Garai nahasian dator mahats-bilketa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko urr. 2a, 10:00
Aste honetan hasi dira mahatsa biltzen Arabako Errioxan. PHOT.OK

Mahatsaren prezioa urtetik urtera baxuagoa izateak eta Rioja sor-markaren kontseiluak sustatzen duen filosofiak eta produktibitatean oinarritutako merkatu ereduak Arabako Errioxako upategi asko galzorian jarri ditu. Hektarea gutxi dituenak zaila du aurrera egitea.

Mahatsaren prezioaren kezka ez da baretu aurtengo kanpainan. Iazko ataka berdinean daude gaur Arabako Errioxako mahastizainak, edo are okerrago koronabirusak eragindako kalteak gehitu direlako. Bestalde, hektarea gutxirekin kalitatezko ardoa egiten jarraitzen duten eskualdeko upategi txikiek eta ertainek Rioja izendapenaren menpe gero eta deserosoago daude. Ez da harritzekoa. Talde handiek haien mesedetan ezarritako joko arauekin aritu behar baitira.

Prezioak ekoizpen kostuaren azpitik pagatzen direlako protesta egin dute UAGA sindikatuko mahastizainek estatuko beste hainbat erakundeko nekazariekin batera, hilaren 15ean, Logroñon (Errioxa, Espainia), mahats-bilketaren atarian. "Rioja sor-markako mahastizainek galera ekonomikoak izan genituen iragan urtean, upategiek ontziratu gabe erosten duten mahatsaren eta ardoaren prezio urriengatik. Egoera horren aurrean, Elikadura Katearen Legearen urraketa salatu genuen. Aurten, berriz, mahats-bilketa abiatu bada ere, ez dakigu oraindik gure mahatsa eta gure ardoa zer preziotan salduko ditugun".

"Ez dakigu oraindik gure mahatsa eta gure ardoa zer preziotan salduko 
ditugun" 

Ezinegona aspaldikoa den seinale da Eusko Legebiltzarrak Arabako Errioxan mahatsaren prezio bidezkoak eta duinak ziurtatzeko maiatzean onartu zuen akordioa. Horren arabera, Eusko Jaurlaritzak Arabako Errioxan ekoitzitako mahatsaren ehunekoa kontuan hartu beharko luke upategiei laguntzak ematerakoan. Era berean, mahatsaren salerosketa-kontratuen ikuskapenean kontrolak handitu beharko ditu Jaurlaritzak, "mahastizainak babesteko eta haiei mahatsa ekoizpen-kostuen gainetik ordaintzeko". Akordioan jasotzen dutenez, sektore horretan eskualdeko 1.700 familia (%60) ari dira.

EH Bilduk bultzatu du eskaera, EAJ eta PSEren babesarekin, eta Elkarrekin Podemosek ere bat egin du proposatutako neurriekin. Talde abertzaleak salatu duenez, upategi handiak, mahats-bolumen handiena kudeatzen dutenak alegia, "oso merke" erosten ari dira mahatsa, "jaso gabe geratzen den mahatsagatik Ministerioak ordaintzen duen prezioaren azpitik ere". Itxaso Etxebarria legebiltzarkide abertzalearen esanetan, "batzuetan errentagarriagoa da mahatsa jaso gabe uztea, zein preziotan ordainduko dizuten jakin gabe saltzea baino. Lotsagarria da, iraingarria pertsona horien dedikazio, lan eta duintasunerako". Egoera horretan, beraz, "ez da harritzekoa orain arte nekazarien esku zeuden mahastiak upategi handien eskuetara pasatzen ari direla ikustea".

Arabako Foru Aldundiak ere esku-hartzeko beharra ikusi du, panorama ikusirik. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak mahastizainen kexak gogoan izan ditu mendemaren atarian: "Ez da normala, mahats-bilketa hasteko egun gutxi batzuk falta direnean, Arabako Errioxako nekazari gehienek ez jakitea zein preziotan salduko duten mahatsa". Gaineratu du Elikadura Katearen Legeak eskatzen duela "idatzizko kontratuak, ekoizpenaren kostuak estaltzen dituzten prezioekin eta ezarritako ordainketa-epeekin".

Etorkizun hobeago baten bila

Mahats zuria biltzeko lanak egiten ari dira egunotan Arabako Errioxan. Zuriak eskualde horretako mahasti guztien %7-8 baino ez dira. Mahats beltzaren bilketa, berriz, astebete inguruko atzerapenarekin dator, herrien arabera, eta aste honetan espero dute lehen mahats-mordoak mozten hastea. Urrian, beraz, eguraldiak laguntzen badu, bete-betean ibiliko dira mahatsa biltzen Arabako Errioxako upategiak.

"Ez da harritzekoa nekazarien esku  zeuden mahastiak upategi handien 
eskuetara pasatzea" 

Prezioaren ziurgabetasunarekin batera, sektorearen etorkizuna kolokan jartzen ari den faktore erabakigarria da produkzio eta negozio eredua, eta horrekin lotura estua duen ardoa lantzeko modua. Jakina denez, hainbat ekimen martxan jarri dira eskualdean 2016az geroztik, Rioja jatorri-deitura kudeatzen duen batzordeak markatzen dituen joko arauak modu batean edo beste batean auzian jarri dituztenak. Ezagunena ABRA elkarteko hainbat upategik Arabako Mahastiak jatorri-izendapena sortzeko prozesua da.

Bide malkartsua du aurretik Arabako Errioxako 40 bat upategik sustatu duten ekimenak. Iragan martxoan, Eusko Jaurlaritzak proposamena aintzat hartu eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari igorri zion, Europara bidal dezan. Alta, Rioja sor- markak iragarri du helegitea aurkeztuko duela EAEko Auzitegi Gorenean, Eusko Jaurlaritzak jatorri-deitura propio berri hori sortzeko egindako aldeko txostenen aurka.

2016an, Riojako Batzorde Arautzaileak alegazioak aurkeztu zizkion lehenbiziko aldiz ABRAk egindako eskaera berari. Aurkako argudioetan planteatzen zuten Arabako upategien elkarteak ez zuela legitimaziorik eskaera hori egiteko, eta ez zegoela "berezitasunik edo desberdintasunik" eskatutako jatorri-deituraren eta Rioja deitura barruan dagoen Arabako Errioxa eskualdearen ezaugarrien artean. Argudio ia berdintsuak errepikatu dituzte, 2021eko apirilaren 23an, 39 orriko alegazioetan.

"Legeak eskatzen du idatzizko kontratuak ekoizpen kostuak estaltzen dituzten prezioekin" 

Halaber, Rioja deiturarekin batera, Arabako Mahastiak sor-marka sortzearen kontra alegazioak egin dituzte beste hogei bat eragilek. Gehienak Errioxako ardogileen, nekazarien, abeltzainen eta kontsumitzaileen elkarteak dira, baina baita Jumilla, Rias Baixas eta Ribera del Duero jatorri-deiturako kontseiluak ere. Dena den, azken hiru horien alegazioak hasieratik atzera bota zituzten, auzian "interes legitimorik" ez dutelako.

Ez da ardo berdina

Eusko Jaurlaritzak beste alegazio guztiei erantzun die, eta martxoan hartutako erabakia berretsi du, azterketa juridiko eta teknikoetan oinarrituta. Eusko Jaurlaritzaren txostenak ukatu egiten du berdinak direnik Rioja izendapenaren eta Arabako Mahastiak sor-markaren ardoak. "Antzekotasun batzuk egon balitezke ere, Rioja jatorrizko deiturako ardoen eta Arabako Mahastiak– Viñedos de Alava jatorrizko deiturako ardoen ezaugarri analitikoak eta ezaugarri organoleptikoak ez dira berdinak, ezta laborantza eta elaborazio praktikak ere".

Gainera, eta desberdintzeari dagokionez, EAEko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak Arabako Mahastiak sor- markaren ardoen nortasuna eskualde naturalaren "berezitasunari eta desberdintasun nabarmenei" zor zaiela azpimarratu du. "Gorabehera naturalek perfektuki zedarritzen dute eskualde hori, eta, ezaugarri klimatiko eta edafikoei nola barietateei dagokienez, beste mahasti-eskualdeetatik bereizten duen nortasun propioa du. Bere osoan, paisaia, klima eta lurzoru berezia, unitarioa, homogeneoa eta jarraitua duen mahastia da". Era berean, Arabako Errioxako lurzorua nagusiki buztin-karetsua izateak markatzen du, Eusko Jaurlaritzaren esanetan, Arabako Mahastiak jatorrizko- deituraren ardoen izaera. "Lurzoru mota horiek ez dira ia existitzen jatorrizko deituraren eremu geografikoaren hegoaldeko eta hego- ekialdeko eskualde mugakideetan, eta tarteka baino ez da aurkitzen Ebroren ondoko udalerri mugakideetan, haren lurralde-eremuaren mendebaldeko eskualdeetan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide