Nola bururatu zaizue aihenak erregai bihurtzen saiatzea?
Arabako Errioxako ardogileek aspalditik zeukaten aihenaren inguruan zerbait egiteko gogoa, orain arte txuletak erretzeko edo, zenbaitetan, ongarri gisa baino ez baita erabili. HAZIn biomasaren gaia jorratzen dugunez, egoera aztertzeari ekin genion; 13.000 hektarea mahasti daude Arabako Errioxan, eta hektarea bakoitzeko tona eta erdi aihen ateratzen dira urtero: 18.000 tona, hain zuzen.
Antzeko beste esperientziarik ba al dago munduan?
Batzuk badira. Guk gertutik jarraitu dugu Katalunian egin duten saiakera, kasu honetan, aihen ezpalak erabili dituzte, pellet bihurtu gabe. Hiru udal eraikin berotzen ari dira horren bidez. Baina ezpalak arazo txikiak ematen dituzte, homogeneoak ez direlako eta batzuetan trabatzen direlako. Horregatik pellet-en aldeko apustua egin dugu Araban.
Oraingoan eskuz jaso dituzue aihenak...
Bai. Ondo bereizi eta aztertu nahi ditugu mota guztietako mahastiak: zaharrak, gazteak, ardo zuria, beltza... bakoitzak zenbat bero sortzen duen ondo zehazteko, besteak beste. Horretarako, aurten eskuz jaso ditugu, baina horrek produktua garestitzen du. Hurrengo urtean ikertu nahi dugu zer nolako makinak erabili daitezkeen aihenak soroetan bertan txikitzeko. Errentagarritasuna lortzeko beharrezkoa da hau.
Orain, zertarako erabiltzen dira aihenak?
Batez ere ongarri gisa erabiltzen dira, baina ez da komenigarria lurrean urtez urte erabiltzea. Izan ere, mahatsondoetan produktu fitosanitario asko erabili ohi dira, eta mahastiek ere gaixotasun txikiren bat izan dezakete.