Bertsolari baten familiaren historia eta familiako olibadi baten historia lotu dituzte Lantziegon, aurrenekoz. Bat-egite horren ondorioz sortu dute Abuelari izeneko litro erdiko olio-botilaren tirada mugatua: bi mila ale. Jon Maiaren amonari erreferentzia egiten dio markak eta Lantziegoko Erroiz olio-errotan ekoizten duten olio artisaua du oinarri.
Aurki jarriko dute salgai, hamabost euroan, eta aterako duten diruaren %30 Arabako Errioxako bertso-eskolara bideratuko dute. Hala erabaki du Maiak, iragan astean Lantziegora egin zuen bisitan. Bertan aukera izan zuen, Mikel Izagirreren eta Dounia El Kouissiren eskutik, Arabako Errioxan egiten den arroniz motako olioaren ezaugarriak ezagutzeko, produktua bera dastatzeko eta olibondoetatik sasoian dauden olibak jasotzeko.
Familiako olibadiak
Giro gozoan egin zuten Erroiz errotaren Olioaren I. Eguna; familia eta lagunak izan ziren, bertsolari gipuzkoarra eta Itziar De Alava Lantziegoko alkatea. Ekitaldiarekin, Arabako Errioxako olioaren balioa nabarmendu nahi dute, eta "irabazi asmorik gabeko elkarte batentzat ere dirutxo bat batzea". Urtero, Euskal Herriko pertsona ospetsu bat gonbidatzeko asmoa du Erroiz olio-errotak bere etxera.
Familiaren olibadietan olibak jasotzen dituzten bitartean, Izagirrek azaldu du tradizioz Arabako Errioxan olibondoek mahastia inguratzen zutela, eta ehunka olibondo zegoela: "Bere garaian, Lantziego zen Arabako Errioxan oliba gehien zuen herria". Gehienbat, herriko dolareagatik mantendu da laborea: "Lantziegok dolare tradizionala dauka, Udalarena, oraindik funtzionamenduan dagoena, eta horri esker mantendu da oliba. Beste faktore garrantzitsu bat da familiek beren olibadiak zaindu eta gorde dituztela; nahiz eta lurrik ez izan, badute olibadia".
Hala, Konstituzioaren zubian, ohikoa da familia guztiek bere olibak jasotzera joatea. "Errotara ekartzen dituzte eta olioa eramaten dute; oliba mantendu da, ez motore ekonomiko bezala baizik eta familian kontsumitzeko". Hala, 60. hamarkadan, Arabako Errioxako beste herrietan ehunka olibondo sustraitik atera ziren bitartean, Lantziegon, Moredan eta Oionen asko mantendu zituzten.
Bertsoak eta olibak
Oliba batzuk jaso eta gero, menditik bueltan, Arabako olibondoen historia eta bertsolariaren familiarena nola elkartu diren azaldu diote Maiak eta Izagirrek ALEAri. Izagirrek eskatu zion bertsolariari, Erroizen berri emateko. "Nik ez nuen ezagutzen bera –esan du Maiak–; eta azaldu zidan familia bat direla olioa egiten dutena, artisau olioa, produkzio txikian, eta jendeak ez dakiela hemen Araban olioa egiten denik; eta nahi zutela, prest baldin banengoen, nire bidez ezagutzera ematea". Erroiz errotako familiaren proiektua gustatu zitzaion bertsolariari. "Gustatzen zaidalako nola egiten duten lan, eta familiako identitateari eta lurrari lotuta dagoelako. Arabako Errioxa Euskal Herria da Ondarru, Zumaia edo Leitza bezainbat, eta oso interesgarria iruditzen zait gure kultur zentralismotik irten eta periferian egiten diren gauza hauek ezagutzera ematea", esan du Maiak.
Maiarengana jo zuten Erroiz errotako lagunek bertsolariak bere amonari egindako bertsoak ezagutzen zituztelako: "Nire familiak izan zituen olibondoak aipatzen ditut, Francok kendu zizkien gerra ostean, eta poema horretatik nirekin gogoratu ziren". Hartara, olioaren tirada berezi baten izena pentsatzeko eskatu ziotenean, bertsolariari Abuelari izena jartzea bururatu zitzaion: "Abuela hil zenean bere bilobek olibondo bat landatu genuen bere etxe aurrean, Zumarragan, eta orain olio bati bere izena jarri diogu. Abuelari izena euskal atzizki horrek euskaldundu egiten du, eta baita ere integrazioaren istorio bat eta identitate bat adierazten du".
Erroiz olio-errotarentzat urte onaren ginga da Maiaren parte-hartzea. Izan ere, Izagirrek aitortu duenez, oso ondo joan dira gauzak lehendabiziko urtean: "Olioa probatzen duen jendeari asko gustatu zaio desberdina delako, jendea ez dagoelako ohituta arroniz motako olioa dastatzera". Inguruko nekazariak ere aurreko urteetan baino konfiantza gehiagorekin hurbiltzen ari dira Lantziegoko errotara olibak eramatera, eta olibari gehiago jasotzen ari dira. "Oso urte positiboa izan da, eta orain proiektua sendotu nahi dugu eta merkatua zabaldu".