Itxaso Compañon Arrieta

"Zure lana baloratzen ez badute, lan egiteko gogoa kentzen zaizu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko urr. 2a, 08:00
Itxaso Compañon Arrieta da ABRAko lehendakari berria. G.M.

Lantziegoko The Mozo Wines upategiko Itxaso Compañon da ABRA elkarteko lehendakaria irailaren 13az geroztik. Arabako Errioxako upategiek aurrera egiteko ezinbestekoa ikusten du gazteei bidea erraztea eta aukerak ematea. Bestela, etorkizun iluna dagoela dio. Mahastizainen artean "desilusioa" sumatzen du.

Arabako Errioxako upategien elkarteak lehendakari berria aukeratu du. Guardiako Saul Gil Berzalek lekukoa pasatu dio Itxaso Compañon Arrieta (Lantziego, 1984) mahastizainari. "Lantziegokoa eta nekazari harroa" bezala definitzen du bere burua sare sozialetan Compañonek, eta mahastizain txikien kalitateko ardoak, gazteen erreleboa eta ingurunean errespetua sustatzeko apustuarekin eutsi dio ardura berriari. Astebete darama soilik karguan eta horregatik nahiago izan du gai delikatuenekin tentuz jokatu ALEAk egindako galderei erantzuteko orduan.

Zer asmorekin aurre egiten diozu lehendakari bezala egokitu zaizkizun ardura berriei? Proiektu berriak aurrera eramateko asmoa duzu?

Orain arte elkartearen lehendakariordea izan naiz, eta pixka bat geundenarekin aurrera jarraitzeko asmoa dut; proiektu berriak ere baditut buruan, baina oraindik ezin dut gehiegi esan; ideia batzuk baditut, baina ez dakit seguru aurrera aterako ditugun edo ez.

Lan ildo orokorrak zeintzuk izango dira?

Upategi txikiak sustatzearen alde lan egitea da asmoa, gazteei upategietan hasteko aukera bat ematen laguntzea eta animatzea upategi zaharrak ez ixteko.

Eta martxan jarri nahiko zenukeen lehen proiektu bat?

Saulekin martxan jarri genuen proiektu bat oso interesgarria, upategi txikien hondakinak jasotzeko; gai hori apur bat kontrolatu gabe dago, eta ordenean jarri nahi dugu. Hori izango da martxan jarriko dugun lehen proiektua. 

Zer behar da aipatu duzun belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko Arabako Errioxan?

Konfiantza behar da, gazteengan konfiantza.

Ez dago?

Ba ez dakit. Esan nahi dudana da konfiantza gehiago behar dela gazteengan. Oraintxe bertan dena oso zaila da beraientzat, eta ia ezinezkoa egiten zaie proiektu berri batean hastea zerotik. Hasi nahi dutenek laguntza izan dezaten nahi dut, alor guztietan, ez bakarrik lurra erosteko.

Ondo ezagutzen duzu elkartea. Hiru urtez jardun duzu lehendakariorde bezala. Ez da gauza berria.

Berria ez da, baina ardura lehen Saulena zen eta ni lasaiago nengoen, eta orain pisutsuagoa da dena.

Gogoz zaude?

Gogoa dut gauzak egiteko, gauzak lortzen saiatzeko

"Pandemia oso kolpe latza izan da zonaldearentzat, upategi txiki askok itxi dute" 

Nola bizi izan dute upategiek pandemiaren kolpea? Negozioak arriskuan jarri dira?


Oso kolpe latza izan da zonaldearentzat. Azkenean upategi txiki askok bere produkzioaren %85 edo %90 hemen bertan tabernetan saltzen zuten, hori zen haien gune nagusia, eta tabernak itxita egon direnez ez dute salmentarik izan. Esportazioan ibiltzen direnek, berriz, ez dute hainbesteko kolpea jasan ez delako merkatua erabat itxi, baina gogorra izan da guztiontzat. Hemengo upategi batzuek ere itxi egin behar izan dute ezin ziotelako egoerari aurre egin.

Mahastizainen ekonomia ez da berreskuratzen ari?

Faktore asko elkartu dira. Arazoak daude salmentarako, arazoak paperak tramitatzeko orduan, burokraziarekin, ordenagailuaren Nimbus programarekin, trazabilitatearekin... Txikiok gero eta traba gehiago ditugu, eta koronabirusak ere ondorioak ekarri ditu; adin helduko jendearenak diren upategi askok, norbait atzetik ez dutenak, upategi handi baten erosteko proposamena jasotzen badute, azkenean saldu egingo dute.

Desagertzen ari dira upategi txikiak Arabako Errioxan? Lan egiteko modu tradizionala desagertzeko arriskuan al da? 

Bai. Argi dago baietz. Eredua desagertzen ari da. Azken urteetan berrehun bat upategi itxi dira. Azkenean upategi batek berak ekoizten du mahatsa eta egiten du ardoa eta salmentaraino bide osoa egiteko aukera izan beharko luke; bestela menpeko izango da.

Mahats bilketari zer itxura hartzen diozu?

Kalitatea oso ona da, mahats gutxi dago eta mahats gutxi dagoenean kalitatea igotzen da, baina prezioa oraindik ez dute zehaztu, eta horrek gogoa kentzen du. Zonaldea batere gogorik gabe dago. Kalitateagatik ordaindu egin behar da, ez dena gaizki; mahats txarra bere prezioan ordaindu beharko da, eta mahats ona, aldiz, berean.

"Erosleekin lan egin behar da, eta ardoaren kultura zabaldu, baina ez bakarrik dastatzeak" 

Zer preziotan saltzen ari da aurten mahatsa?


Oso txarra. Pasa den urtean baino txarragoak dira, eta mahats bilketatik astebetera oraindik ez dakizkigu prezioak.
nekeza da horrela jarraitzea?
Desilusioa dago. Zure lana ez badute baloratzen... lan egiteko gogoa ere kendu egiten zaizu.

Zeinek baloratu behar du zuen lana?


Mahatsa erosten duenak desberdindu behar du. Nik ere desberdintzen dut mahatsa upategian sartzen dudanean; hortaz, mahatsak erosten dituena saiatu behar da desberdintzen kalitatea eta kalitatearen arabera ordaindu behar da.

Zer dago Arabako mahastiak izendapenaren atzean?

Kalitatea bilatzea. 

Adostasuna dago mahastizainen artean?

Kalitatea bilatzearen alde adostasun zabala dago mahastizainen artean. Azken finean, upategi batzuk egin nahi duten zerbait da, eta negozio moduan errespetatu behar zaie. Negozio bat da, enpresa bat da, eta Arabako Mahastiak izendapenean dauden upategiei errespetua zor zaie haien negozioa aurrera eramateko nahi duten moduan. 

Nola dago une honetan izendapenaren inguruko prozesua?

Guk maila administratiboan behar den guztia egin dugu, eta orain eskaerak bere bidea egin behar du. Zain gaude.

Arabako Errioxako ardoak Euskal Herrian ezagutarazteko erronkari nola eutsi behar zaio?

Erosleekin lan egin behar da, eta ardoaren kultura pixka bat gehiago zabaldu, eta ardoaren kulturaz ari naizenean ez dut esan nahi ardo-dastatze bat; non gauden, nor garen, zer egiten dugun... hori ere erakutsi behar da. Ematen du zonalde honetan dena dela berdina, eta batzutan ez dakite hemen ikastola dagoela, eskola publikoa dagoela, Ertzaintzaren komisaria dagoela... Ematen du hau ez dela Euskal Herria.

"Nahiago dut jendea elkartzea, upategiak egitea, kooperatibak, baina agian utopia bat da" 

Nola irudikatzen duzu eskualdea hemendik hamar bat urtera?


Nik uste dut gero eta biztanle gutxiago izango dituela, eta mahastiak gero eta pertsona gutxiagoren esku egongo direla... Aldiz, gustatuko litzaidakeena upategi txiki asko egotea da, proiektu txikiak, eta lurrari balioa ematea, eta ez egotea hainbeste menpekotasun mahatsa saltzeko orduan. Nahiago dut jendea elkartzea proiektu txikietan, upategiak egitea, kooperatibak antolatzea, baina, tira, agian utopia bat da.

Baina utopiak bidea egiteko balio du, ezta?


Bai.

Arabako Errioxaren etorkizunean zer paper jokatu beharko luke mahastigintza ekologikoak?

Mahastigintza ekologikoa ikusten ari da etorkizuna dela, produktuari balorea ematea da ekologikoan egotea, eta gauza askoz gehiago ekartzen ditu: zonaldea errespetatzea esan nahi du, gure paisaia eta ingurua errespetatzea. Azken finean, ekologikoak balioa ematen dio gure zonaldeari eta hemen ekoizten dugun gure produktuari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide