"Mahastizainek ere duintasuna merezi dute: prezio duinak eta bidezkoak", aldarrikatu du EH Bilduko batzarkide Eva Lopez de Arroyabek asteazken honetan. Batzar Nagusietako gehiengoak Arabako Errioxako mahatsaren prezio duinak eskatzeko onartutako mozioa lau puntuz osatuta dago.
Alde batetik, Arabako Batzar Nagusiek eskaera bat helaraziko diote Eusko Jaurlaritzari: upategiek jasotzen dituzten eraldaketarako eta merkaturatzerako laguntzen oinarri arautzaileetan, kontuan har dezala ardoak egitean erabiltzen den mahatsaren jatorria. Zehazki, ardoa egiteko erabilitako mahatsaren zer ehuneko ekoizten den Arabako Errioxan.
Eskaera horrekin batera, Aldundiak Arabako Errioxako mahastien laborantza kostuei buruzko txosten tekniko xehatua egin beharko du lau hilabeteko epean. Bestalde, Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziak zehapen-prozedurari ekin beharko dio arau-hausteak atzematen baditu.
Azkenik, onartutako mozioan, Batzar Nagusiek eskatu dute Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak aholkua, prestakuntza eta laguntza eman diezaietela mahastizainei etekin ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak hobetu ditzaten.
Itun soziala
Lopez de Arroyaberen esanetan, Arabako Errioxak "erakundeen, upategien, mahastizainen eta Kontseiluaren arteko itun sozial bat behar du: mahatsaren prezio duinak ziurtatu behar ditugu, inoiz ez kostuen azpitik".
Izan ere, ezker subiranistak salatu duenez, upategi handi batzuk kostuaren azpiko prezioak eskaintzen ari dira mahatsaren truke. "Egoera hori ez da berria, eta mahastizainak babesik gabe uzten ditu; premiazkoa da konpontzea", ohartarazi du Lopez de Arroyabek. Gainera, errealitate horrek eskualde osoari eragiten dio, 1.700 familia inguruk saltzen baitute mahatsa modu batean edo bestean.