Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bart gaueko 00:20 aldera, emakume batek Ertzaintzari jakinarazi dio Oiongo etxebizitza batean sexu-eraso bat jasan duela. Emakumeak poliziei azaldu dienez, egun batzuk zeramatzan ezagun batekin etxebizitza partekatzen, eta igandean jakinarazi zion gizonari tresnak jasotzea eta giltzak ematea erabaki zuela, beste leku batera joateko, zehaztu du Ertzaintzak.
Une jakin batean, emakumea gela batera eraman zuen gizonak, "beisbol makila batekin mehatxu egin zion, eta zaplazteko bat ere eman zion handik ateratzen saiatu zenean", Ertzaintzak jakinarazi duenez. Jarraian, salaketaren arabera, sexu harremanak izatera behartu zuen. Biktimak etxetik alde egin ahal izan zuen, eta kaletik SOS Deiak 112 larrialdietako telefonora deitu zuen.
Emakumeak emandako informazioari esker, poliziek ustezko bortxatzailea identifikatu eta atxilotu zuten. Biktima, berriz, Gasteizko Txagorritxu ospitalera eraman zuten, auzitegiko mediku batek artatu zezan.
Oiongo Udalak kontzentrazioa deitu du
Oiongo Udalak erasoaren aurkako gaitzespen "sendoena" adierazi du, eta kontzentrazio isila deitu du astearte honetan, abenduaren 10ean, 12:00etan, udaletxearen aurrean. Horrekin batera, herritarrak animatu ditu bertan parte hartzera eta hainbat gizarte mugimenduk antolatutako beste ekitaldi batzuetan ere parte hartzera.