"Denboraren nozioa oso luzea izan daiteke Arabako Errioxan"

Juanma Gallego 2019ko ots. 4a, 06:00
Bordelera ere gerturatu dira antropologoak, bertan ardogintzaz duten ikuspuntua ikertzeko. EU/JO

Arabako Errioxan ibili dira Edurne Urrestarazu eta Josu Ozaita ikertzaileak, ardoak kulturan uzten duen marka aztertu nahian, eta gai horren bueltan mundu oso bat aurkitu dutela diote. Naturari eta, bereziki, eguraldiari begira bizi den gizarte bat aurkitu dute eskualdean.

Barandiaran Fundazioak emandako beka bati esker, Arabako Errioxan ardoak duen eraginari buruzko ikerketa zabala egin dute Josu Ozaita (Ibarra, 1980) eta Edurne Urrestarazu (Idiazabal, 1993) antropologoek, urte eta erdiz. Landa lanean eskuratutako emaitzak Eusko Folklore urtekariaren azken alean argitaratu dituzte.

Nola laburbilduko zenukete egin duzuen ikerketa?

Edurne Urrestarazu: Egungo Arabako Errioxako eskualdearen argazkia osatu dugu ikerketan, horretarako ardoa abiapuntu hartuta. Mahatsen zuku hartzituarekin baino, ardoak bizi ikuskera oso baten antz gehiago duela konturatu gara. Ingurune geografikoak zerikusi handia du honetan; eta hala goresten dute Arabako errioxarrek ere Toloño mendilerroa. Hegoaldean Ebro ibaia izateak baldintza klimatologiko egokiak ematen dizkie mahastiak landatu eta kalitatezko mahatsak jasotzeko. Ardoa kulturan oso errotuta dago, eta, bertako herritarrekin batera, aurreko elementu hauek guztiak elkarri eragiten dioten sarea osatzen dute.

Abiapuntua Arabako mahastiak izendapena izan zen, horrek atentzioa eman zizuen. Zergatik?

Josu Ozaita: Prentsan irakurtzen ari ginen upategi batzuek Rioja izendapena utzi egin nahi zutela. Distantzia batetik, deigarri egiten zitzaigun, Rioja historia asko duen marka delako, sinbolikoki indarra duena, eta ardoa saltzeko beharrezkoa zirudiena. Mugimenduak zeuden, eta izendapen berriaren aurka zeuden esparru batzuetatik identitate interesekin lotzen zuten afera. Sakontasun gehiago zegoela aurreikusten genuen, ez zela hain sinplea. Zerbait konplexua gertatzen ari zela iruditzen zitzaigun, eta antropologo bezala hori bizitzeko erakargarritasuna piztu zitzaigun.

Arabako mahastiak marka gai konplexutzat jo duzue. Zer etorkizun ikusten diozue?

J.O.: Errespetua ematen digu, familia asko bizi direlako honetatik, eta eskualdean eragin dezakeelako nabarmen. Aukera da, ondo eginda eta adostasuna lortuz gero. Nahiz eta batzuk soilik hasi, beharrezkoa litzateke besteen babesa, eta ez elkarren aurka jartzea. Turismo eragileek ere parte hartu beharko lukete, zuzenean eragiten dielako, eta beraientzat ere aukera delako. Arabako Errioxan 350 upategi daude. Horiek babesteko eta zaintzeko edozein bide ona izango da. Ixten den upategi bakoitzeko, Arabako Errioxak zerbait galtzen du.
 
Nola izan da landa lana? Zer metodologia erabili duzue?

E.U.: Gure etxetik ordu eta erdira dago Arabako Errioxa, baina bizimodua asko aldatzen da hain distantzia gutxian. Eskualde honetara gerturatzea beharrezkoa zela argi geneukan, eta denbora dezente igaro dugu bertan. Landa lanak oinarri sendoa eman digu: bertako denbora pausatuaren berri izan dugu, neguko isiltasunak eta udarako gau-giroak ezagutu ditugu, eta mugan bizitzearen ziurgabetasuna ezagutu dugu. Momenturik magikoenetakoa mahats bilketan izan genuen, eguzkipean astebetez makurtuta mahatsa biltzen ibili ginenean, ardoa egiteko prozesuaren parte bilakatu baikinen. Elkarrizketa formal eta informalez baliatu gara; jende irekia topatu dugu bertan, eta horrek asko erraztu digu lana. Han eta hemengo liburutegiak astindu ditugu, eta adituekin elkartu gara.

J.O.: Sekulakoa izan da astebetez mahats bilketan aritzea. Halako bizipenek barneratzen laguntzen dute, eta gauzak beste modu batera sentitzen. Bestetik, astebetez Bordele inguruan ibili ginen landa lana egiten, furgonetan, interesgarria iruditzen zitzaigulako frantziarrengana gerturatzea. Izan ere, edozein elkarrizketatan, beti azaltzen da beraiek hobeto transmititzen dutela ardoaren kultura eta balioa.

Zergatik da hain berezia ardoa?

E.U.: Erantzun bat baino gehiago eman genezake, eta hala ere, ez aurkitu zuzena. Ardoek mundu ugari gordetzen dituzte. Arabako Errioxan pasio handia aurkitu dugu, maitasuna, eta zenbaitetan amorrua eta pena. Eskualde ia osoa ardogintzan bustita dagoenean, zaila da edariaz deskonektatzea. Batek kontatzen zigun moduan, "ardoa ondo badoa Arabako Errioxa ere ondo doa, baina ardoaren gauzak gaizki badoaz, Arabako Errioxa ere gaizki doa". Diru-sarrera handiena da ardoa, eta horrek egunerokotasunean protagonista zentrala bihurtzen du. Arkitekturan, paisaian, dantzan edota bizimoduan, guztian eragiten du ardoak.

Ba al dago zerbait bereziki harritu zaituztena?

E.U.: Josu gehiagotan izandakoa zen bertan, eta ezagutza gehiago zuen ardoari buruz. Niretzat, berriz, nahiz eta eskualdean izan aurretik, mundu nahiko ezezaguna egiten zitzaidan, eta lehenengo irteeretan ia dena zen berria. Gure lehenengo kontaktuak urte luzez mahastizaintzan aritutako ardogileekin izan ziren. "Ardoa dena da niretzat" entzuten genuen beraien ahotan. Baina ikerketan, beranduago, 20 urte azpiko hiru Arabako errioxarrekin izan genuen elkarrizketa, eta beraiek ere sentimendu antzekoak izateak harritu gintuen. Sentimenez beteta hitz egiten zuten ardo, mahasti eta lurraldeari buruz. Familia ekartzen zuten mahai gainera, aurreko belaunaldiek egindako lana eta eskualdearen edertasuna.

J.O.: Hori da. Eno-kultura horren indar eta protagonismoak harritu gaitu. Berezia izan da Euskal Herrian bertan dagoen halako errealitatea ezagutzea. Egunerokoan, edozein elkarrizketa ardoa edo hari eragiten dien lan edo eguraldiari buruzkoa da. Turismoaren oinarria ardoa da. Bizipenak, istorioak… Mundua ikusteko modua bera ere, ardotik egiten dutela dirudi. Hori bai, ikusi dugu, baita ere, ardoarekin zerikusirik ez duten lagunak pixka bat periferian geratzen direla, ardoaren mundua dagoelako erdigunean.

Pertsonengan baino, beste elementuetan arreta jarri duzue. Zerk eraman zaituzte ikuspuntu horretara?

E.U.: Bada antropologian azkeneko urteetan indar handia hartzen ari den teoria bat "giro ontologikoa" deitzen dena, eta orain arte gizakiari emandako atentzioa zabaldu eta inguruneari ere arreta berarekin tratatzea eskatzen du. Ideia hori genuen buruan, batez ere, ardoarekin solasean aritu behar ginela jakinda, baina ez genuen gehiegi aurreratu nahi. Ordea, paisaia segituan azaltzen da Arabako Errioxan, eta herritarrek ere segituan egiten diote aipamen mendilerroari, foehn efektuari edota haien lurrari.

Zer ekarri dio turismoak eskualdeari?

E.U.: Frank Gehryren Marques de Riscal upategiaren eraikuntzak puntu garrantzitsua suposatu zuen eskualdearen turismoan. Horrek Arabako Errioxa Euskal Herriko mapan jartzea eragin zuen, eta turismo nazional zein internazionala erakarri. Geroztik beste upategi asko izan dira turismoari begira aldaketak egin dituztenak, museoak eta turistei zuzendutako eskaintzak sortuz. Turismoa duela hamar urte ez zen diru-iturri garrantzitsu bihurtu da, eta ardogintzan eragina izan du, esaterako, lanbide berriak sortuz.

J.O.: Izan ere, dibertsifikazioa ekar dezake turismoak, ardotik soilik menpeko ez izatea. Turismoa ez da ona edo txarra, bai konplexua. Etengabeko hausnarketa eskatzen du, zer lortu nahi den jakitea, galderak presente izatea; zeren, bestela, eskuetatik joan eta ezin kontrolatzea ekar baitezake. Aukera bikaina ere bada eno-kultura transmititzeko edota zuzenean ardoa saltzeko.

Ardoa harremanen abiapuntua dela diozue ikerketan. Zergatik?

J.O.: Ardoa txundigarria da zentzu horretan: nik orain mahasti bat jartzea erabaki dezaket, 38 urterekin. Mahasti hori hemendik 30 urtera egongo da goreneko mailan, 68 urte ditudala. Nire ilusioa oinordekoetan jartzera eraman nazake. Pentsa! Hori ez da gertatzen Ibarrako piparrarekin: maiatzean landatu eta urrian kentzen da. Bestetik, komunikazio bidea da. Deigarria egin zaigu, nekazariak izanda ere, lagun asko nola ibiltzen diren munduan zeharreko azoketan, komertzialekin bileretan, bisitariak jasotzen, sare sozialetan… Eta ardoaren eragina ere hor dago, elkarrizketa arrunt bat bide sakonetatik eraman dezake ardo botila baten konpainiak.

E.U.: Bai, ardoak joko asko ematen du. Agian horrek eraginda aurkitu ditugu hain irekiak diren Arabako errioxarrak, kalean oinez ibili eta beraien upategietako ateak ireki dizkigutenak, upategi osoa erakutsi ondoren beraien ardoa dastatzera gonbidatzeko. Istorio askoko ardogileak dira, jende desberdinarekin erlazionatutakoak, eta hori nabaria da beraiekin solasaldian hasitakoan.

Mahastizainak zeruari begira bizi direla diozue artikuluan, eguraldia dela eta...

J.O.: Hori oso deigarria egin zaigu. Hemen naturarekin beste harreman bat dute, natura beste era batera sentitzen dute. Naturak eragiten die ardoei, eta, honenbestez, beren bizitzari. Eguraldiaren edozein aldaketari begira daude, eta laino beltz batzuek ezinegona sor dezakete, uztan eragin dezaketelako. Ziurgabetasuna sortzen du horrek; gizakia bere tokian jartzen du, dena ezin duela kontrolatu gogoraraziz. Zalantza horrek sinesmen eta errituetan eragin dezake. "Esker oneko" festak daude, zortea izateko errituak… eta baita ere, ikusi dugu Elizetako mezetara jende asko gerturatzen dela, eta hau, ziurgabetasun horren ondorioa izan daiteke.

E.U.: Batzuk beraien aitaren negarrak gogoratzen zituzten harriak edo izotzak mahastietan gogor eragin zuten urteetan. 2017ko uzta, esaterako, oso zoritxarrekoa izan zuten, apirilean izandako izotzaldiarengatik. Mahats bilketan ondo jabetu ginen horretaz: eguraldiak leku gutxitan izango du hemen duen bezain besteko garrantzia.

Toloño mendilerroaren babesa Arabako Errioxari

Toloño mendilerroan izan ohi den foehn efektuak eragin berezia du eskualdean. Iparraldetik datozen haize eta lainoengandik babes pareta sortzen duela azaldu du Ozaitak. "Mendilerro hau gabe, agian ez litzateke Arabar Errioxa egongo". Bat dator Urrestarazu. "Klima berezia sortzen du Toloñok, gainerako Euskal Herritik desberdindu daitekeena, eta horrek bertako kultura ere desberdina izatea eragiten du". Batzuen ustez,  mendilerro bera da, hain zuen "eskualdea isolatuta egotearen arrazoi nagusia", aipatu du Urrestarazuk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide