Arabako Errioxako sei ikastetxe publikoak martxan zeuden dagoeneko, ekainaren 6an Bastidan Euskal Eskola Publikoaren Jaia antolatzeko. Hala ere, azkenean, 2020ko erabakia errepikatzera behartu ditu pandemiak: 2021ean ere ez da ospatuko, baina 2022ko ekainean itzuliko da.
Duela 27 urte, lehen aldiz ospatu zen Euskal Eskola Publikoaren Jaia, eskola publikoa euskal hezkuntza sistemaren ardatza izan behar dela jai giroan aldarrikatzeko helburuarekin. Orduz geroztik urtero, ekainaren lehenengo igandean bildu dira eskola publikoaren alde egiten duten milaka familia eta hezkuntza komunitateko gainontzeko eragileak.
Tamalez, 2021an ere ezingo dute jai aldarrikatzaile hau ospatu. "Bizi dugun egoerak arduraz jokatzea eskatzen digu, eta hori ez da bateragarria milaka lagun elkartzearekin", azaldu dute ohar batean. Pandemia hasi zenetik familien eta hezkuntza komunitatearen jarrera "eredugarria" izan dela azpimarratu dute. "Horregatik, eskola publikoaren hezkuntza komunitate zabala osatzen dugunontzat hain zaila izan den ikasturte honi ez diogu emango nahiko genukeen bukaera", aitortu dute.
Hurrengo jaia 2022an
Aurtengo edizioaren leloari jarraituz, datozen hilabeteetan zehar "eskola publikoaren haziak gora egiten jarraitzea" espero dute, eta merezitako atsedenaren ostean gogoz ekingo diote datorren ikasturteari. "Proiektu berriekin bueltatuko gara eta lanari ekingo diogu, 2022ko ekainean Bastida eta Arabako Errioxatik Euskal Eskola Publikoa aldarrikatzeko asmoz. Bitartean, zaindu zaitezte eta hazitik gora!", iragarri dute.
Arabako Errioxako sei ikastetxe publikoek hartuko dute parte hurrengo Euskal Eskola Publikoaren Jaia antolatzeaz arduratuko den lantaldean: Bastida eskola, Eltziego eskola, Lantziego ikastola, Ramiro de Maeztu eskola (Oion), Victor Tapia eskola (Guardia) eta Samaniego institutua (Guardia). Argi dute kuadrillako eskola publikoek "aitortza" behar dutela: "Lan itzela egiten ari dira, eta guretzat urtero egiten dugun jaia da aitortzarik handiena", azpimarratu dute.