Ezagutu beharreko tokia da, hortaz, ardogintza eta mahasgintza maite duten guztientzat. Egun, Eltziegok 275 mahasti eta ardogintza ustiategi ditu; eta 1.400 hektarea inguru biltzen ditu; horietatik 1.038 udalerrian bertan daude eta gainerakoak muga egiten duten herrietan.
Herriko hazkunde ekonomikoarekin batera upategi eta marka berriak kokatu dira, produkzioa handitzeko inbertsio itzelak egin dira urte hauetan, eta izen handiko arkitektoek eginiko eraikinak eskualdearen ezaugarri eta turismoaren deigarri bihurtu dira. Horren lekuko nagusia da Marques de Riscal upategiarentzat Frank Gehry arkitekto kanadarrak 2006. urtean diseinatu zuen titaniozko eraikina. Ikusgarria da diseinu aldetik, eta bisita gidatuak egiten dituzte.
Arkitekto ospetsuaren lanaz gainera, artea maite duen orok ere badu zer ikusi Eltziegon, San Andres parrokia eta XVII. mendeko Plazako Andre Mariaren ermita, esate baterako. Historia handiko herria da, eta horren erakusgarri dira ongi egituratutako kaleetan ageri diren armarridun eraikin eta jauregi dotoreak.
Eltziegora irailean joatea erabakiz gero, Plazako Andre Mariaren jaiez goza dezakegu. Herriko festarik garrantzitsuenak dira eta irailaren 8an ospatzen dituzte. Giro paregabea, zalaparta eta musika izaten dira nagusi egun horretan. Gainera, mende luzez herritarrek ongi gordetako dantzak ikus ditzakegu, gaita-jotzaileen eta danbolinaren doinuez gozatzen dugun bitartean. Bost dantza egiten dituzte: kalejira, dantza, lau kale, zuhaitza eta jota.
Gaur egun gaztelania nagusi den arren, Eltziegoko euskara galtzea nonbait IX. eta XVI. mendeen artean kokatzen da. XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasieran euskara berreskuratzeko gertatutako prozesuaren ondorioz, 2011. urterako Eltziegoko populazioaren %18 elebiduna zen.
Fitxa:
Kuadrilla: Arabako Errioxa.
Udalerria: Eltziego.
Biztanleak: 1.055 (2017ko EUSTATren datuen arabera).
Bitxikeria: Nafarroako Erresumakoa izan zen 1461. urtera arte, ondoren Gaztelakoa. 1583an banatu zen Guardiatik.