Lantziegon ospatuko dute aurten Arabako Errioxako euskaltzaleek Euskararen Eguna, asteburuan. Aurretik, Euskaraldiaren harira hainbat ekitaldi, aurkezpen eta batzar egin dituzte Kuadrillako herri guztietan.
Euskaraldian izena emateko prozesua "mantso" joan dela aitortu zuen Mikel Lopez Arabako Errioxako kuadrillako euskara teknikariak duela aste batzuk BERRIAk egindako erreportaje batean: "Jendeari kosta egiten zaio hasieran. Gure kasuan, gainera, motelago ibili gara, mahats bilketa garaia delako, eta horren eragina sumatu dugu izena emateko orduan". Arabako Errioxan, oro har, 500 lagunek baino gehiagok eman dute izena.
Oztopoak oztopo, jendetza mobilizatzea lortu dute Bastidan, Guardian, Lantziegon…, eta asteburuan Arabako Errioxako euskaldunen arteko harremanak estutzeko eta egindako lana ospatzeko egitarau luzea antolatu dute.
Hala, larunbatean, abenduaren 1ean, 20:00etan pizza-poteoa egingo dute Lantziegoko plazatik abiatuta, eta 21:00etan Kasikojolabubilla elkarteak antolatutako kontzertuak izango dira, Wood Strings taldearekin eta Sara Alonso kantariarekin.
Igandean, abenduaren 2an, 11:00etan, Euskararen Aldeko Martxa abiatuko dute Lantziegon, eta 12:00etan pregoia irakurriko dute, sariak banatuko dituzte eta hamaiketakoa egingo dute. Ordu laurden beranduago hasiko dira puzgarriak eta umeentzako tailerrak. 13:00etan, berriz, Eoinian izeneko elektrotxarangak alaituko ditu herriko kaleak. Herri bazkaria kiroldegian egingo dute, eta ondoren herri kirolak eta erromeria izango dira, Fan&Go taldearekin.
Assa Ikastolan, jaia
Lapuebla de Labarca herriko Assa ikastolan ere ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna. Astelehenean, abenduaren 3an, kalejira egingo dute ikastolako haurrek herrian zehar; bertsoa, kantuak eta pregoia ez dira faltako. 11:30ean, berriz, DJ Mattinen ikuskizuna izango dute herriko plazan, 15:00etan kortxo tailerra antolatu dute, 16:00etan hasiko da txokolatada eta gero buruhandiak agertuko dira.