Jaurlaritzak ez du gustuko ABRAren izen aldaketa

Erredakzioa 2019ko mai. 6a, 09:37
Arabako upategi txikiak biltzen dira ABRAn. PHOT.OK

Ines Baigorrik ukatu du izen aldaketarekin Arabako Errioxa marka baztertzen dutenik.

Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuari ez zaio gustatu ABRA elkarteak Arabako Errioxa izena utzi eta ABE Euskadiko Upategien Elkarteak izena hartzea. Argi utzi zuen ostiralean, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Sailburuaren esanetan, Arabako Errioxa marka  "ezkutatzea" ez da estrategia egokia eta "ulertezina" zaio izendapen propioari uko egitea. 

Arabako Foru Aldundiak ere kritikatu egin du elkartearen jokaera, eta gainera, aldaketarekin ABRAk urtero jasotzen duen Diputazioaren diru-laguntza arriskuan egon daitekeela iradoki du diputatu nagusiak.

"Filosofia mantenduko da"

Izen berriarekin eta proiektu berriarekin ABRAk elkartera bildu nahi ditu txakolin sor-marketako ekoizleak eta sagardogileak ere. Apirilaren 15ean hartu zuten erabakia elkartearen batzar orokorrean; horretan ABRAko bazkide diren 109 bazkidetik soilik hogeik parte hartu zuten, eta gehiengoa (%90) elkartearen izenaren aldaketaren alde agertu zen. ABE Euskadiko Upategien Elkarteko zuzendari nagusi Ines Baigorrik azken egunotan hainbat mediotan azaldu duenez, "elkartearen izena da aldatuko dugun bakarra, baina Arabako Errioxa markaren alde lan egiten jarraituko dugu orain arte bezala".

Baigorriren esanetan, beraz, elkartearen filosofia mantenduko dute: "Salduko eta sustatuko dugun marka Arabako Errioxa da, baina estrategikoki garrantzitsua iruditzen zaigu esparrua zabaltzea beste upategi mota batzuekin sinergia berriak lortu ahal izateko". Gainera, erakundeen aurrean sektorearen ordezkaritza indartu nahi dute, sektoreko beste upategi batzuekin elkartuta. "Ez dugu ezer galtzen, asmoa da gehiago egitea, indar gehiago izatea eta handitzea". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide