Gure bazterrak

Mahastien itsasoa, Eltziegon

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute/PHOT.OK 2020ko abu. 9a, 11:00

'Mahastien artean' ibilbidea hamabi kilometroko txango lasaia egiteko proposamena da; hiru kilometroko paseo zirkular bat eta begiratoki ederrak biltzen ditu, besteak beste.

Eltziegotik abiatzen da Arabako Errioxako mahastien artean paseo lasai bat egiteko aukera ematen duen ibilbide zirkularra. Txangoa erraza da, oinez edo bizikletaz egiteko modukoa, eta ibilbidea luzatu nahi izanez gero, lotura anitz daude, tartean Ebroko Bide Naturala –GR99–.

Mahastien ibilbideak hiru gune lotzen ditu: San Roque ermita, San Vicente ermita eta Valdefrailes gaztelu zaharra. Iñaki Aspiazu arkitektoak diseinatu zituen bidea eta begiratokiak. Herrian bertan dago lehen begiratokia; upategien auzotik San Roque ermitara igo behar da, eta bertan ikus daitezke Toloño mendilerroaren bista ederrak. Bertatik jaitsi eta herria inguratzen duen Jean Pineau kalea zeharkatu behar da, ondoren, Marques de Riscal upategiaren atzealderaino. 

Seinaleztatuta dago Mahastien ibilbidea, beraz ez dago galtzeko arriskurik; gainera, argibide-tauletan jasotzen da informazio interesgarria; esate baterako, Arabako Errioxako ardo modernoaren aita nagusia izan zela Pineau. Mahasgintzan zein ardogintzan aurrerapen garrantzitsuak egin zituen, tartean ardoa kontserbatzeko haritzez egindako 225 litroko upelaren beharra zabaldu zuen, edo ardoa merkaturatzeko markaren erabilera eta botiletan aurkezteko ohitura, besteak beste. Mahastien barietateei buruzko argibideak ere jasotzen dira, eta eskualdeko bestelako florari buruzkoak: pinudiak, aranak, arteak, ipuruak….

San Vicente ermitaren inguruan dagoen Xabier Arizaga Parke Botanikora jotzen du bideak Gheryren eraikina atzean utzita, eta gainalde horretan ikuspegirik ederrenetakoak daude. Gero, Ebro ibaiaren ondotik herrira itzul daiteke edo txangoa luzatu. Hala, denbora eta gogoa izanez gero, aukera dago Valdefrailesko talaiara hurbiltzeko. Toki estrategikoa da hau, Cenicero, Eltziego eta Guardia ikusten baitira bertatik. eta baita Camerosko eta Demandako mendilerroak ere. Bertan, gaztelu zahar baten hondarrak aurkitu zituzten: oinplano trapezoidala duen arma-patioa, bi gela eta pasagune bat zuloarekin. 

Kuadrilla: Arabako Errioxa.

Udalerria: Eltziego.

Luzera: 12 kilometro guztira.

Bitxikeriak: II. Karlistadan San Vicente ermita zaintza-postu bezala erabili zuten.

Erlazionatuak

Eltziego: Titanioa eta ardoa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018 mai 18 Arabako Errioxa   Eltziego

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago