La Hoyako sarraskiaren tamaina erakutsi du hezurren ikerketak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko abu. 12a, 08:00

La Hoyako aztarnategia, Guardian. PHOT.OK

Lehen aldiz, Guardiako aztarnategiko 13 gorpuzkiren hezurren azterketa egin dute Euskal Herriko eta Britainia Handiko arkeologoek; berriki argitaratu duten artikuluan Burdin Aroko herrixkaren kontra beste komunitate batek egindako sarraskiaren tamaina jaso dute. 

Hezurrei hitz eginarazi diete ikertzaileek La Hoyan, Bones serieko kapitulu batean bezala, eta historia krudela kontatu dute hilotzek: ustez, milatik gora bizilagun zituen herri baten kontrako sarraskia eta suntsiketa. Gernikan, faxistek egindako triskantzarekin alderatu daiteke Burdin Aroan Guardia ondoko herrixkan jazo zen gertaera. Izan ere, udazkeneko edo udako merkatu egun batean sartu ziren armadunak La Hoyan, kaleak jendez lepo zeudenean, eta defendatu ezin izan ziren dozenaka gizon, emakume eta ume akabatu zituzten. Ondoren, herriari su eman zioten, hauts bihurtuz.

Orain arte uste izan da erasoaren ondoren La Hoyara itzuli zirela ihes egin zutenak edo Guardia ondoan dagoen Burdin Aroko beste aztarnategi bat okupatu zutela. Alta, zalantzan jarri dituzte teoria horiek azken ikerketek eta, datu berriak eskuen artean, herria guztiz abandonatu zutela ondorioztatu dute. "Zentzuzkoena da pentsatzea lekua berriz okupatzen duen edozein komunitatek gizakien eta animalien gorpuzkiak eta janariaren hondakinak kenduko zituela, balore handiko artikuluak berreskuratuko zituela eta ondo mantendutako baliabideak gordeko zituela, etorkizunean erabiltzeko". 

Herritar babesgabeen kontrako erasoa izan zela berretsi du azterketak, gizonak, emakumeak eta haurrak aurkitu zituztelako.

Ez zen hala gertatu Guardiako aztarnategian. Arkeologoen zorionerako, animalien eta pertsonen gorpuzkiak, zeramikak, bitxiak, haziak, zerealak, eraikinak eta era guztietako hondarrak lau hektareako azaleran sakabanaturik geratu ziren, errautsen azpian. "Gorpuak erori ziren lekuan utzi izanak eta inork bitxiak berreskuratzeko itzuli ez izanak, biztanle asko hil, bahitu edo ihes egin zutela erakusten du; eta ezin izan zutela itzuli edo ez zutela itzuli nahi izan".

Eraso bortitza, herritar xumeen kontra

Britainia Handiko Antiquity arkeologia aldizkari ospetsuak argitaratu duen La Hoyako azterketa osteologikoa Teresa Fernandez-Crespo Oxford Unibertsitateko eta Frantziako Zientzia Ikerketarako Guneko ikertzaileak gidatu du, Gasteizko Arkikus enpresako Javier Ordoño, Arabako Arkeologia Institutuko Armando Llanos eta Rick J. Schulting Oxford Unibertsitateko arkeologoaren laguntzarekin. 

Herritar babesgabeen kontrako erasoa izan zela berretsi du azterketak, indusketetan gizonak, emakumeak eta haurrak –batzuk oso gazteak– aurkitu zituztelako. Gutxienez, hamahiru pertsonaren hezurrak aztertu ditu arkeologoen taldeak, kaleetan eta eroritako etxebizitzen azpian aurkitutakoak: bi sexuetako bederatzi heldu, bi nerabe, hiru urte inguruko haur bat eta sei hilabeteko haur bat.

Horietatik, bost gorpuzkietan "heriotzarekin lotutako trauma handiak" erakusten dituzten zantzuak ageri dira, eta lesio asko bizkarretik eragin zizkietela atzeman da, "beharbada biktimak ihes egiten saiatu zirenean". Besteak beste, gizon bati burua moztu eta kolpe ugari eman zizkiotela berretsi dute eta beste gizon heldu bati eta emakume nerabe bati, berriz, eskuineko besoa moztu zizkietela, hil aurretik. Emakumezkoaren gorputzetik metro batzuetara, gainera, moztutako besaurrean zeramatzan kobrezko bost besoko aurkitu dira. "Besaurrearen eta gainerako hezurduraren artean, gutxi gorabehera 2,8 metroko distantzia dago; nerabea lesioa izan eta gero metro batzuk mugitu ahal izan zela esan da. Baliteke, ordea, besoa moztu zionak bota izana, edo besoa eta besokoak erasoaren ondoren mugitu izana".

Bestalde, aztertutako hezurretan ez dituzte "babes-zauriak" aurkitu edo "armen ebidentzia argirik" biktimen artean. Are gehiago, jaurtigaiak erabiliz eragindako zauririk ez dago, "borrokak aurrez-aurrekoak izan zirelako".

Sarraskiaren arrazoi "politikoa"

Erasoaren tamainaren inguruan, 85 bat biktima kalkulatu dituzte induskatuta dagoen sei metro koadroko espazioan. "Ziurrenik estimazio zuhurregia da, izan ere, zenbait pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu eta ehortzi edo errautsi zituzten eta beste batzuk animaliek jango zituzten".

Antza denez, produktu gehienak atzean utzi zituzten ihesean, eta bitxia bada ere, badirudi armada erasotzaileak ez ziola arpilatzeari eutsi. Horrek esan nahiko luke erasoaren arrazoia ez zela ekonomikoa bakarrik izan, eta eremu horretan bizi ziren komunitate ezberdinen arteko botere eta lurralde borroka ere sarraskiaren atzean egon zirela.

Erasoaren arrazoia ez zen ekonomikoa bakarrik izan, komunitate ezberdinen arteko botere borroka baizik.

La Hoya herrixkaren lehengo aztarnak oraingo aroaren aurreko 1.200. urtekoak dira, Brontze Aroaren amaierakoak, alegia. Burdin Aroan haziz joan zen herria, eta azken garaian beroiek kontrolatutako lurraldearen barruan zegoen, egungo Arabako Errioxa, Errioxa, Nafarroa, Burgos eta Soria eskualdeak okupatu zituztela uste baita. Ebro ibaiaren haran emankorrean kokatuta dago La Hoya, komunikabide nagusietatik gertu, Kantauri, Mediterraneo eta Espainiako Mesetaren artean. Kokapen pribilegiatu horrek pertsonen, objektuen eta ideien joan-etorria erraztu zuen, eta funtsezkoa izan zen haren garapenerako eta, ondorioz, gunearen hazkunde ekonomiko eta politikorako. Mila bostehunetik gora biztanle zituela kalkulatzen da, eta ondo finkatutako nekazaritza-ekonomia eta elikagaien soberakin handiak zituela, baita zeramika eta metala ekoizten zutela ere, eta luxuzko artikuluak trukatzen zituztela.

Mendien muinoetan gotortutako beste herrixka batzuen aldean, haranean kokatua egoteagatik garapen handiagoa izan zuen La Hoyak, baina arrisku handia ere hartu zuen, arerioa etxeko atarira erakarri baitzuen.

Erromatarren pare

La Hoyako sarraskia inguruko komunitate etsai bati egotzi zaio, eta hain zuzen Iberiar Penintsulan ezagutzen den "tokiko erasoa" pairatu duen Burdin Aroko aztarnategi bakarra da. Ikertzaileek adierazi dutenez, kasu hau bezalako oso gutxi daude Europako testuinguruan, nahiz eta gero eta gehiago azaltzen ari diren. 

Fernandez-Crespok erromatarren erasoen pare jarri du Guardian gertatutako hilketa; eta nabarmendu du "maila handiko indarkeria politiko antolatua" ere zabaldu zutela, erromatarren aurretik, Iberiar Penintsulan bizi ziren komunitateek. "Datuek Burdin Aroko heriotza biolentoaren eta bizitzaren argazki paregabea eskaini digute".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago