Genero indarkeriagatik bi gizon atxilotu dituzte asteburuan Gasteizen

Erredakzioa 2019ko abe. 9a, 13:16

Azaroaren 25eko manifestazioa Gasteizen, indarkeria sexistaren aurka. / Argazkia: Erlantz Anda

Asteburuan zehar, 37 eta 29 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Udaltzaingoak, genero-indarkeriarekin lotutako gertaeren erantzule direlakoan.

Lehenengo atxiloketa Errege-Erregina Katolikoen kalean izan zen, erasotutako emakumearen senitartekoek egindako ohartarazpenaren ondorioz. Udaltzainek aurpegia zaurituta zuen emakumea topatu zuten etxeko atarian. Gizonezkoa epailearen esku geratu da.

Bigarren erasotzailea Jesusen Zerbitzarien kaleko etxebizitza batean atxilotu zuten. Biktimak berak eskatu zuen laguntza, etxebizitzatik bertatik. Udaltzainek egiaztapenak egin ondoren atxilotu zuten 29 urteko gizonezkoa. Ondoren, epailearen esku geratu zen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago