Kezka handiz jaso dute Arabako Errioxako mahastizain askok Bodegas Marques de Caceres enpresak bidali dien gutuna. Horretan, 2020ko mahats-bilketan bere mahatsak ez dituela jasoko iragarri die.
Ceniceroko (La Rioja, Espainia) upategi handi honek azaldu dituen arrazoiak dira, batetik, Covid-19aren pandemiak eraginda, sektorean dagoen egoera; eta, bestetik, Rioja sor-markako ardoek esportatzen dituzten beste herrialde batzuetako gobernuek osasun-krisiaren harira ezarritako neurriak. "Ardo-eskariaren murrizketak hurrengo kanpainarako ardoaren eta mahatsen horniduraren aurreikuspenak berrantolatzera behartu gaitu", esan dute Marques de Caceres enpresako arduradunek.
Aipatu dituzten beste arrazoi batzuk dira ardoen salmenten beherakada handia jazo dela, ostalaritzaren itxiera medio, bai Espainiako Estatuan zein gainerako herrialdeetan, eta Riojako sektorean bertan irteerarik ez duten ardoen ustekabeko soberakinak sortzea aurreikusten dutela.
Krisi historiko baten atarian
Ceniceroko upategiaren erabakiak agerian utzi du Arabako Errioxako ardoaren sektorea krisi historiko baten aurrean dagoela, ostalaritza itxi ostean, –Riojako ardoen salmenten %60a kanal horren mende dago–; eta administrazio publikoen aldetik plan zehatzik gabe.
Ildo horretan, kontuan hartzekoa da Miguel Larreina enologian eta mahasgintzan adituak Arabako Errioxaren blogean (arabakoerrioxarenbloga.eus) argitaratutako kolaborazioan jaso duen bezala, "mila milioi litro ardo baino gehiago" biltegiratuak dituztela Riojako sor-markaren upategiek; eta "2020-2022 hirurtekoan mila milioi botila baino gehiago saldu beharko dituzte".
Rioja sor-markak azken urteetan ardo kantitate gehiago ekoiztearen alde abiatutako estrategia kinka larrian ikusten du Larreinak. Gogoratu duenez, "Bordele edo Borgoina bezalako beste denominazio entzutetsu batzuek beren ekoizpen ahalmena murriztu eta nazioarteko ospea eta botilaren batez besteko prezioa handitzen zuten bitartean, Riojak kantitatean hazteko apustua egin du".
Hortaz, ardoaren salmenta murriztuko den testuinguru horretan eta krisi larri baten atarian, kalteak ahalik eta gehien arintzeko plan bat eskatu du Larreinak, "Araban egindako plan bat, Arabako Errioxako mahastizainentzat", Riojako sor-markatik eta kontseilutik kanpo. "Plan estrategiko horren gakoetako bat upategi handien eta mahastizainen arteko Itun Soziala izan behar da. 2009-2013 krisialdian gertatutakoa gerta ez dakigun, Administrazioak mahastizainek emaitzen kontuaren aurretik jarriko duten akordio sozial hori bultzatu behar du, inor bidean ez uzteko helburua ezarriz. Lehentasunezko ustiategi gutxi geratzen zaizkigu, eta mimatu egin behar ditugu".