Elkarbizitza eta aniztasuna gogoan, '%100 Oion' diskoa kaleratu du Mursegok

Juanma Gallego 2017ko eka. 22a, 12:15

Oiongo herritarren parte-hartzearekin grabatu du diskoa Maite Arroitajauregi Mursegok . | Bitartean Jolasean

Oiondarrek musika baliatu dute etorkinen inguruan eratzen diren zurrumurruak uxatzeko.

 

Sarri zabaltzen dira etorkinen inguruko zurrumurruak. Estereotipoetan oinarritu ohi diren uste faltsu horiei aurre egiteko bide desberdinak jorratzen ari dira Euskal Herriko hainbat herritan. Datuetan oinarritutako informazioa, kanpotik etorritakoaren kultura hobeto ulertzeko ekimenak, edota boluntarioek osatutako sareak dira bide horietako batzuk.

Oiondarrek bide berria urratu dute. Musika hizkuntza unibertsala dela esan ohi da, eta jatorrizko 20 nazionalitate baino gehiago biltzen dituen herri batean doinua izan daiteke "besteari" hobeto ulertzeko tresna bikaina. Ideia horretatik abiatuta, elkarrekin kantatzeari ekin diote.

Egoerari buelta 

Ongi ondutako ardoarekin gertatzen den moduan, horrelako ekimen batek mamitzeko denbora behar izan du. Duela bi urte erabaki zuten Bitartean Jolasean elkarteko kideek etorkinen inguruan zabaldutako pertzepzioari buelta eman behar zitzaiola.  Egitasmo parte-hartzailea martxan jartzea erabaki zuten, eta Artehazia elkartearen laguntzarekin, Komanditario Berriak taldea sortu zuten.

Idoia Zabaleta artistaren bitartekaritzarekin,  eta Mursegorekin batera (Maite Arroitajauregi), oiondar ugarik parte hartu dute egitasmoan: musulmanak, herriko abesbatzak, musika eskolako irakasleak eta ikasleak, bertsolariak, gazte asanblada, Eh Mertxe! rock taldea… guztira, ehun bat  lagun inguru batu dira proiektuan. 

Elkarlanaren emaitza entzuteko aukera dago orain, zortzi kantuz osatutako %100 Oion diskoan. Estilo desberdinak erabiltzen dira bertan, munduan eta Oionen dagoen aniztasunaren isla.

Gaiei dagokienez, herriko zurrumurruak, kexak edo bizikidetza bezalako kezkak jorratzen dira abestietan. Diskoan agertzen diren letrak eta musika osatzeko ezinbesteko laguntza izan dute ere: Aida Torres, Txap, P3z, Amorante eta Harkaitz Canorena, besteak beste. Guztiek haien ekarpena egin dute.

'Pertzepzioa', datuetan

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak udal erroldaren arabera jasotako informazioan zehazten denez, 2016ko datuei erreparatuz, Oionek 3.427 biztanle ditu. Horietatik, %44 (1.538) Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoak dira, eta %41 (1.437) Nafarroan edo Espainiako lurralde batean. Gainerako %13 (452) beste estatu batean jaiotakoak dira.

Arabako datuekin alderatuz, portzentajeak hauek dira, hurrenez hurren: %65 (EAE), %23 (Espainia, Nafarroa barne) eta %10 (atzerria).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide