inor ez da nirekin haserretu, eta hori izango da tentuz eta txukun lan egin dudalako. Bestalde, niretzat oso garrantzitsua da saiatzea positibotasunetik komunikatzen, eskualdearen eta bertako jendearen alde. Landa eremuan zailtasun asko dituzte, eta lagungarria da positiboan komunikatzea. Bestela, badakizu, askotan arazoa da kazetaritza elikatzen dugula liskarretatik eta irainetatik. Egun batean norbait ateratzen dugu, eta hurrengoan, beste norbait, aurrekoari erantzuten. Baina hori ezin daiteke izan zintzotasunetik egindako blog baten ezaugarria. Landa eremuan egiten den lana aintzat hartu eta aitortu behar da. 

Hori ere bada sari bat ogibidean, ezta? Jakitea zure iturriekin zintzotasunez aritu zarela...

Hala da, bai. Blogean agertzen diren iruzkinak irakurtzea besterik ez dago. Txundituta nago jasotako erantzunarekin, maitasuna eta txera ona besterik ez dut jaso. Orain arte ere maitasuna erakutsi izan didate, baina eskertzekoa da ikustea nola jende asko jarri den ordenagailu aurrean, eta antzematen zaie denbora bat egon direla pentsatzen zer idatzi behar zuten iruzkin horietan. Eta gero, gainera, arlo intimoagoan edo, whatsapp bat bidaltzen dizute, zoriontzeko. Halakoen aurrean, zer esan? Garrantzitsua da zure lana ondo egitea noski, baina blogak  lagundu nau kazetaritzarekiko grina mantentzen, eta hori beste sari bat da. Tira, urte hauetan guztietan... Pepe Mujica elkarrizketatu dut, Julio Anguitarekin liburu bat idatzi dut, eta artistarik handienekin egon naiz... hori bikaina izanik ere, gaur egun jende xehea elkarrizketatzen ibiltzea ere zoragarria da. Teoriak esaten du jende guztiak baduela elkarrizketa bat, eta orain, praktikan hori  egiaztatu ahal izan dut. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago