Mantibleko zubiaren arkuetako bat erori egin da; zehazki, mugaren Errioxako aldean dagoen arkua, alde arabarrekoa zutik mantendu baita. Logroñoko Udalak ohartarazi duenez, Ebro ibaiaren gorakadak eta beste fenomeno meteorologiko batzuek kalteak eragin dituzte egituran, besteak beste, elurteak eta izozteak direla eta.
Udal teknikariak asteleheneko lehen orduan joan dira kalteen larritasuna neurtzeko. Logroñoko Udaleko Ondare zinegotzi Adrian Calongek jakinarazi duenez, larrialdietako talde bat prest zegoen, egiturak eutsiko ez balio, berehala jarduteko.
Arabako Foru Aldundiak hondamendia saihesteko zenbait lan egin zituen 1983an, hala nola Arabako aldeko arkuaren oinarria hormigoiz indartzea, eror ez zedin.
Gainera, Logroñoko Udalak zubiaren egitura sendotzeko obrak lizitatu zituen duela gutxi, gehienez 703.460,80 euroko aurrekontuarekin. Lan horien helburua zubiaren hondarrak gehiago hondatzea —edo erortzea— saihestea zen; finean, zubiaren bizitza luzatzea, bere izaera desitxuratu gabe. Neguko baldintza meteorologikoek eta Ebro ibaiaren portaera aurreikusteko zailtasunak, lanak gauzatzea atzeratu zuten.
Ondarea
Mantibleko zubia Kultura Intereseko Ondasun gisa eta monumentu nazional gisa katalogatuta dago 1983tik. Lanak erromatar jatorrikoak izan daitezkeela uste da —II. mendekoak—, beste historialari batzuek XI. mendekoak izan daitezkeela dioten arren.
Azken ikerketen arabera, zubia harlanduzko harriarekin eraiki zen, erdi-puntuko arkuekin; 164 metroko luzera, bost metroko zabalera eta, gehienez, 30 metroko altuerarekin. Gaur egun, estribua eta lehen zein hirugarren arkuak baino ez ziren kontserbatzen, laugarren, bosgarren eta seigarren arkuen oinarriez gain.
Kontserbatutako arkuetako bakoitza udalerri batekoa da, Assa (Lantziego) eta Cortijo (Errioxa) herrien arteko mugan baitago.