'Haurrari' olio solidarioa sortu dute Lantziegon, Duchenne gaixotasuna ikertzeko

Erredakzioa 2020ko abe. 23a, 07:00

Itziar Ituño, Maitena Salinas eta Aratz, Duchenne gaixotasuna duen Kripaneko umea. / ERROIZ

Lantziegoko Erroiz olio errotak Haurrari oliba olio birjina estra solidarioaren berri eman du. Itziar Ituño eta Maitena Salinas aktoreek babestu dute egitasmoa, eta bildutakoaren %30 Duchenne gaixotasun degeneratiboaren ikerketara bideratuko da.

Erroiz olio dolareko kideek azaldu dutenez, Haurrari oliba olioa Arabako uzta berriko olioa da, eta olibaren lehen bilketa egunean, azaroan, bildutako olibekin egina dago; "olibarik onenekin", beraz. Gainera, erabilitako olibak Arroniz motakoak dira, guztiak bertakoak, Lantziego eta ingurukoak.

Goi mailako olio berezi horretatik saldutako botila bakoitzarengatik lortutako diruaren %30 Duchenne & Becker elkarteari bideratuko zaio. Izan ere, Lantziegotik hurbil dagoen Kripan herrian du ama Aratzek, Duchenne gaixotasun degeneratiboa duen 3 urteko mutiko batek. Jasotako dirua berari eta gaixotasun hori duten guztiei lagunduko dieten ikerketan zein gaixotasunaren ezagutzan erabiliko da.

Itziar Ituño eta Maitena Salinas aktoreek babestu dute egitasmoa, eta botila bakoitzak euren sinadura darama.

Erroiz Lantziego herrian (Arabako Errioxa) kokatutako olio errota da. / ERROIZ

 

Duchenneko gaixotasuna

Duchenneko muskulu-distrofia (DMD) haurtzaroan diagnostikatutako muskulu distrofiarik ohikoena da. Munduko 5.000 haurretatik bati eragiten dio, eta 20.000 kasu berri atzematen dira urtero; horien artean, Kripaneko Aratz dago. Gaixotasun horrek, besteak beste, nabarmen murrizten ditu kaltetuen bizitza urteak.

2019an, Abuelari

Ez da Lantziegoko Erroiz errota arabarrak martxan jartzen duen lehen elkartasun ekimena. Izan ere, oliba olio berriarekin batera, urtero ekoizpen solidario bat abiatzea erabaki zuten 2019an. Orduan, Abuelari izeneko litro erdiko botila atera zuten, Jon Maia bertsolariarekin elkarlanean. 15 euroan saldutako botiletatik lortutako diruaren %30 Arabako Errioxako bertso eskolara bideratzen dute.

Online salmenta

Haurrari euskal olioaren 250 ml-ko botila bakoitzak 8 euroko prezioa izango du. Bi olio solidario horiek Abuelari eta Haurrari eta Erroiz olio errotako gainerakoak www.erroiz.eus webgune berriko online dendan erosi daitezke. "Atera denetik Haurrari olioak harrera ezin hobea izan du", azaldu dute Erroiz errotako lagunek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago