Maite Arroitajauregi, Mursego: "Musika bizi behar dela transmititu nahi diet umeei"

hirinet 2014ko maiatzaren 19a

Maite Arroitajauregik, edo beste modu batez esanda Mursegok, musika sortzea maite du.

 

Orain dela gutxi bere azken diskoa ‘Hiru’ kaleratu zuen, non eibartar cumbia edo eusnobei ereserkia aurkituko dugun, besteak beste. Izan ere, eta musikari dion maitasun hau umeei ere transmititu nahian, kontzertu didaktikoak eskaintzen ditu. Datorren maiatzaren 25ean Gasteizko Umandi ikastolan izango da GEU elkartearen ‘Igandeak Jai’ programaren baitan eta ahotsa, Casio teklatua, oukalele, autoarpa edota marakak erabiliko ditu umeekin batera musika sortzeko.

 

Zertan datza maiatzaren 25ean Gasteizen eskainiko duzun haurrentzako jarduera?

Kantu sorta bat eskainiko diet nirekin kantatu eta dantzatu dezaten, kontzertu partehartzaileaktiboa izango da… Espero dut gurasoak ere animatzea. Halaxe izan ohi da.

 

Instrumentuekin ez ezik, jostailuak erabili ohi dituzu musika sortzeko. Musika egitea jolasa al da?

Jolastea, ondo pasatzeko eta entretenitzeko egin ohi den zerbait da eta nik ondo pasatzen dut musika sortzen eta egiten, berdin da musika tresnekin jostailuekin edo gorputzarekin den.

 

Zer da kontzertu didaktiko hauen bitartez umeei transmititu nahi diezuna?

Musika bizi egin behar dela, barneratu eta horretarako modurik onena modu aktibo baten jasotzea dela; abestuz, lagunduz, dantzatuz, erne entzunez…

 

Zer nolako garrantzia dauka musikak haurren garapenean eta hezkuntzan? Zer ematen die musikak?

Dena da positiboa, komunikatzeko abilezia, taldean egoten eta bizitzen erakusten die, erritmoa memoria eta kontzentrazioa lantzen, gorputz adierazpena, lengoaia barneratzen laguntzen die eta musikaren bitartez jolastu egiten dute, ondo pasatzen dute eta jakina da zein garrantzitsua den umeentzat jolasa…

 

Egun eskolan, esaterako, behar bezalako garrantzia ematen al zaio musikari?

Egia esan ez dakit nola eta zenbatero ematen zaien musika, baina susmoa daukat badagoela gehiago egitea, erakutsi eta egiten den moduan, irakasleak ere izango du zerikusirik…

 

Zuk, esaterako, txikitatik izan duzun harremana musikarekin, izan ere, biolontxeloan lizentziaduna zara, besteak beste. Nolakoa izan da harreman hau?

Ikasketak aurrera egin ahala, bere gora beherak izan ditu, kontserbatorioan musika interpretatzen irakatsi zidaten ez sortzen. Nik sortzeko gogoa neukan, zaila egin zitzaidan ikasketak bukatzea. Bestalde nire buruarekin diziplina izaten ikasi nuen eta horrek bizitzako beste arloetarako balio izan dit. Momentu txarretan irakaslea neukan ondoan, berak eman zidan karrera bukatzeko indarra, irakaslearen papera oso garrantzitsua da.

 

Ukaezina da Mursegoren estiloa berezia eta ezberdina dela. Nola definituko zenuke?

Herrikantupoppunkposthardcorebarrokoesperimentala.

 

Biolontxeloa ez ezik, beste hainbat instrumentu erabiltzen dituzu musika sortzeko. Zeintzuk?

Ukelelea, perkusio txikia, melodika, casiotonea, kalimba, txirula, urez betetako edalontzia, pianoa, makarroiez betetako botilak…

 

Hizkuntzarekin ere jolasten duzu, izan ere, Finlandiako suomierarekin ausartu zara, besteak beste…

Suomiera, errusiarra eta dialekto afrikarrak asmatu egiten ditut, kantuaren arabera aukeratzen ditut hizkuntzak esanahiari baino sonoritateari garrantzia emanaz.

 

Udazkenean zure hirugarren diskoa ‘Hiru’ kaleratu zenuen. Zer aurkituko dugu bertan?

Finlandiar tangoa, eibartar cumbia, Nietzsche bals bat dantzatzen zaldi batekin, pantera gizona, Afrikako hotsak, eusnobei ereserkia besteak beste…

 

Zergatik erabaki zenuen Mursego izatea?

Ia ia kasualitatez hasi banintzen ere, poliki poliki behar bat bilakatu zen, behar pertsonala hasieran eta entzuleekiko halako konpromiso antzeko bat gero.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago