Tronboi hotsek elkartutako eskualdea

Anakoz Amenabar 2019ko uzt. 6a, 07:00

Guardiako musika banda, 1920ko hamarkadan. / Gasteizko Udal Artxiboa

Musika bandek Arabako Errioxan izan duten bilakaera aztertu eta horri eusteko gakoak azaleratu ditu Eduardo Moreno banda zuzendariak 'Más allá de las bandas de música de Rioja Alavesa' liburuan. Elkarbizitzaren erakusle, bandek herrigintzan izan duten garrantzia nabarmendu du.   

Egungo Arabako Errioxa zer den azaltzeko ezinbesteko elementua dira musika bandak. Hamarkadaz hamarkada, eskualdeko musikaren motorea izan dira dozenaka lagunez osatutako musika taldeak. Bandek eskualdeko soziologian ere eragina izan dute, eta horiek izan duten lekua nabarmentzen ahalegindu da Eduardo Moreno (Guardia, 1971) musikari eta irakaslea Más allá de las bandas de música de Rioja Alavesa liburuan. "Leku askotan galtzen ari dira musika bandak, eta nik ohartarazpen txiki bat eman nahi izan dut lan honekin; agerikoa da herrigintzan izan duten garrantzia, eta pena litzateke zaintzen ez direlako galtzen uztea", adierazi du Morenok. Prozesio, kontzertu eta dantzaldiak ez dira falta inguruko herrietan, baina aurrera egingo badu, guztien elkarlana beharrezkoa izango dela uste du Guardiako musika eskolako zuzendariak. "Askotan egintzat jotzen da, musika bandak beti gure inguruan egon direlako, baina tarteka kasu egin eta hauspo pixka bat eman behar zaie".

Bederatzi musika banda daude egun eskualdean, eta 140 urte atzera egin behar da lehendabiziko taldeak aurkitzeko. Herritar gehienek irakurtzen ere ez zekitenean sortu ziren musika bandak, udaleko agintarien eta herritarren ekimenez, Morenok gogoratu moduan. "Herrietan musika sustatzeko beharraz, instrumentuak erosi zituzten herritarrentzat; belaunaldi desberdinek partekatu dituzte horiek, eta, ezinbestean, herria egiten du horrek. Pentsamendu oso diferenteetako herritarrak elkartu ditu musikak". Guardian, esate baterako, 1881. urtetik ez diote musika jotzeari utzi; 36ko gerra igarota, berriz elkartu zen banda. "Bakoitzak pentsatzen zuena pentsatzen zuela, gerraren ostean berriz ere elkarbizitza posible izan zen. Hori da banden balio nagusiena: konpartitu eta elkarbizitzea". 

"Elkar ulertzeko gunea izan behar da banda, herritar guztiak batuko dituen taldea"

Zein da hainbeste urtez musika bandek jarraitu eta sendo mantentzeko giltza, ordea? Arabako Errioxa sustrai tradizionaleko eskualdea dela gogoratu du Morenok, eta horrek musika ondarea "ondo babestuta" izatea ekarri duela: "Mahastizaintza eta nekazaritzara loturiko lurraldea izateak tradizioekin lotura handia izatea dakar, arlo guztietan, eta horretan berebiziko garrantzia izan duela uste dut". Tradizio musikalaren arrastoen bila, XVII. mendera arte heldu daiteke eskualdean, orduko organo-jole eta musika kaperen berri ematen duten idatzizko dokumentuekin. "Erkidegoko organo ondare garrantzitsuenetako bat dugu Arabako Errioxan, eta ahaztuta dugu".

Emakumeak 80. hamarkadan

Nekazal giro kontserbadoreak musika bandei eusteko balio izan badu, arrazoi beragatik berandu arte ez zuten lekurik izan emakumeek udal musika bandetan. "Ziurrenik aurreiritzi ugariko gizartea zelako, kontserbadorea, ez zen emakumerik egon 1989. urtera arte", gogoratu du Morenok. Ruth Fernandez izan zen lehendabizikoa Guardiako bandan, eta ostean hasiko ziren Susana Zabala eta Itziar Ocariz Lantziegokoan, eta Izaskun Rubio eta Aintzane Prieto Bastidakoan, besteak beste; gaur egun, musikarien erdia baino gehiago dira emakumeak. "Gaur egun ez legoke bandarik emakumeengatik ez balitz; argi eta garbi".

Musikari guztiek egindako lana aitortu nahi du Eduardo Morenok liburuarekin, eta "erakutsi duten konpromisoa" nabarmendu du, ikusten ez den lana eta aitortzen ez den lana. "Bandak, abesbatzak, gaiteroak... aurkitzen badituzu herri batean, bizirik dagoen seinale. Herrian sinisten duten herritarrak daudela esan nahi du, ezer jaso gabe emateko prest dauden herritarrak dituela". Aurrerantzean ere bandak sendo mantentzeko, gazteak dira lehentasuna eta horiek erakartzeko lana egin behar dela dio. "Niri garai batean aukera ematen zidaten moduan, klarinete bat hartu eta bandan hasita, eskura jarri behar ditugu gazteentzako tresna guztiak". 

Denok elkartuko dituen taldeak izan behar dira bandak, Morenoren arabera, gazte, heldu eta ideologia guztietakoak. "Elkar ulertzeko gunea izan behar da banda, herritar guztiak batuko dituen taldea. Horrela bakarrik izango du aurrera egiteko aukera".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago