18.000 tona mahasti aihen sortzen ditu Arabako Errioxak urtero, baina orain arte horiek erabilera eskasa izan dute. Zenbaitetan haragia erretzeko erabili dituzte. Besteetan, ongarri gisa erabili dituzte. Hala ere, orain arte gehiena alboratzen zen, bai soroetan erreta edo zuzenean zabortegira botata.
Orain abian den egitasmoa bati esker, ordea, material hori guztia erregai gisa erabiltzeko aukera egon liteke. Horren bideragarritasuna aztertzen ari da Hazi Landa, Itsasertz eta Elikagaien Sustapenaz arduratzen den euskal erakundea. Horretarako, baina, ardogintzari lotutako zenbait eragileren laguntza izango dute ere.
Egitasmoaren xedea da ikertzea orain arte galdutzat ematen den material hori etxeak berotzeko erregai bilaka ote daitekeen.
Biomasa helburu
Proiektuak Vitibiom izena du, eta lehen pausuak ematen hasia da. Eusko Jaurlaritzaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren laguntza izango dute guztia aurrera eraman ahal izateko. Guztira, 99.000 euroko aurrekontua zehaztu dute, eta, horietatik, Jaurlaritzak bosten bat ordainduko du (19.800 euro).
Borja Monje Haziko teknikariak azaldutakoaren arabera, Lautadan antzeko ekimena dago martxan, baina, kasu horretan, egurra da biomasaren jatorria. Galdara ezberdinetan egurrez egindako pellet-ak nola aritzen diren aztertzen ari dira egitasmo horretan.
Aihenen kasuan, berriz, bidea oraindik urratzeke dago, eta prozesuan izango diren elementu guztiak tentu handiaz kontuan hartu beharko dira.
Adibidez, aihenak une egokian jaso behar dira. Bilketa goizegi egiten bada, aihenak gordinegi egongo dira. Berandutuz gero, berriz, sitsak janda egon litezke.
Lehen esperientzia honetarako, Guardiako enpresa bat kontratatu dute. Sasoikako langileen laguntzaz jaso dute materiala, eta biltegi batean gorde dute. Bertan, materialak hezetasuna galdu behar du, eta bi egunez behin horren neurketa egin dute. Orain, ahien horiek eraldatzeko zain daude, eta hilabete barru lehen pellet-ak izatea espero dute.
Onura zabalak
Errentagarritasuna lortzea lehentasun bat izango dutela aitortuta ere, bestelako onurak aipatu ditu Monjek. "Ardoei balio erantsia ematen zaie horrela, kalitatezko ardoak egiten dira eta mahastiekiko lotura oso handia bermatzen da. Kudeatu gabe geratzen zen azken elementua zen aihena. Bestetik, zenbait herrialdeek karbono marka zehaztea eskatzen dute, eta, bide honetatik, CO2 isurketak gutxitzen dira".
Biomasa lortzeaz gain, beraz, jarduera hori iraunkorra eta ekologikoki onuragarria izatea lortu nahi dute. "Itxaropen asko dago egitasmoaren inguruan", aitortu du Monjek.
Etorkizunari begira, dauden alternatibak aztertu behar dituztela dio adituak: "Jarduera pribatua, publikoa, edo sektoreen arteko elkarlana izan liteke".
Adituak egun Arabako Errioxan maiz ekoizten den oliba olioa aipatu du adibidetzat. "Orain olioarekin erabiltzen den sistema izan daiteke aukera bat. Nekazariak bere olibak eramaten ditu errotara, eta, horren bueltan, dagokion olio kopurua jasotzen du". Norabide horretan, eskualdean hainbat zentro logistiko eraikitzearen aukera aipatu du adituak.
"Pellet-ak egiteko prozesua orain Urnietako (Gipuzkoa) enpresa batek egingo du, baina etorkizunean azpiegitura propioa osatu nahi dugu, hainbat parametro jakinda, posible baita prozesu osoa ezartzea". Pellet-ak egiteko, aihenak txikitzen dira, eta, horrela, zerrautsa sortzen da. Gero, hezetasun maila jakin bat duenean, pellet-etan trinkotzen dira.
Hazi erakundeaz gain, honako erakundeek parte hartuko dute egitasmoan: ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea, UAGA Arabako Nekazarien Elkartea, Arabako Errioxako Kuadrilla eta Energiaren Euskal Erakundea.