Ardogintza sustatu, herria berpizteko

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2019ko urt. 21a, 09:49

Navaridasko Sodupe jauregiko lurazpiko upategia egokituko dutela azaldu du Leandro Sanchezek. PHOT.OK

'Navaridas 2025: upategiak, kultura, gizartea' proiektua abiatu dute, herriak azken hamarkadan bizi izan duen gainbehera ekonomikoa, demografikoa eta soziala gelditzeko xedez.

Ardogintza tradizionalari duen balioa ematea, sustatzea eta herriko motore ekonomikoa bihurtzea. Hori da Navaridasek bizi duen gainbehera demografikoari, ekonomikoari eta sozialari aurre egiteko gogoan duten asmoa. Ez dute untxia xisteratik atera behar, mahatsaren inguruko kultura aberatsa baitago Navaridasen eta aparteko ardoa egiten baitute bertako upategiek. Hala ere, azken hamar urteetan hainbat upategi itxi egin dituzte, eta beste batzuk marka handiei saltzen diete mahatsa. "Belaunaldi bateko kontua da upategi guztiak ixtea; eskualdeko mahastirik onenez inguratuta dagoen hustutako herri polit bat izango gara orduan".

Hala hitz egin du Leandro Sanchez Zufiaurre Qark enpresako arkeologoak. Sanchez Zufiaurre bera, PPko Navaridasko alkate Miguel Angel Fernandez, herriko mahastizainak eta bizilagunak dira hain zuzen Navaridas 2025: upategiak, kultura, gizartea proiektuaren bultzatzaileak. Ardogintza tradizionala herriko berpizkundearen eragilea bilakatu nahi duen plan horrek epe ertain batean helburu argi bat du: Navaridasko ardoen ezagutza handitzea, eta modu horretan hobetzea familiarteko upeltegi txikien etekin ekonomikoa.

Horretarako, lehenik eta behin, etxekoak konbentzitu beharko dituzte; eta lortu behar dute mahastizainek garrantzia ematea ardoa egiteko inbertitzen duten denborari, eta mahastiari buruz duten ezagutzari. "Ardo aparta dute, oso zaila da horren bikaina den ardoa lortzea, baina gehienek ez dute baloratzen, prezio irrigarrietan saltzen dute. Navaridasen egiten duten ardoa esklusiboa da, luxuzkoa, eta ezin dira bi euro ordaindu ardo honetako botila baten truke, nahiz eta urteko ardoa izan". 

Ez du hitz egiteagatik hitz egiten Sanchez arkeologoak. Izan ere, herriko egoeraren diagnostikoa egin dute 2018an, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Fundazioaren diru-laguntzei esker, eta horren barruan herriko ardoen dastaketa profesionalak egin dituzte. "Susmoa genuen kalitate handiko ardo ospetsuen mailan zeudela Nabaridaskoak; eta profesional independenteek eginiko dastatzeekin berretsi dugu apartekoak direla, denek kalifikazio bikaina lortu baitute". 

Ezagutza falta

Alta, diagnostikoak erakutsi duen bezala, Navaridasko ardoa ez da kanpoan ezagutzen, eta jendeak ez ditu estimatzen artisau-eran egindako produktu horren ezaugarriak. "Ahulezi handiak ditugu, batik bat ezagutza falta, irudia… Esate baterako, upategi bat berak ere ez du presentzia interneten edo sare sozialetan". 

Proiektuaren bultzatzaileak sinetsita daude ardoak hobeto saltzeko aukera izanez gero, ardogintzaren etorkizuna bermaturik egongo litzatekeela herrian. "Mahastizainek etekin ekonomiko handiagoa izateko itxaropena izango balute, ixten ari diren upategiak mantenduko lirateke, eta mahatsa saltzen dutenek ez lukete salduko. Izan ere lehen kasua izan dugu, itxi behar zuen upategi batek erabaki du jarraitzea; alabak upategia hartzea erabaki du, aukera bat zabaldu delako".

Gainera, alkateak azaldu duen moduan, motore ekonomiko indartsu bat izanik, populazioa finkatu, herria dinamizatu eta zerbitzu gehiago izateko aukera izango luke Navaridasek. "Upategiak desagertzen baldin badira, upategi handiek erosiko dituzte lurrak, eta herria desagertuko da. Eragile ekonomikoa behar dugu ekonomia zirkularra bultzatzeko".

Sodupe Jauregian, ardotegia

Hartara, aurten, upategiei beren produktua saltzen laguntzeko ekinbidea abiatuko dute, Navaridasko ardoak marka sortu, eta marketin eta komunikazio plan bat garatzen hasiko dira. "Helburua da nekazariei erakustea komunikazioan eta sustapenean egiten den inbertsioa errentagarria dela, prezio hobeagoan saldu dezaketela ardoa, ezagutzera ematen baldin badute". 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 178. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago