Pandemiaren ondorioz, Lantziegon ospatzekoa zen Mahats-bilketaren XXVII. Festa 2021era atzeratu zuen Arabako Errioxak. Hala ere, asteburu honetan, hilaren 12an eta 13an, Arabako Errioxaren Eguna ospatu eta sustapen-proposamenak egingo dituzte eskualdeko udalerrietan.
Osasun arloko gomendioei jarraituz, asteburu aproposa izango da eskualdeko herriak ezagutzeko, eskualdetik paseatzeko eta Arabako Errioxako ardo batez gozatzeko. Helburu horrekin, hainbat upategik eta jatetxek Kuadrillak bultzatutako keinuarekin bat egin nahi izan dute. Bisitak eta menu bereziak proposatu dituzte, erreserbapean.
Establezimenduak zain daude Samaniegon, Mañuetan eta Guardian, "Arabako Errioxaren esentzia ardo eta gastronomiaren bidez dastatzeko".
Mahats-bilketa Sariak
Asteburuko planteamenduaz gain, ostiralean Mahats-bilketa Sariak 2020 banatuko dira Guardian, Errioxako Jatorri Deitura Babestua (JDB) duten ardoen lehiaketaren sariak. Urte konplexu honetan izango da lehiaketaren 27. edizioa, eta 237 lagin aurkeztu dira erregelamenduan jasotako bederatzi kategorietan.
Aldez aurreko dastatze baten ostean, antolakuntzako kideek upategietan bertan jaso dituzte ardo finalistak, eta, ostiraleko sari banaketan dastatze-epaimahaiaren erabakia ezagutaraziko da.