Batzar korapilatsuari aurre egin beharko dio ABRAk

Erredakzioa 2019ko uzt. 22a, 11:53
ABRAK Arabako Errioxako 109 upategi biltzen ditu.PHOT.OK

Zentsura-mozioa eta egungo zuzendaritza-batzordearen kargu-uztea bozkatuko dira asteazkenean.

Asteazkenean batzar orokor korapilatsua izango dute ABRAn. Arabako Errioxako upategien elkarteko kide batzuek zentsura mozioa aurkeztu dute egungo zuzendaritza-batzordearen kontra, eta horretan parte hartzen duten guztien kargu-uztea proposatu dute, teknikoak barne. ABRAk, kideei bidalitako eta publikoa egin den gutun batean, bazkideei galdegin die egungo zuzendaritzaren alde bozkatzea eta elkartea "ez apurtzeko" eskatu du.

"Eraso honek elkartea apurtzea ekar dezake -ohartarazi dute-. Zoritxarrez, badirudi hori dela helburua. Antza, azken urteetan, norbait haserretu dugu; gure jardueragatik hain mehatxatuta sentitu da, ABRAren alde ezertxo ere egin ez duten pertsonak ere mobilizatu dituela".

ABRAk gogoratu duenez, hemendik gutxira zuzendaritza-batzordearen hainbat kargu berritu beharko dira eta, nabarmendu duenez, hori izango da unerik egokiena edozein aldaketa egiteko. "Lan egiteko gogoa duten bazkideek bere hautagaitzak aurkezteko aukera izango dute. Gainera, espero dugu hala izatea, izan ere, urtero, zailagoa da bazkideak biltzea esker txarreko lan hau egiteko".

Arabako Errioxako upategien elkarteak ABE izena hartu zuen apirilean, Euskadiko upategien elkartea, eta aldaketa horrek eragindako ika-mikaren ostean, berriro Arabako Errioxako erreferentzia berreskuratu zuen ekainean. 109 upategi dira ABRAko kide, eta horietatik 76 elkartu ziren izen aldaketa berretsi behar zuen batzar horretan. 54k babestu zuten ABRAren izena berreskuratzea; beste 19k ABEren izenaren alde egin dute; eta hiruk abstentziora jo zuten. 

Erabaki horren harira piztutako polemikan du jatorria bazkide talde batek aurkeztu duen zentsura-mozioak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide