Duela bost milurteko, Neolito Aroaren amaieran, Arabako Errioxan bi komunitate bereizita bizi izan zirela erakutsi du ikerketa batek. Mendilerroan bizi zirenek eta bailaran bizi zirenek bizimodu guztiz desberdinak zituztela ondorioztatu dute ikertzaileek, eta horregatik bi kultura desberdin zirela uste dute.Testuinguru arkeologikoa kontuan hartuta, bi komunitate horien arteko gatazkak izan zirela ere iradoki dute.
Science Advances aldizkarian aurkeztu dituzte ondorio horretara iristeko baliatutako datuak. Arabako Errioxako sei aztarnategitan ehortzita izan ziren 32 lagunen hortzen analisian oinarritu dira ikerketa egiteko.
Zehazki, hortz horietan bildutako isotopoak aztertu dituzte. Modu horretan, zientzialariek aukera izan dute Neolito Aroko lagun horiek izan zuten bizimodura hurbiltzeko. Izan ere, teknika horren bitartez posible da izandako elikaduraren berri edukitzea, eta lagun horien mugikortasuna nolakoa izan zen ondorioztatzea.
"Orain arte erabilitako teknikak hezurra besterik ez zuen aztertzen. Teknika horrekin ondorioztatu daiteke ume baten dieta zein izan zen hil aurretiko azken urteetan. Helduen kasuan, azken hamarkadan izan zuten dieta ondoriozta liteke. Baina hortzen analisiaren bitartez, aukera dago urteen araberako eta batzuetan hilabeteen araberako zehaztasuna lortzeko", azaldu du ikerketaren egile nagusi Teresa Fernandez-Crespok.
Isotopoen argitara, aurreko ikerketa batean Fernandez-Crespok ondorioztatu zuen garai horretako Arabako Errioxan bi bizimodu zeudela, mendilerroko haitzuloetan eta bailarako megalitoetan ehortzitako lagunek elikadura mota desberdinak zituztelako. Baina esku artean zituen datuetatik ezin zuen jakin alde horiek bi komunitate desberdinei zegozkien ala komunitate bakar batean norbanako bakoitzak hartzen zuen lanbideari edo bizimoduari ote zegozkion.
Oraingoan, baina, haurtzarotik hasita hortzetan islatutako elikadura ondorioztatzeko moduan egon dira ikertzaileak. "Horri esker, ikusi dugu desberdintasun horiek haurtzaroan hasten zirela. Ez da, beraz, bizitzan aurrera joan ahala gertatzen den espezializazio bat, estatus bat lortuta edo lanbide bat jasotzearen ondorioz. Aldiz, jaiotzatik guztiz desberdinak ziren komunitateak zirela ikusi dugu orain".
Zentzu honetan, oso argigarria izan da lortu duten datu bat: mendilerroan hazitako haurrei lehenago kentzen zieten titia, bailarakoei titia beranduago kentzen zieten bitartean.
Gizarte patrilokala
Ez da aurkitu duten alde bakarra, Arkikus enpresako ikertzaile Javier Ordoñok azaldutakoaren arabera. "Mugikortasun patroiak aztertuta, ikusi dugu megalitoetako gizonezkoak ez zirela asko mugitzen. Mendietakoek, aldiz, mugikortasun handiagoa zuten". Horregatik ikertzaileek uste dute haraneko gizartea patrilokala zela, eta gizonezkoek jasotzen zutela lurra oinordetzan.
Haraneko emakumeen kasuan, berriz, mugikortasun handiagoa atzeman dute, eta datu horrek gizarte patrilokalaren ideia berretsiko luke.
Hain urruneko garaiei buruzko ondorioak ateratzea zaila dela aitortuta ere, datu hauetatik hainbat interpretazio posible irudikatzen saiatu dira adituak. "Bertako megalitoak ehunka urte aurretik hasiak ziren eraikitzen, eta Neolitoaren amaieran hasten dira haitzuloetan egindako hilobiratzeak", azaldu du Ordoñok. "Uste dugu garai horretan populazio berriak etorri zirela, eta presio demografikoagatik mendietara jo behar izan zutela. Edo baliteke ere komunitate bakar batetik, presio demografikoa zela eta, bi komunitate desberdin horiek sortu izana".
Saltus eta ager moduko bat, agian? "Ez, hori gehiegi esatea litzateke", zehaztu du Ordoñok. "Seguruenera bi populazio horiek nekazaritza eta abeltzaintza baliatzen zituzten, baina inguru desberdinetan bizi zirenez, lurraren eskuragarritasuna desberdina zen".
Garai horietan gertatu zena ere irudikatzen saiatu da Fernandez-Crespo. "Kontuan izan behar dugu komunitate horiek oso gertu bizi zirela, zenbait kilometrora besterik ez; baina oso desberdinak ziren. Seguruenera ez zuten harreman askorik. Gainera, garai horien bueltan indarkeriaren aztarna ugari aurkitu dira Arabako Errioxan. Pentsatzekoa da haien arteko harremana lehian oinarritzen zela, eta ez kolaborazioan. Ezinbestean, tentsioak agertu behar ziren".
Tirabira horiek oso modu argigarrian laburbildu dituzte zientzia artikuluan: "them and us" agertokia zegoela proposatu dute ikerketan; "haiek eta gu" moduko egoera baten ebidentzia, alegia.
Arabako Errioxara ez ezik, ondorioak garaiko Europa megalitikora eramateko moduan daudela uste dute adituek. Ateratako ondorioak ez ezik, erabilitako teknika ere oso interesgarria da. Disko gogor batekin alderatu dute norbanako bakoitzaren hortzetan bildutako informazioa. Hortzak hazten diren heinean, izandako elikadura eta bizitokiaren araberako hainbat zantzu bilduta geratzen dira hortzetan, hainbat elementuren isotopoen proportzioak aldatzen direlako. Estratigrafia bat balitz bezala, horiek irakurtzeko gai dira ikertzaileak.