Mantible zubiaren etorkizunari heltzeko bildu dira Aldundia eta Logroñoko alkatea

Erredakzioa 2021ko ots. 5a, 11:45

Mantibleri buruzko bilera Kultura diputatuaren eta Logroñoko alkatearen artean. / AFA

Aste honetan, Mantible zubiari buruzko bilera egin da Kultura Saileko diputatuaren eta Logroñoko alkatearen artean. Zubiaren egoera eta etorkizuna aztertzeaz gain, erabakiak elkarrekin hartzeko koordinazio mahaia sortzeko konpromisoa hartu dute.

Mantible zubi erromatarraren egoera eta etorkizuna aztertzeko ostegun honetan egindako bilkura "emankorra" izan dela adierazi du Aldundiak. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua, Inmaculada Sanchez zuzendaria eta Jose Maria Villanueva Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuaren burua izan dira bileran. Beste aldetik, Logroñoko alkate Pablo Hermoso de Mendoza eta Ondarearen eta Erdialde Historikoaren zinegotzi Adrian Calonge izan dira.

Nahiz eta zubiaren zati bakoitzaren kudeaketa, kontserbazioa edo zaharberritzea administratiboki independentea izan, bi erakundeek multzo bakar gisa hartzen dute, termino historikoetan. "Herritarrek ere hala pentsatzen dute: Errioxakoak edo Arabako Errioxakoak izan, ondare horren memoria historikoarekiko sentiberak dira", azpimarratu du Ana del Valek.

Izan ere, baliteke zubia jatorri erromatarreko lana izatea, eta garai batean Ebro ibaiaren eskuinaldetik igarotzen zen bidea, Varea eta Miranda artekoa, Ebroren goiko ibilbideko beste ertzeko zenbait herrirekin lotzea.

Horregatik, bi erakundeek, alde bakoitzaren kontserbazio planekin aurrera jarraitzen dutela berresteaz gain, aurten aurreikusita zegoen bezala, koordinazio mahai bat eratzeko konpromisoa hartu dute. Bertan, jarduera bakoitzaren planak, epeak eta datak ez ezik, etorkizuneko planen bideragarritasuna ere aztertuko dute, "ondare multzo garrantzitsu hori ezagutzera emateko eta erabilgarritasuna emateko".

Gainera, eskumena duten beste erakunde batzuk mahaira gonbidatzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago